Izugarrizko giroarekin amaitu da aurtengoz Shanti Txapelketa

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 6a, 16:59

Tolosaldeko neska-mutilek osatutako 69 taldek parte hartu dute txapelketan

Errege egunean urtero errepikatzen dira opari eta errege opilak. Baina, bada usadio bilakatu den beste zerbait ere: Shanti Txapelketako finala. XXXIV. urteko edizioaren finala jokatu da gaur, Usabal kiroldegian. Eta jada igarotako urte guzti horiek ez dira alferrikakoak izan, erabat finkatuta dagoen eta jende asko mugitzen duen txapelketa baita honakoa.

Benjamin nesken finalarekin 09:30ean ekin diote lehen finalari, eta azkena atzerapenarekin 12:45 inguruan izan da, alebin mutilena.

Kiroldegiko harmailak lepo bete dira. A zer nolako giroa jarri duten ikusleek. Batzuen eta besteen aldeko oihuak nabarmen entzuten dira, finaletako partidak jokatzen zituzten bitartean.

Izarren pare sentituko ziren haurrak, eta nola ez bertan zeuden guztientzat izarrak ziren. Irabazten zutenen ilusioa eta galtzen zutenen tristura nahasten ziren partidak amaitutakoan.

Baina, aurkezleak mikrofonotik esan duen moduan, txapelketa honetan: «Irabaztea ez da horren garrantzitsua. Baina, bai parte hartzea eta gaur eman diguzuen erakustaldia eskaintzea».

Eta hain zuzen ere, horregatik badute txapelketa honen bueltan modu batera edo bestera parte hartu dutenek pozik egoteko arrazoia.

Haurrek ere ilusioz eta gogotsu igaro dute gaurko goiza. Lagun berriak egiteko aukera izan dute, eta noski, baita futbolean aritzekoa ere. Arituz ikasten dela esaten dute, eta gazte guzti horiek horrela arituz gero ere ikasiko dute, ziur.

Sariak guztientzat

Txapelketa zabala da esan bezala, Shanti txapelketa. Aurten guztira Tolosalde guztitik etorritako 69 taldek parte hartu dute Gabonetako egunetan jokatzen den txapelketa honetan. Ia 700eko mugara iritsi da bertan parte hartu dutenen kopurua.

Txapelketa batean ohikoa den moduan, sailkapena eta sariak ere izan dira gaurkoan.Maila bakoitzeko lehen lau sailkatuek jaso dituzte sariak.

Lan horretan aritu dira Olatz Peon Tolosako alkateak, Jose Ignacio Asensio kirol zinegotzia, Mikel Arruabarrena Eibarko jokalari tolosarra eta Asier Izagirre mendigoizale tolosarra.

Bestalde, aipamen berezia egin nahi izan diote urtez urte txapelketa antolatzeko lanetan aritu den Angel Mari Zurutuzari ere. Aurten erretiratzen bada ere, txapelketa antolatzen jarraituko al duen galdetu dio aurkezleak eta Zurutuzak buruarekin baiezkoa eman du. Ikusleek egindako lana txalo zaparrada handi batekin eskertu diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!