A20 Hauteskundeak

Eszenatoki anitza, erronka interesgarria

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Bildarratz 2015eko abenduaren 21a

Inoiz ezagutu ez den moduko egoera berria geratu da Estatuan Gorte Nagusietarako hauteskunde hauen ostean. Lehen aldiz, lau alderdi nagusi izango dira Kongresuan eta elkarrekin konpondu beharra izango dute gobernu egonkor bat lortzeko, lortu dituzten eserlekuek ez dietelako ematen gehiengo nahikoa alderdi bakar bati ere ez; ezta bloke bakar bati ere.

Euskadin, Estatuko komunikabideek alderdi politikoei emandako tratu desorekatuak eragina izan du emaitzetan, aurreikusten zen bezala, abertzaleen kalterako. Agian, Podemosek izan duen sarrera indartsua ez zuen inork aurreikusten, Erkidegoan, Tolosan gertatu boto gehien lortuz. EAJk ondo eutsi dio, bost diputatutik seira igoz, baina EH Bilduk seitik lau galdu ditu (gehi Nafarroan zutena). Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da hauteskunde bakoitzak klabe desberdinak dituela, eta orokorretan Estatukoek boto asko metatu ohi dute beti: bai presidentea aukeratzeko hauteskundeak bezala hartu ohi direlako, bai telebisten aniztasun gabeko lanagatik. Irakurketak, beraz, ez dira nahastu behar.

Kongresuan, beraz, zatiketa antzematen da, bi bloke argitan banatuta geratzen delako: PP eta Ciudadanos, alde batetik, eta PSOE eta Podemos, bestetik. Ez da ahaztu behar, gainera, Senatuaren egoera; han Alderdi Popularrak gehiengo nagusia mantenduko duelako. Egoera nahasia ikusten datu askok, baina hori baino, aniztasuna eta parte hartzea lantzeko aukera moduan ikusi beharko litzateke. Euskadin ohituta gaude egoera horretara, eta Estatuan ere gauzak lasaituko dira.

Deigarria izan da, baita ere, identitate propioa duten lurraldeetan Podemosek izan duen harrera ona. Euskadin bezala, Katalunian ere Iglesiasek zuzentzen duen alderdiak irabazi du, beste motibo batzuen artean, erabakitze eskubidearen alde erakutsi duen jarreraz baliatuta, nahiz eta bere parametroak Espainia barruan jartzen dituen. Kontuan hartzeko modukoa da, jakina, batez ere kontuan hartuz orain arte oso bestelako jarrera erakutsi duten PPk eta PSOEk gehien sufritu duten lurraldeak izan direla.

Interesgarriak izango dira aurretik ditugun hilabeteak. Eszenario berria zabaldu da eta aktore berriek erantzun egokia eman beharko diote inoiz ezagutu ez den moduko egoera zail baina aukeraz betetako honi. Politika egiteko beste modu bati ekin beharko diote denek hemendik sei hilabetera beste hauteskunde batzuetara deitu beharra izan nahi ez badute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!