Giza eskubideen errespetuan oztopo diren harriak mugitzen

Ataria 2015ko abe. 24a, 19:32

Sarek preso eta iheslarien eskubideen urraketaren aurka manifestazioa jendetsua egin du Tolosan

18:30ean abiatu dira Trianguloa plazatik hamarnaka herritar Mugi daitezen harriak lelopean. Euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsa aldarrikatu dute, eta urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetako leloekin bat eginez, aldarrikapen horretan bidean aurkitzen diren harriak mugitu nahi dituzte, ahalik eta jendarte zabalerena helduz; denen artean harri horiek mugitzea errazagoa delakoan.

Leaburu plazan ere, gaur harriak mugitu dituzte, "sakabanaketarekin amaitzeko traba diren harriak". Ekimenaren ondoren, argazki bat atera dute herriko preso den eta Caceresen espetxeratua dagoen Andoni Otegi gogoan zutelarik.

Gaztelun ere burutu dute Mugi ditzagun harriak ekimena.

Amasa-Villabonan ere, 19:30ean, abiatu dute manifestazioa Hator, hator etxera lelopean. Hain zuzen ere, Villabona eta Zizurkil artean egingo dute Aiztondoko herriek elkarrekin preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa, abenduaren 31n.

Ibarran elkartasuna balkoietatik zintzilik

Herriko hainbat eragilek elkarlanean Nik ere jarriko dut ekimena jarri du martxan. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egingo dute aldarrikapen hau, eskubideak, konponbidea eta bakea eskatuz.

Kanpaina girotzeko, arlo ezberdinetan diharduten 50 ibartarrez osatutako kartela prestatu dute, eta jada herrian zehar zabaldu dute. Deialdiaren helburua, ibartar guztiek preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen duen banderola balkoietan jartzea da. Hain zuzen ere, etxez etxe banatu dituzte.

Ekimenean parte hartu duten eragileek adierazi dutenez, gizartearen aniztasunean oinarrituta, "indarrak bilduz" preso eta iheslarien egoera aldatzea "beharrezkoa" ikusten dute. Izan ere, euren esanetan  2011n, "bake justu eta iraunkor bat lortzeko bide orri bat" proposatzen duen Aieteko Adierazpenetik, egoerak "hobera" egin beharrean, "txarrera" egin duela uste dute.

Bestalde, Ibarrako Sarek dei egin du, abenduaren 31n, 19:00etan, Ibarrako sarreran burutuko duen Mugi daitezen harriak ekimenean parte hartzeko. Bertan biltzen diren herritarren artean, kamioneta edo autokarabana bat mugituko dute, eta pisu astun horri tiraka estatu espainiarraren eta frantsesaren "jarrera" irudikatuko dute.

Ekimen horrekin adierazi nahi dute, harriak banaka mugitzea zaila dela, baina "guztien artean" bultzaka hari sendoagoa lortuko dutela eta errazagoa izango dela harria mugi araztea.

Eta azkenik, jakinarazi du urtarrilaren 9an, Bilbon egingo den manifestazio  nazionalera joateko autobusetan izena emateko zerrendak, ohiko lekuetan jarriko dituztela. Hortaz, herritar guztiak bertan izen ematera animatu nahi dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!