Lehen asaltoa Artola-Albisurentzat

Ataria 2015ko abe. 26a, 01:29

Artola-Albisuk 22 eta 19 irabazi diete Altuna-Merinori sailkapen ligan jokatuko dituzten bi partidetako lehena. Emozio eta tentsio handiko partida ikusi dugu Eibarko Astelena bete dugun pilotazaleok. Partida hau irabazita, sailkapen ligako lehen postuan jarraitzen du alegiarrak. Hurrengo partidak erabakiorrak izango dira amezketarrarentzat.

Partidak ez zuen faborito argirik hasieran, eta hala erakutsi dute apustuzaleek ere dirua parean atera da-eta. Elastiko urdina jantzi duten Iñaki Artola eta Jona Ander Albisuri egokitu zaie lehen sakea ateratzea, eta beraientzat izan da lehen tantoa: alegiarrak egin du txokoan dejada azkar batekin.

Berdintasun handia izan du partidak lehen erdian. Araudiak markatzen duen 12. tantoaren osteko geldialdia egin behar izan dutenean 12-10 zihoazten urdinak aurretik. Tarte horretan denetik ikusi ahal izan dugu. Nabarmentzekoak alegiarrak ezker gantxoz egindako lau tanto eder, bi txokoan goxo-goxo utzita eta beste bi zabalera jota, eta amezketarrak boleaz bihormakoa jo eta egindako tanto ikusgarria, beraien laugarrena (6-4). Bi aurrelarien arteko lehia alegiarraren aldekoa zen bolada honetan; Iñakik gehiago asmatu du eta Jokini ohituak gauzkan baino pilota gehiagok ihes egin diote -lehen sakea luzeegi atera du gainera- , baina partidan sartuta jarraitu dute. Merino eta Albisu oso lan ona egiten ari ziren, eta ez zien aukera garbiegirik uzten aurrelariei; partida osoan antzera aritu dira, pilota asko luzatu dute, batik bat Albisuk, behartu direnean defentsa lan ona egin dute eta, oro har, nahikoa atzetik aritzea behartu dituzte aurrelariak. Tantoak luzatu ala, ordea, nekeak gehiago erasaten zion Merinori eta ez zuen Albisuk adina kubritzen kantxa eta pilota frontisetik hurbilago uzten zuen.

Bigarren erdia gorabeheratsuagoa izan da. Artola eta Albisuk joko bolada ona hartu dute eta sei tantoko aldea zabaldu dute (18-12); tarte honetan alegiarrak beste lau tanto egin ditu, horietatik hiru txokoan. Altunak oso aukera gutxi izan ditu bolada honetan, Albisuk agintzen zuen-eta. Urdinek hamazazpigarren tantoa egin dutenean Apezetxeak, Altuna-Merinoren botileroak, eser arazi ditu bere pilotariak baina alferrik, urdinentzat izan da hemezortzigarren tantoa ere. Partidak hautsita zirudien, urdinak nagusi zirela alegia.

Hemezortzigarren tantoaren osteko atsedenalditik indartuta eta erasora atera da amezketarra, eta hiru tanto bikain kateatu ditu: lege zaharreko horma-bikoarekin erantzunez Iñakiren ezker-gantxo bati lehena, eta ezker-gantxoarekin hurrengo biak, bata txokoan eta bestea zabalean (18-15). Gorrien hamaseigarrena ere etorri da Jokinen ezker-gantxo batera eroso iritsi arren Iñakik txapapera bota duenean. Hemezortzi eta hamasei, eta Jokin egurrean. Hurrengo tantoan, ordea, frontisetik gertu baina oso behartuta sartu da airez Jokin eta falta egin du. Gero etorri dira Iñakiren bi tanto bikain, hogeigarrena ezker airez  goxo-goxo txokoan utzita eta hogeita bigarrena zabalera jo duen ezker gantxo zitalaren bidez, tartean, hanketara etorri zaion pilota bat bote-lasterrean bizi-bizi jo eta Jokin goiko koltxoira botatzea behartu du.

Laburtuz, pilota partida bizi eta ikusgarria, tentsio eta erritmo handikoa, meritu eta taxu bikaineko tantoak eta hutsak tartekatu direna. Lau jardunaldi eta gero, Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu kontuan hartu beharreko bikotea dela erakusten ari dira eta, partidarik galdu gabe, ligaxkako sailkapeneko lidertzan jarraitzen dute. Jokin Altuna eta Merinok berriz, maila oso ona erakutsi arren, partida bakarra dute irabazita; hurrengo partidak oso garrantzitsuak izango dira hauentzat.

Pilotakadak: 542

Tanto bolada: 3-0, 5-1, 6-6; 6-8, 8-8, 9-9, 11-9, 12-10, 18-12, 18-16, 20-18, 22-19.

Iñaki Artola: eginak 10; galduak 6. Jon Ander Albisu: eginak 2; galduak 5

Jokin Altuna: eginak 6; galduak 9. David Merino: eginak 2; galduak 1

 

 Xabier Tolosak (22-10) eta Julen Urruzolak (18-15) irabazi

Xabier Tolosak 22-10 irabazi egin du jaialdiko lehen partida. Jaunarena leitzarrarekin jokatu du Retegi Bi eta Irustaren aurka. Bikote aurkaria ikusita partida gogorra eta zaila espero zen, baina ez da hala gertatu. Jaunarena oso joko onean dago eta anoetarra ere nagusitu egin da atzeko koadroetan: ondo kubritu du kantxa, pilotakada ederrak jo ditu eta huts gutxi egin.

Eta Julen Urruzola asteasuarra ere garaile atera da jaialdiko hirugarren eta azken partidan. Partida 18ra jokatu da. Mendizabal antzuolarrarekin jokatu du eta Gorka-Apraiz izan dituzte aurkari. Partidan hobeto sartu dira azken hauek, baina erditik aurrera, Julen asentatu da eta nagusi izan dira. Mendizabalek bere joko bizia egiteko aukera izan du eta 18-15 irabazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!