Lan mundua euskaraz: Tolosaldean ez bada, non? Orain ez bada, noiz?

Ataria 2015ko abe. 18a, 13:25

Hitz hauekin eman zion hasiera Kike Amonarrizek gure eskualdeko euskara ezagutza eta erabilpen zenbaki, portzentaje eta bestelako datu festan sartu aurretik: Tolosaldean ez bada lortzen euskara hizkuntza hegemonikoa izatea, non lortuko da, eta noiz?

Arrakastatsua izan zen Galtzaundi Euskara Elkarteak dinamizatu eta koordinatuta ostiralean Leiberri zentroko auditorioan egin zen aurkezpen ekitaldia. Tolosaldeako Lan-munduko Euskara Mahaia osatzen dutenek – Tolosaldeako Lanbide Institutua, Inmakulada Lanbide Ikastetxea eta Fraisoro Nekazal Ikastetxea; Tolosaldea Garatzen; ELA eta LAB sindikatuak; Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa eta Ibarrako euskara zerbitzuak; Euskararen Kontseilua, Bai Euskarari Ziurtagiria Elkartea, Banaiz Bagara, EMUN, EHE, UEMA eta Galtzaundi daude ordezkatuak mahai honetan- argi dute Tolosaldeak badituela baldintza eta ezaugarriak euskara lan-munduko hizkuntza hegemonikoa bihurtzerantz jauzia emateko. Hemen ez bada non?

Ideia honetan sakontzeko abian dagoen Tolosaldeako Lan Mundua Euskalduntzeko dinamika ekimena aurkezteko antolatu du aipatu Euskara Mahaiak ekitaldi hau, eta bertara bildu ginen Tolosaldeako langile, ikastetxe, enpresa, udal hautetsi eta komunikabideetako ordezkaritza nahikoa zabala, proposamena ezagutu eta ekimenari heltzeko indarrak hartzera.

Tolosaldeako datu soziolinguistiko oinarrizkoak eta hainbat ikasle, langile, enpresari eta sindikatuetako ordezkarien testigantzak biltzen dituen Galtzaundik eta Tolosaldeako Atariaren artean ekoiztutako bideo labur batek eman zioen hasiera ekitaldiari. Gero, adituen iritziak eta esperientzia batzuk ezagutzeko aukera izan genuen; denek bat egin zuten ideia honetan: lan-munduan dabiltzan pertsonen inplikazioa nahitaezkoa da euskara hizkuntza hegemonikoa izan dadin gurean. Kike Amonarriz soziolinguistak, besterik beste, esan zuen, Tolosaldean leku gutxitan bezalako baldintzak ditugula euskara hegemonikoa izan dadin, baina horretarako, D ereduan beren ikasketak egiten dituen %93,2 horri lan-munduan euskaraz murgiltzeko aukerak eman behar zaizkiola.

Joseba Barandiaran ekonomialariak merkatuan jatorrizko nortasunari bizkar ez ematea gain balioa dela azaldu zuen, alegia, merkatua ez dela fidatzen bere herriko hizkuntza kontuan hartzen ez duen enpresaz. Ideia honetan sakondu zuten beren esperientzia bidez Jaime Bengoa (Copreci-Fagor, Arrasate e.a.) eta Irati Perez de Goldarazena (Oreka IT, Gasteiz); esparru zabalean egiten dute lan bi enpresek, eta biek erabaki dute euskara enpresaren izaera eta jokamoldeetan ardatzean kokatzea; bitartekoak jartzea eta adituen laguntza eskatu die horrek, baina batik bat, nahi izatea eta ahalegina egitea -"nahigura" Jaimeren hitzetan- norabide horretan; beraiek argi dute: euskarak balio erantsia ematen dio merkatuan bere eskaintzari, beren nortasunaren adierazle argiena delako, eta hau motibagarria da lan-talde osoarentzat, ikasteko, hobetzeko zein erabiltzeko. ELA eta LAB sindikatuko ordezkariek ere gaur beren jardun ildoetan toki berezia duela euskararen berreskurapenak azaldu ziguten, euskal langileei aitortu beharreko eskubide garrantzitsuetakoa dela eta ahaztu ezin duten eskakizuna.

Ekitaldiaren azken zatian, Amaia Karrera, Gorka Igartua eta Joxean Tolosak -goian aipatutako Lanbide Eskolen ordezkariak -, Tolosaldeko Lan Munduko Euskara Mahaiaren disposizioa agertu dute beren enpresako jardunbidean euskara hizkuntza nagusia izan dadin bidea egin nahi dutenei laguntzeko: aholkuak emanez, metodoak garatzeko eta plangintzak egiteko bitartekoak eskainiz ... Bukatzeko, dagoenerako zeregin honetan murgildurik dauden eskualdeko enpresa guztien lana goraipatu zuten, eta aitortza publikoa egin zieten hamabi hauei: Gureak, Hertell, Mutualia, Zizurkil Elektrizitatea, Arrastoa tailerra, Katea Legaia, Yurramendi egoitza, Orkli, Ilarki, Bidapro, Asuntzion Klinika eta Asegurugintza.

Lan munduko mugimendu esanguratsu hauen berri izan aurretik, euskararen normalizatze bidean berrikasi eta berrikusteko dugunaz iritziak trukatzeko aukera izan genuen astelehenean Tolosako Kultur Etxean. Bideak eta bidegurutzeak aipatu dira bi bilkuretan. Mugimendua dago hemen eta orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!