1991. urtean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) sortu zenetik helburua argia izan da, guztiona den euskara sustatzeko, indartzeko eta garatzeko udalen elkarlana eta konpromisoan bat eginda hizkuntza normalizazioaren bidean pausoak ematea. Euskara bizi dadin eta herritarrak euskaraz bizi daitezen bitartekoak jartzea hain zuzen.
Tolosaldean, eskualde osoa euskalduna denez, hizkuntza normalizazioan berebiziko erantzukizuna dugu, hemen, dituelako euskarak, indartu, garatu eta esparru guztietara iristeko aukera sendoak. Tolosaldean lotzen ez badugu, ez pentsa, Barakaldon, Tafallan edota Baionan erdietsiko dutenik.
Hizkuntza baten garapenean guztiok egin behar dugu aurrera, guztiona da hizkuntza normalizazioaren aldeko pausoak emateko erantzukizuna baina egun esparru euskaldunenak hizkuntzaren osasuna garatzeko erantzukizun handiagoa dugu, aitzindariak garelako. Horregatik da garrantzitsua Tolosaldea euskararen arnasa-gune izateko oinarriak, bitartekoak eta adostasunak izatea; honez gain, helburu hori betetzeko denen arteko elkarlana garatzea, eta horretan UEMAk berebiziko garrantzia du. Gurea, 50.000 biztanlez osaturiko eskualdea da eta euskarak garapen integrala izateko esparru geografiko handiena izango litzateke, ekin dezagun bada lan horretan, izan gaitezen Euskal Herriko erreferente eta ipar.
28 udalerriz osaturiko eskualdea da gurea, Tolosa buru duena. Herri txiki askoren euskara zerbitzu eta plangintzak UEMAtik bideratzen dira. Tolosak euskara zerbitzua propioa du eta bere ildo propioak garatzeko gaitasuna du baina aldi berean eskualdeko besteez elkar ekintza sustatzeko UEMA ezinbesteko tresna da. UEMAk izan behar du "Tolosaldea Euskararen Arnasa-gune" proiektuaren koordinatzailea eta horretarako guztiok bertako kide izatea ezinbestekoa da.
Tolosaldean bizi garen herritarroi euskaraz bizitzeko eskubidea ahalbidetzeko eta bermatzeko ezinbesteko tresna da.
Amaitzeko, UEMAn ez dauden eskualdeko herriei gonbita egiten diegu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak dituen baliabide eta zerbitzuak ezagutu ditzatela eta bertako kide izatea aztertu dezatela tokian tokiko Udalbatzatan.
Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain eta Orexako udal ordezkariak.