Gustuko dut espazio berean adin, sexu, ideia, ideologia, gizarte estatus desberdineko jendea espazio bera eta zaletasun bera partekatzen sentitzea; aldamenean daukadanarekin diferentziak izanagatik momentu hori berarekin batera bizi eta gozatzea. Bai! Gustukoa dut, aldarrikapen handietatik urrun, elkargune xume hau eraikitzeko etengabeko ahaleginean ari direnen artean egotea, eta eragile sentitzea. Bizitu dudalako diot: espazio hauek behar ditugu eta hauek eraiki nahiak mugiarazten du Bertsozale Elkartea, bertsolaritzatik, euskaratik eta euskaraz. Hau ere bertsolariek ere sarri esana eta bere egina hau antolatzen orduak eta orduak pasatzen dituztenek, borondatez askok eta askok.
Gogoan dudanez gero, baina, festak zapore garratzarekin amaitzeko arriskua izaten du. Bertsolariak beren lanak amaituta, leher eginak, hustuta eta epaia entzun osteko erlaxatze trantzean, sarien, eskertzen eta agurren txanda dator. Bertsolariei beren ahalegina eskertzeko une hunkigarria, emozioz betea eta gozagarria behar lukeena, sarreran utzi beharko genukeen eguneroko zatiketa, desadostasuna, salaketa eta auskalo zer gehiago eszenifikatzeko unea bilakatzen zaigu, gu bezalaxe finala bizitzera etorri diren batzuk hala erabaki dutelako: Txapelketaren antolaketan lankide izan dugu erakunde bateko ordezkari bat igo orduko: txistu!! Giro narrastua, zaputzaldiak, antolatzaileon inpotentzia eta bertsolarien, barka nazatela, tonto-aurpegia. Geure buruari harrika ari gara etengabe.
Bat nator zer berrikusi eta berrikasi dugula diotenekin. Euskararen herriaren eta euskalgintzaren etorkizunak politika eraginkorrak behar beharrezkoak dituela diotenekin, nahitaezkoa duela partekatzen ditugun helburuak garatzeko zoru komuna eraikitzea eta estrategiak adostea diotenekin. Beharrezkoa zait, zer edo zertan bat gatozela sentitzea. Aspertua nago, urtez urte, eraikitzen saiatzen garen espazio apurrak zapuztea beste asmorik gabe dabiltzan horiekin, ez nazatela barka, alegia, bere burua besterik ikusten ez duten txistu-joleekin eta, dauden botere tokitik, lau xoxagatik, berak egiteko gauza ez direna Bertsozale Elkarteak egin dezan amenazuka ari direnekin. Lehen ezin nuen esan eta orain ez dakit, baina esana geratzen da. Asperduratik.