Harriak mugitzera joateko, autobusetan izena emateko deia

Ataria 2016ko urtarrilaren 7a

Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioetara joateko izena emateko azken eguna

Tolosaldeko Sarek urtarrilaren 9an Mugi daitezen harriak lelopean Bilbon eta Baionan burutuko diren mobilizazioetara joateko gonbita luzatzen die herritar guztiei. Autobusez joan nahi dutenak autobuserako zerrendetan izena emateko azken egunak dituztela gogorarazi dute:

«Herritarrei deia luzatzen diegu larunbateko mobilizazioan parte hartzeko, denon artean dispertsioaren harria mugitu eta euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan daitezen». Ibarran, esaterako, Urtezahar egunean 100 pertsonatik gora bildu ziren preso eta iheslarien eskubideen defentsan. Helburua eskubide urraketak irudikatzen zituen furgoneta mugitzea izan zen. Anoetan, berriz, hilaren 3an hamaiketakoa eta Sareko materialaren salmenta egin zuten, eta Dispertsioaren Harria mugitu zuten.

Maite Aranalderengana

Askatasunaren bidean preso eta iheslariak etxera! lelopean, hilaren 16an, Vivonneko espetxera bidaia antolatu dute. Bertan dago preso Ibarrako Maite Aranalde. 04:00etan izango da irteera, kultur etxeko ataritik. Autobusean izena emateko zerrendak ohiko tabernetan daudela jakinarazi dute Ibarrako Sortutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!