Altuna III-Merino II. burumakur Eibarren

Tolosaldeko Ataria 2016ko urt. 1a, 23:19

22 eta 9 galdu dute Jokin Altuna eta David Merinok Martinez de Irujo eta Rezustaren aurka. Ez dute partidurik ikusi urte-berri arratsaldean Astelena frontoia bete-bete egin duten pilotazaleek, bere maila eman duen bikotea bakarra izan da-eta. Jaialdi berean galdu egin dute Xabier Tolosa, Mikel Olaetxea eta Julen Urruzolak ere.

Partida bukaturik, oso ondo laburtu du gertatu dena Juan Martinez de Irujok: “Hasieratik erritmo bizia jarri eta partidan sartzen ez uztera atera gara eta pentsatu bezala atera zaigu. Beraiek, gainera, ez dute egunik onena izan eta horrek asko erraztu digu lana. Ondo etorriko zaigu partida hau hain azkarra izatea, freskoago egongo gara asteazkenean Artola-Albisuren aurkakoan. Hauek sasoian daude eta denen beharra izango dugu.”

Partida oso laburra izan da, 238 pilotakada bakarrik jo dituzte eta 36 minutu eskas iraun du. Di-da batean ies egin dute Irujo eta Rezustak markagailuan eta inongo momentuan ez dituzte estutu Jokinek-eta. David Merino oso-oso pattal aritu da: ez du inongo momentuetan agindu, pilota asko utzi dio ama-ama Irujori, eta errazegi galdu du. Honela, gehienean saldua egon da amezketarra eta ez du ia aukerarik eduki, eta edukitakoan ezin bada beti asmatu. Utzi du bere marka daraman jokaldirik hala ere, bere azken tantoa, bederatzigarrena, esate baterako: Irujoren sakeari boleaz bi-hormakoarekin erantzun dio eta hark bueltan eskura utzi beste erremediorik izan ez duen pilota sotamanoz erreboterako bidean jarri du, ez da iritsi Rezustak eskua sartu diolako pilota buruzgain zihoakionean. 

Egun txarra izan dute Altuna-Merinok, graziarik gabe sartu dira partidan eta burumakur atera. Laugarren partida galtzen dutena bostetik. Aurrekoetan, nahiz eta galdu, jokoa erakutsi dute eta lana beltz egin arazi diete irabazi dietenei.Gaurkoan, ez zen beren asmoa izango baina etsipena transmititu dute. Sailkapen fasea luzea da, badituzte denbora eta partidak, baina irabazten hasi beharra daukate. 

Tanto boladak: 3-0; 11-1; 11-4; 13-4; 13-7; 15-8; 17-9; 22-9.

Jokin Altunak, 5 egin eta 4 galdu (1 erasoan) ; David Merinok, egin 1 (ies egina) eta 6 galdu.

Martinez de Irujok, 11 egin eta 2 galdu (erasoan); Rezustak 2 egin eta 1 galdu. 

Jaunarena-Tolosak (19-22) eta Olaetxea-Urruzolak ere (12-18) galdu

Lehen partidan, joandako igandekoaren errebantxa jokatu dute Jaunarena-Tolosa eta Retegi Bi-Irustak. Orduko hartan, Astelenan bertan, 22-10 irabazi bazuten ere, oraingoan, 19-22 galdu dute anoetarrak eta leitzarrak. Markagailua emozioa izan du baina nahi baino huts gehiago egin dituzte.

Hirugarrenean, Urruzola asteasuarrak eta Olaetxea lizartzarrak bikotea egin dute Mendizabal-Erostarberen aurka. Gehiago izan dira hauek atzeko zein aurreko jokoan, batik bat Mendizabal txikia, eta nahikoa eroso irabazi diete gure mutilei, 18 eta 12.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!