Urtea korrika ez amaitzeko zazpi aldiz pentsatu beharko da

Asier Imaz 2015ko abe. 23a, 11:42

Urtea geldirik amaitzea ez da erraza izango. Tolosaldean zazpi lasterketa egongo dira ondorengo egunetan. Lehena, Asteasun, hilaren 27an. Ondoren, beste seiak, urteko azken egunean.

Asteasun, igandean, El Salvadorreko Segundo Montes Komunitatearen alde ariko dira korrika, udalak bultzatuta. Lasterketa amaieran hamaiketakoa eta zozketak egingo dituzte.


Lasterketa beteranoena Zunbeltz eta Urkamendik elkarlanean antolatzen dutena da, Zizurkil eta Villabona uztartuz. 32. edizioa aurrekoak bezain arrakastatsua izatea espero dute. Lasterketa bakoitzeko azkarrenak saritzeaz gain, parte hartzaile guztien artean 10 afari zozketatuko dituzte.


Alegian San Silvestre Krosaren seigarren edizioa egingo dute aurten. Berezitasuna saritzen dute alegiarrek, eta aurten ere mozorro onenarekin ateratzen den korrikalariak sari berezia izango du. Horrez gain, partaide guztien artean opariak zozketatuko dituzte. Hori nahikoa ez bada, guztientzat merienda jarriko dute. Lasterketa Alegiako Udalaren laguntzarekin ateratzen dute aurrera.


Lizartzan arratsaldez izango da krosa, eta Otsabi Kirol Elkarteak antolatuko du. Berastegin, aldiz, Urepele Elkartea aritu da laneketa horretan. Hamabigarren edizioa atondu dute aurtengorako, eta ohiko sariekin batera, opari berezi bat izango du helduen lasterketan lehen itzulia azkarren egiten duen korrikalariak: urdaiazpiko bat. Hori bai, krosa bukatu beharko du horretarako.


Ziurrenik jende gehien elkartuko den krosa Tolosakoa izango da. Samaniego-Orixe KE-k antolatuta, aurten 18. edizioa ospatuko dute. Alegian bezala, mozorro hoberena daraman lasterkariak opari berezia izango du Tolosan.


Horrez gain, elkartasun krosa izango da hurrengo ostegunean Zerkausian abiatuko dena. Izan ere, bertan biltzen duten diru guztia, Kolonbiako Guabas ibaiaren inguruan bizi den komunitateko Biblio-mula proiektuaren jarraipena egiteko erabiliko da.

LASTERKETAK
ALEGIA
VI. San Silvestre Krosa.
• Abenduak 31, osteguna.
• 16:00etan.
• Kategoriak: Aurre benjaminak; benjaminak; alebinak; infantilak; kadeteak eta 16 urtetik gorakoak.
• Izen ematea, kultur etxean gaur 3 euroren truke. Egunean bertan, 14:30etik 15:30era, 5 eurotan. 16 urtetik gorakoek bakarrik ordaindu behar dute.

ASTEASU
I. Kros Herrikoi Solidarioa.
• Abenduak 27, igandea.
• 11:30ean, 2006 eta ondorengo urteetan jaiotakoak (500 m).
• 11:40ean, 2002tik 2005era jaiotakoak, biak barne, (2 km).
• 12:00etan, kadete, jubenil eta seniorrak (6 km).
• Izen ematea, egunean bertan, 11:30ak arte. Haurrek euro bat ordaindu beharko dute, eta helduek 5 euro.

BERASTEGI
XII. Urte Zahar Krosa
• Abenduak 31, osteguna.
• 18:00etan.
• 2003tik aurrera jaiotakoek ibilbideari itzuli bat, hau da, 1,25 km. 2002tik behera jaiotakoek lau itzuli: 5 km.
• Izen ematea, abenduaren 30era bitarte, edo egunean bertan. Gazteenek aurrez 4 euro, egunean 6 euro. Helduenek aurrez 5 euro, egunean 7 euro.

IBARRA
IV. Ibarrako Urte Zahar krosa.
• Abenduak 31, osteguna.
• Haurren lasterketa 16:00etan hasiko da, eta helduena 16:30ean.  
• Helduek 5.400 metro egin beharko dituzte. LH 1-2koek, 280 metro. LH 3-4koek, 600 metro. LH 5-6koek, 1.240 metro, eta DBH 1-2koek, 1.820 metro.
• Abenduaren 30ean, 18:00etatik 20:00etara plazan, Sendi Ekintzaren lokalean, eta egunean bertan, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:00etara.

LIZARTZA
San Silvestre Krosa.
• Abenduak 31, osteguna.
• 17:00etan.

TOLOSA
XVIII. San Silvestre Elkartasun Krosa.
• Abenduak 31, osteguna.
• Irteera puntua: Zerkausia.
• 15:30ean, benjaminak (700 m); alebinak (1.400 m) eta infantilak (1.400 m).
• 16:45ean, helduak (5.050 m).
• Izen ematea, abenduaren 30era bitarte Shanti Kirolak eta Usabal kiroldegian. Egunean bertan Zerkausian. Helduek aurrez 8 euro, egunean 12. Haurrak dohainik.

VILLABONA-ZIZURKIL
XXXII. Urte Zaharreko Lasterketa.
• Abenduak 31, osteguna.
• 16:00etan, 9 urte bitartekoen lasterketa. Ibilbide txikiari bi itzuli.
• 16:10ean, alebinak. Lau itzuli ibilbide txikiari.
• 16:28an, infantilak eta kadeteak. Ibilbide nagusiari itzuli bakarra lehenek, eta bi bigarrenek.
• 16:30ean, jubenilak, helduak eta beteranoak. 2,15 km-ko ibilbide nagusiari hiru itzuli.
• Izen ematea, dohainik; Urkamendi Elkartean eta www.herrikrossa.com webgunean. Egunean bertan 11:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!