Esne kontuetaz informatzean, ia beti txarrerako izan ohi da; egoera beltzaren argazkia egiteko. Beti ezkortasun eta krisi ikuspegitik hitz egin ohi den gai honetara hurbildu da TOLOSALDEAKO ATARIA, oraingoan, behi-esne kuoten legea atera denetik distantzia hartuta.
30 urtez indarrean egon den esne-kuoten muga kentzeak, ekoizleen arteko joko arauak aldatu ditu: jada, nahi adina litro atera ahalko dute ukuiluek. Baina nola eragin die erabaki honek bertako baserriei? Ander Trigos Foru Aldundiko Tolosaldeako nekazaritza bulegoko arduradunaren iritziz, sektore hau globalizazioaren barne-barnean aurkitzen da eta ukuilu handiak dituztenentzat positiboa izan daiteke, baina ez horrenbeste, behi gutxi dituztenentzat. Zentzu honetan, Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarkako esne ekoizleak aterako dira garaile. «Euskal Herrian ez dago panorama bikaina, Gipuzkoa adibidez aldapatsua delako, lur hoberenak industria edota hirigintzarako erabili direlako».
Baina Europako konpetentziaz gain, beste herrietako esnegintza sektoreko industriak izan behar dira kontuan, hala nola, Estatu Batuak. «Hona Europatik datoz arauak, eta hauek, munduko zorrotzenak dira, faktore asko izaten dituztelako kontuan: animalien ongizatea, naturarekin harremandutakoak (simaurren kudeaketa adibidez), osasungintzako arauak…», nabarmendu du Trigosek. Eta ez da erreza izaten hemengo eskumenetatik at dauden arau hauekin lan egitea. Eskuak lotuta dituzte, prezioaren gatibu, eta edozein gorabeherak zuzenki eragiten die beren egunerokotasunari eta etorkizunari. Esnegintza kapitalismoaren ikuspegitik tratatua da. Izan ere, gehienei Kaikuk jartzen dizkie prezioak, baina honek munduko merkatuaren arabera jokatzen du horretan.
Eta honenbestez, gastuak gutxitze ikuspegitik jokatu behar dute esne biltzaileek, eta prezioen gorabeherek, baserritarren ongizatean eragiten du nabarmenki. «Garraioak ekiditeko, Iparlati industria handiak interesatzen zaizkio, behi asko dituzten ukuiluak. Hala, baserri asko eta esne gutxi jaso baino, nahiago du baserri gutxi eta esne asko bildu» mahai gaineratu du Trigosek.
Baina nolako errealitatea daukagu?
Hiru multzo edo estrategia daudela esan daiteke. Batzuk, pentsuaren dependentzia, eta honenbestez, prezioekiko loturatik ihesi, modu autonomo batean behien elikagaiak lantzen hasi dira. Gaur egun, askok arto berdea lantzen dute behiak elikatzeko. Honela, behien elikadura beraiek kontrolatu eta pentsuaren dependentziatik askatzen dira neurri batean. Beste batzuk, behi kopurua handitzera egin dute apustu, eta gaizki ez dihoakiela dirudi, baina langileak kontratatu eta inbertsio handiak egin behar izan dituzte. Eta azkenik, badira ekintzailetasun izpiritu batekin, produktuaren eraldaketa beraiek burutu eta komertzio katea beraiek kontrolatzera igaro direnak, buruko min batzuk ekidin, baina berriak hartu dituztenak.
Eta nolako etorkizuna dator?
Gaur egun esnegintzan dabiltzan guztiak, familiako profesioaren jarraipenaren ondorioz ari dira. «Hemen ez da inor berririk sartzen. Fraisoron ikastaroa egin eta inor ez da behiekin hasten» adierazi du Trigosek. Zaila edo ezinezkoa baita, lurrak erosi, inbertsioak egin eta mundu honetan hutsetik hastea.
Europa eta munduko ekonomiaren itzalpean dago esnegintza, baina herritarren eguneroko erabaki txikiek ere eragina dute inguruko baserrietan: erostean, hautatzen dugun esne markan edota esnekien aukeraketan.
Hemen ere, dena ez da txuri edo beltz. Errealitate desberdinak dituzten hiru baserritarren iritziak jaso ditugu.
Elkarrizketak
Jon Garmendia - Irabi Baserria (Baliarrain)
«Supermerkatuek ere apustu egin beharko lukete bertako baserriengatik»
Xabier Zubeldia - Ondartza-bitarte baserria (Asteasu)
«Administrazioak sartu beharko luke eskua hemengoa kontsumitzeko lana eginez»
Leire Lizeaga - Larreta baserria (Orendain)
«Kontsumitzaileek dute giltza eta norberaren erabakietan eragin beharra daukagu»