«Jendeak epai dezala zein estilotako musika jotzen dugun»

Iosu Iturrioz 2015ko abe. 23a, 11:45

Sortu berri den talde baten esperientziari, bizipenei eta aurrera begirakoei buruz hitz egin du BiHozkada musika taldeak. Orain bost hilabete sortu zen, eta bere bidea egiten ari da, «pixkanaka» baina «gustura».

Egiten duten musika definitzeko eskatu ohi zaie musika taldeei; bereziki jaio berri diren horiei. BiHozkada entzuleek definitu dezaten nahiago dute, ordea, Iñaki Lizasok —billabonatarra, ahotsa eta gitarra—, Tomas Lizardik —alkizarra, gitarra—, Nahikari Callejak —anoetarra, baxua— eta Oihan Agirretxek —lasartearra, bateria—. «Ezustean» sortu zuten laukotea. Orain berau «sendotzen eta indartzen» ari dira.

BiHozkada. Nondik dator izena?
Iñaki Lizaso: Hasieran beste izen bat pentsatua genuen: HKB. Kasualitate hutsez, egun batean entsegura gindoazela Tomasek auto bat aurreratu zuen eta haren matrikula HKB zela ohartu ginen. Taldearentzat izen interesgarria izan zitekeela iruditzen zitzaigun, euskaraz eginiko hitz jokoagatik —Atsekabe—. Atsekabe eta Atzekabe izeneko bi talde jada existitzen dira, ordea. Hitz jokoaren hariarekin jarraituz, egungo izena bururatu zitzaigun; morbosoa eta sentibera, aldi berean [barre algarak].

Orain gutxi sortu duzue taldea. Noiz, zehazki?
Tomas Lizardi: Iñaki eta biok eman genuen lehen pausoa. Orain arte gitarra maisua izan naiz ni eta 2013an Iñakik gitarra jotzen hasi nahi zuela esan zidan. Klase ordu batzuk finkatu eta lanean hasi ginen. Akorde pare bat ikasi orduko, «hi grupoa in behar diu», esan zidan. Nire erantzuna: «Bai bai ingoiu —erdi txantxetan—, gitarra jotzen ikasi behar dek eta prozesu luzea dek». Hurrengo asterako berak sortutako kantu batekin etorri zen klasera. Egun hartan hasi zen guztia. Kantu bat nahikoa ez zenez, pixkanaka kantu gehiago konposatzeari ekin genion.
I.L.: Pasa den urteko irailean Tomasek Nahikariri —baxua— proposamena egin zion; aurrez beste musika talde batean elkarrekin arituak ziren; baita, bateria jotzaile batekin ere; baina, hainbat arrazoi tarteko, azkenean ezin izan zuen taldean jarraitu. Hortaz, lagun batekin harremanetan jarri eta Oihanekin —bateria— kontaktatu genuen. Urtebete inguru kantuak sortzen eta gure musika hobetzen igaro dugu. Pasa den ekainean eskaini genuen BiHozkada taldearen lehen kontzertua, Usurbilgo Bitegi aretoan.

Ia bost hilabete pasa dira ordutik. Zer moduzkoak izan dira hilabete horiek?
I.L.: Lehenengo kontzertuari 'entsegu irekia' deitu genion guk. Ez genuen gehiegi zabaldu nahi izan, gehienbat familiako kideak eta inguruko jendea inguratzea nahi baikenuen. Taldekide guztiak oso urduri geunden. Niretzat lehen aldia zen oholtza gainera igotzen nintzena, gainerakoentzat ez; hala ere, denon aurpegietan urduritasuna bistakoa zen. Azken finean, aretoa gertuko jendez betea zegoen, zutikako kontzertu informal bat beharrean, guztiak eserlekuetan eserita zeuden, entzuleek gure kantuekiko ezjakintasuna zuten, kritika positibo edo negatiboen jakin-minez ginen… Lehen kontzertuaren atzetik etorri ziren gainerakoak.

Euskal Herrian abeslari gutxi egongo dira aldi berean pilotari direnak, zu bezala, Iñaki.
I.L.: Pampi Laduche da aurrekaria, bai pilotan eta bai kantuan ibilitakoa. Lagun bizkaitar bat ere badut, Mikel Gonzalez, egungo Euskal Herriko trinketista punta-puntakoa eta garai batean Nabari musika taldean aritutakoa; azkenean taldea pilotagatik utzi behar izan zuen. Inoiz lesiorik ez izan eta duela gutxi, behatza hautsi nuen. Beharbada abisu bat izan da. Nik taldekideei hainbatetan aipatu diet, proiektu honek aurrera jarraitu eta bide onetik badoa, nik jada pilota partida asko jokatuak ditudala; taldeko «aitona» ere banaiz, eta, auskalo…

Gutxienez hiru pilotarik bide berbera jarraitu duzue, hortaz. Zuk zeuk betidanik izan al duzu musikarekiko pasioa?
I.L.: Anaiak gitarra jotzen du. Berari esan izan ohi nion gitarra jotzen erakutsi behar zidala. Berak pilotarien atzapar lodi hauekin gitarra jotzea ezinezkoa zela esaten zidan. Egia esan, etxean hiruzpalau gitarra izan eta ez nuen inoiz bat bera ere ukitu. Abestu bai, anaiarekin abesten nuen baina ez gitarra jo. Arrazoi hau bitarteko eta haur-hezkuntzako irakaslea naizenez eta umeei pintto-pintto kantua kasetean jartzea baino nik neuk jotzeak xarma gehiago duenez, Tomasengana jo eta gitarra jotzen hasi nintzen.

Zergatik ez zaizue gustatzen zuen musika definitzea?
Oihan Agirretxe: Jendeak epai dezala zein estilotako musika jotzen dugun. Hala ere, denetik jotzen dugu: rocka, punk-rocka... Hasiera batean popa jotzen genuela onartzea kosta egiten zitzaigun; nolabaiteko konplexua sentitzen genuen.
T.L.: Behin, lagun batek, Power Pop —Peiremans taldearen musika estiloa— estiloko musika jotzen genuela esan zigun, eta guk uste dugu arrazoia duela. Azken batean, musika estilo ezberdinak entzun ditugu taldekide guztiok eta aniztasun hori gure kantuetan antzeman egiten da.
Nahikari Calleja: Adibidez, Oihanek punkaren bertsioak soilik jotzen dituen talde batean ere jotzen du, Tomas berbena talde batean aritu izan da, Tomasek eta biok ere rocka, jazza eta bluesa konbinatzen genituen talde batean jotzen genuen… Hortaz, bakoitzak bere ekarpena egiten dio taldeari eta horretatik guztitik lortzen dugu gure emaitza.

Emaitza horretaz zer iritzi du jendeak?
O.A.: Orokorrean oso kritika onak jaso ditugu. Jendeak gure musika gustuko duela entzuteak poz handia ematen digu, feedback positiboek aurrera jarraitzeko indarra ematen baitigute. Ilusio handia eskaini diogu proiektu honi. Jendearen harrera onik gabe zaila da aurrera jarraitzea. Bestalde, entzun erraza den musika jotzen dugula uste dugu eta horrek jendearen gustukoa izatea errazten du.

Orain arteko erronka bete duzue: jendearen erantzuna ona izatea. Aurrera begirako asmoak zein dira?
I.L.: Hilean behin kontzertu bat eskaintzeko aukera izatea da gure helburu nagusia. Azaroan ez dugu aukerarik izan baina datozen hilabeteetan izango ditugu, seguru. Hori espero dugu behintzat. Kontzertuak hitzartzen hasiak gara jada eta itxura ona dute datozen hilabeteek.

Diskorik ateratzeko asmorik baduzue?
T.L.: Oso talde gaztea dela iruditzen zaigu. Sendotasun eta konfiantza bila goaz orain. Abestiak elaboratzen ere lana badugu. Diskoaren edo maketaren ideia oraindik ez ditugu planteatu ere egin. Ez da ahaztu behar diskoa kaleratzeko baliabide ekonomikoak ere behar direla eta oraindik talde hasiberria gara. Iritsiko da garaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!