Eskura gogoeta prozesua amaituta, aurrera begira landuko dituen ekintza plana adostu zuen azaroan Gure Esku Dago ekimenak. Erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasun eremua lortzeko, herri dinamikak bere burua «artekari» gisa aurkeztu du eta bitartekari lana egiteko erabiliko duen lanabesa adostutako bide orria izango da.
Marraztutako bide orri horren «lehen geltokia» tokian tokiko erabakitzeko adierazpenak sustatzea izango da. Erabakitzeko adierazpen horiek 2016ko ekainaren 12an aurkeztuko dituzte. Gainera, nahiko adostasun lortzen den eremuetan —Gipuzkoako Goierrin, besteak beste—, herri galdeketak egingo dira.
Lehenagotik, herriz herri «ametsen kriseiluz jantziko ditugu», aipatu du Tolosaldeko Gure Esku Dago-k. Datorren urteko erronkak eta ametsak formulatzeko aukera egongo da, «ametsen kriseiluetan». Herritarrek taldean, edo bakarka kriseilua partekatzeko aukera izango dute, bertan, 2016rako desioak idatziz. Ondoren, zerura edo ibaira bidaliko dira, mezua lau haizetara zabalduz.
Tolosan eta Aiztondon, esate baterako, Oria ibaian barreiatuko dira kriseiluak, erabakitzeko eskubidearen alde ibaia argituz.
Kriseiluak 2,5 euroan izango dira salgai, adibidez, Tolosako hainbat saltokietan: Orbela, Denak, Ikatza 66 eta Eguzkiloren. Villabonan Oria merkatari elkarteak gabonetako kanpaina aurkezteko ekitaldian iragarri zuen bezala, elkarteko kide diren saltokietan salgai izango dira kriseiluak urtezahar eguna bitartean.
Tolosa. Dama Berdean bilduko dira 17:30ean, San Silvestre krosa amaitu ondoren. Ibaira doan aldapan bilduko dira herritarrak.
Aiztondo. 18:00etan Oria ibaiaren bi aldeetara bilduko dira Villabona eta Zizurkil artean.