Gutuna: Herri Askearen bozka, Euskal Herria Bildu

Jokin Aranalde eta Haimar Altuna 2015ko abe. 17a, 10:52

Gu bion artean generazio desberdinetako borroka ordezkatzen dugu, baina bakarra.

Borroka bakarra, helburu argitzat Euskal Herri askea eraikitzea, guretzat eta gure ondorengoentzat.

Beste ehunka gizon-emakume bezala, askapen borroka honetan egokitu zaigu erbestea eta espetxea ezagutzea, bidean adiskideak galtzea eta gaur egun ere oraindik estatuen atzaparretan ditugun, senide eta lagunak astebururo-astebururo milaka kilometro eginaz sarraski espetxeetara bisita egin beharra izatea.

Orain arteko bidea luzea bezain gogorra izan dela ezin uka, baina bidean gaude eta indar biziz ari gara eta ariko gara, gatazkaren konponbide demokratikoa lortu eta azken euskal preso eta iheslari politikoa etxeratu bitartean.

Horregatik, eta azken urteetako urrats desberdinekin jarraituz, aldebakarreko prozesu independentista honek ezin du atsedenik hartu abenduaren 20an. Egun horretan herri gisa aurrera egiteko sinesmen osoarekin joan behar dugu Euskal Herria Bildu bozkatzera; eta bereziki Madrili ukabilkada ematera, Madrilen borondate ez demokratikoari min gehien egiten dion bozka delako independentziarena, lehen, orain eta gero.

Azken hamarkadetan bezala, Ezker Abertzaleak hartutako erabakietan sinisturik eta konfiantzan, gutako bakoitzaren aletxoak duen garrantziaz jabeturik, deia egiten dizuegu guztiok elkarrekin askapen prozesuari bultzada handiagoa emateko.

Ziur gaude gure, zure, bozka bakoitza ilusioz eta etorkizunez gainezka datorrela.

Gure herriaren eskubideen aitortza eta bere borondate demokratikoaren errespetuaren mezua ozen eta aurrez aurre entzun dezaten: zutik dagoen herriaren eserlekuak izango dira gureak.

Era berean bozka bakoitzak garrantzi berezia izango du prozesu independentista bera azkartu eta eraginkortzeko, Espainiarekiko haustura demokratikorako bitartekoa Euskal

Bidea delako, burujabetzaren hautua, independentzia eta sozialismorako bidea.
Etorkizunaren eta iraganaren bozka, ametsak errealitate bihurtu nahi dituen herri baten aldeko bozka, ilusioaren aldeko bozka, Askatasunaren aldeko bozka...

Zuengatik, guregatik!

Jokin Aranalde eta Haimar Altuna Ezker Abertzaleko kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!