Merkealdi garaiari baikor begiratzen diote merkatariek

Ataria 2016ko urt. 13a, 11:28

Saltokietan jarri dituzte deskontuen berri ematen duten kartelak

Amaitu berri den Gabonetako kanpainan emaitza «politak» izan dituzte

Gabonetako kanpaina amaitu berria da merkatarientzat eta jada buru-belarri lanean dabiltza merkealdi garaiarekin. Urtarrilaren 7an ekin zieten ofizialki aurtengo merkealdiari, eta Gabonetako emaitzei jarraituz, baikor daude merkatariak.

Eskualdeko merkatariak ere Gabonetako kanpainaren emaitzarekin «oso kontentu» gelditu dira, Agus Aduriz, Tolosaldea Garatzeneko Merkataritza saileko arduradunaren arabera.

Eguraldi epel eta lehorraren ondorioz, aurreikuspenak ez ziren oso onak, baina, badirudi jendea «animatu» egin dela, «negua ere etorriko delako». Adurizen esanetan, behintzat, argi dago «jendea kalera atera dela» eta gainera, erosi egin du. Horregatik, eskualdeko merkatariek emaitza «politak» izan dituzte.

Astebetetik bi hilabetera

Azken urteetan izandako zenbait aldaketen ondorioz, merkealdi hitza urtean «bi epetan» erabili daitekeela azaldu du Adurizek: «Bata neguan, urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra bitartekoa, eta bestea, uztailaren 1etik irailaren 30a bitartekoa». Hortaz, saltokiek urtean zehar egin ditzaketen eskaintzak eta ez dira merkealdia kontsideratzen.

Adurizek azaldutakoaren arabera, saltokietan «gutxienez» aste beteko iraupena izan behar du merkealdiak, eta «gehienez» bi hilabete. Gero merkatari bakoitzak erabakitzen du noiz hasi merkealdia, esaterako, eskualdean bada «urtarrilaren 16an» hasiko duenik merkealdia. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar izaten dute, gainera, saltokiek.

Betebeharrak eta eskubideak

Bezeroen ikuspegitik merkealdiari begira prezioak eta deskontuak ondo markatzea beharrezkoa dela dio: «Merkatariak prezio zaharra eta prezio berria ondo markatu behar duela, edo bestela dendan daukan produktu guztia %X-an badauka hori markatzearekin nahikoa dela. Deskontua merkatariak aplikatuko liokeela. Edo bestela, dendako produktuak zatikatu ditzakegu, baina ondo desberdinduta produktuak».

Erosleek kontutan izan behar dugun beste kontu bat produktua garaikoa izatea da: «Merkealdian jartzen dugun produktua eskaintzan egon behar zuen produktua izan behar du. Hau da, ezin dugu pasa den garai bateko produktu bat merkealdirako atera. Halaber, ezin dira merkealdian saldu merkealdi prezioan edo likidazioan daudenak. Komertzio batek eduki ditzake merkealdi prezioan edo likidazioan dauden produktuak, eta beste zati batean merkealdikoak. Baina ondo desberdinduta egon behar dute. Hori bezeroak daukan eskubide bat da eta garrantzitsua da jakitea».

Aipatutako kontuez gain, Adurizek jakinarazi du merkealdian egonez gero gutxi gora behera «dendaren erdiak» merkealdian egon behar duela.

Horrez gain, merkatariak «epeak, baldintzak eta merkealdiko portzentaiak» ondo erakutsi beharko lituzke. Hasiera batean, merkealdian erositako produktuek «berme berak» dituzte, baina batzuetan komertzio bakoitzak erabakitzen du «zeintzuk diren bere arauak». Adurizen esanetan, merkatariak eskubidea du arau horiek ezartzeko baina «ondo agertu behar du baldintza berri hau erosketa tiketean edo denda berrian dagoen kartel batean».

Deskontuen ehunekoa ere merkatariak aukeratzen du, eta egunak aurrera joan ahala aldatzea da ohikoena: «Salmenten arabera, edo komertzio bakoitzak daukan politikaren arabera aldatzen da».

Edonola ere, kontuan izan behar dira saltokiek eta erosleek dituzten betebeharrak eta eskubideak kontuan izatea, eta hori horrela dela deskontu horiek aprobetxatzea. Adurizen esanetan, gaur egun, oraindik bada «ohitura» merkealdia aprobetxatzeko, eta «ilusio» hori bizitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!