Pertsonarengan oinarritutako eredua

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 12a, 10:02

Bidania-Goiazko zentroan izan dira bisitariak bertako langile eta erabiltzaileekin.

Bertatik bertara ezagutzeko, bisita egin dute Osakidetzako eta Asuncion klinikako ordezkariek Saiaz Mankomunitateko eguneko zentroetara, tartean Bidania-Goiazkora.

Saiaz Mankomunitateak dituen eguneko zentroetara bisita egin zuten abenduan Osakidetzako eta Asuncion klinikako zenbait ordezkarik. Bidania-Goiatzen dago eguneko zentro horietako bat, eta oro har adinekoen arretan ematen den zerbitzuaren berri jaso zuten bertatik bertara bisita egin zutenek. Aldundiaren ordezkariak ere joatekoak ziren, baina azken orduko agenda aldaketa batengatik ezin izan ziren bisitan izan.

Elena Rikondo Saiaz Mankomunitateko gizarte langileak azaldu duenez, balantze «oso positiboa» egin dute bisitaren inguruan. «Etorri diren asko planifikazioan-eta ibiltzen direnak dira, zenbakien artean,... eta jendeari aurpegiak jarri dizkiote, ikusi dute, entzun, ukitu...». Rikondok gaineratu duenez, «batek esan du, zentrora sartzerakoan leku fresko batean dagoela sentitu dela, bizitza eta alaitasuna dagoen leku batean». Proiektuari Matia fundaziotik aholkularitza ematen ari dira, eta zehazki lan horretan Amagoia Muruamendiaraz medikua aritzen da. Bera ere bisitan izan da, eta jasotako balorazioak «oso garrantzitsuak» direla esan du: «Guretzat suposatzen du guk daukagun ideia hori ere jendeak ontzat ematen duela, baduela zentzu bat, eta daukagun ikuspegi hori bide egokian doala. Horrek animatzen gaitu aurrera jarraitzera, dudarik gabe».

Rikondok gogora ekarri du ere proiektuak «inplikazio handia» eskatzen duela: «Ezin duzu funtzionatu ordutegi finko batekin, ordutegiak luzatu behar dira, orduak sartu, langileak enpoderatu behar dituzu, merezi duela gogorarazi...».

Matia fundaziotik aurretik egiten zen lan bati forma ematen saiatu direla azaldu du Muruamendiarazek: «Oinarria beti da pertsona, eta pertsona herritar bezala hartzea, eta adina aurrera joan ahala ere, berak mantendu dezala herritar izaera hori izaten». Horretarako herrian dauden zerbitzu ezberdinen koordinazioa egon behar duela dio, «erantzun bakar bat» emateko, eta herriko ekintzetan parte hartzeko.

Landa eremuan dauden zentroak dira Saiaz Mankomunitatekoak (bestea Errezilen dago), eta berezitasun hori kontuan hartzekoa dela nabarmendu dute Rikondok eta Muruamendiarazek. «Edozein pertsonari galdetzen badiozu non nahi duen bere bizitza eta bere zahartzaroa pasatu, bere herrian, bere etxean erantzuten du», azaldu du Matia fundazioko medikuak, eta gaineratu: «Hori landa eremuan are eta garrantzitsuagoa bihurtzen da».

Pertsonan oinarritutako eredua lantzen dute Saiaz Mankomunitatean. «Eredu honetan, gizarte zerbitzuek eta osasun zerbitzuek bat egin behar dugu, eta bide beretik joan behar gara, pertsona bere osotasunean hartu behar dugu", esan du Rikondok. Hain justu, Osakidetzako ordezkariak bisitara gonbidatzearen arrazoietako bat honela adierazi du Rikondok: «Askotan, kongresuetan-eta, hitz potolo asko esaten dira, baina gero aurrera eraman behar dira. Gu koordinazio hori urte askotan egiten ari gara eta nahi genuena zen beraiek benetan ikustea nola egiten den lana».

Esaterako, ospitalizazio bat dagoenean, espezialistak esan dezake pertsona hori oso pattal dagoela eta egoitza batera bidaltzeko. Horren aurrean, Rikondok eguneko zentroaren hautua defendatzen du: «Hemen beste zerbitzu batzuk ditugu. Hemen bat eginik daude lehen mailako arreta zerbitzuak, hau da, erizainak eta medikuak, eta gizarte zerbitzuak. Herritarrengandik gertuenak gaudenak gara».

Pertsona osotasunean hartuta

Osakidetzako ordezkariei gonbidatzearen beste arrazoietako bat ere izan da etxebizitza tutelatu moduan funtzionatzen duten eta eguneko zentroan dauden logelei beste funtzio bat ematearena. Rikondok azaldu duenez, «ospitalizazioen ondoren jendea oso ahul etortzen da, eta Asuncion Klinikan edo Matia Fundazioan geratu behar izaten dira. Guk proposatzen dugu hemen bertan artatzea, eta gero etxerako bidea egitea. Arnasaldi bat ematen zaie familiakoei horrela».

Bisitarekin, hain justu, bisitarien ikuspegia zabaldu nahi izan da. «Agian, Osakidetzatik askotan gaixotasuna ikusten da. Pertsona ere bai, geroz eta gehiago, baina ingurua urrutiago geratzen da. Eta landa eremuetan inguruak, familiak, beraien egunerokotasunak, berezitasun batzuk dituzte. Eta hori da helburua: profesionalak beraien etxera etorri daitezela, eta ezagutu beraien etxean nola bideratzen diren gauzak», azaldu du Muruamendiarazek, eta gaineratu: «Gero eta gehiago osasunaz hitz egiten denean, ez da osasun fisikoa bakarrik, baizik osasuna modu integralean, bizi kalitateaz. Azken finean, nola sentitzen den pertsona. Eta edozein pertsona gustura bere etxean edo bere inguruan, edo batez ere bere inguruaren antza duen lekuetan sentitzen da, hau da, etxean egongo balitz bezala zerbitzuak jasotzen dituen leku batean». Hori dela proiektuaren helburua dio: «Pertsona egon dadila ahal duen bitartean bere etxean, eta ezin duenean, etxean bezala sentiaraziko duen lekuetan».

Bide horretatik, pertsonan oinarritutako eredu horretan, ez dute ikuspegia menpekotasunean jartzen, autonomian baizik, Rikondok azaldu duenez: «Orduan aldaketa izugarria da. Bisitarako konpota bat egiten aritu dira eguneko zentrokoak. Sagarrak biltzen, zuritzen, prestatzen,... aritu ziren eta guri eskaini dizkigute... Parte hartze horrekin esaten dute hemen daudela». Eta Muruamendiarazek gaineratu du: «Pertsonarengana hurbiltzen garenean ez goaz pentsatzen zer laguntza behar duen, baizik zer egiteko gai den, eta hori ikusi ondoren, zer laguntza behar duen. Ez da hitz-joko bat: pertsona bere gaitasunetatik ikusten dugu eta gero hori kontuan hartuta, zertan behar duen laguntza. Aurreikuspen hori beti positiboa da eta beti bere ahalmenetatik da. Saiatuko gara bere ahalmenak lantzen eta horiek bideratzen, eta laguntza behar duenean, laguntzen».

Bide hori hartzea «oso zaila» dela esan du Rikondok, «baina pertsonak ikusten duenean bere gaitasunetatik tratatzen dela, guztiz aldatzen da dena». Pertsonengan oinarritutako eredu horrek autonomian pentsatzeko esaten duela adierazi du Rikondok: «Denbora guztian pentsarazten dizu pertsonak zer egin dezakeen, nahiz eta egon elbarritasun handi batekin. Eta horrek pertsonari asko aportatzen dio. Bestela pentsatzen du hau bukatu dela, eguneko zentroan dagoela egonean. Eta horri buelta emanez gero, pertsona horiek proaktiboak bihurtzen dira, zer egin dezaketen pentsatzen jartzen dira».

Modu horretara «bere bizitzaren eta bere egunerokotasunaren jabe izaten» jarraitzen dutela gaineratu du Muruamendiarazek, «laguntzaren beharra izan arren». Eguneko zentroko erabiltzaileek badutela esatekorik nabarmendu du: «Zer eta nola gustatuko litzaiokeen esaten du, eta gu horretara hurbiltzen saiatzen gara. Eta laguntza behar duten horietan, nola nahi duten guk laguntzea, bere gustuak eta desioak azalduz. Azken finean, edozein pertsonarekiko errespetu berarekin. Ez pertsona adinduak direlako eta laguntza behar dutelako, ez eta guk antolatu zer eta nola egin gauzak, baizik beraien ikuspegitik eta ahal den neurrian beraiena errespetatuz».

Horrek guztiak profesional bezala ikuspegia aldarazi egiten duela diote. «Ez gara gu erantzuna dugunak», azaldu du Muruamendiarazek, «baizik erantzuna bilatu behar dugu pertsonarekin batera. Horrek ere profesionalki aldaketa suposatzen du. Jorratu behar den bide bat da, bai profesionalki eta bai gure arreta ereduetan». Profesionalen prestakuntza bultzatu da Saiaz Mankomunitatean, ahal zen jende gehiena, Rikondok azaldu duenez: «Animatu genituen parte hartzera guztiak, gizarte zerbitzuetakoak, furgonetaren gidaria, administraria, liburuzaina, etxez etxeko langileak, eguneko zentrokoak... ».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!