Gipuzkoako bi txapeldun Tolosa CF Atletismoan

Asier Imaz 2015ko abe. 17a, 11:01
Argazkian, Aranda de Dueron egon ziren Tolosaldeko korrikalariak

Tolosa CF Atletismo taldeko kideak bikain ibili dira azken asteburuetan. Alde batetik, joan den igandean, Gipuzkoako Kros Txapelketan aritu ziren, Oiangun. Bestetik, aurrekoan, Aranda de Dueron.

Oianguko krosean Maddi Sanchezek bigarren postua lortu zuen kadeteen mailan. Libe Martinez de Rituerto lasterketa horretan bosgarren izan zen, eta Urko Odriozola hamabosgarren.

Jubeniletan, Maria Lasak Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen. Tolosa CF Atletismoko Izaro Perurena podiumetik gertu ibili zen, laugarren postuan. Eneida Saldias hamargarrena izan zen helmugan.

Beteranoak ere Oiangura gerturatu ziren, eta emaitza ikusgarriekin itzuli ziren eskualdera. Podiumera bi atleta urdin igo ziren: Unai Señoran gorengo mailan, txapeldun, eta Ibon Gonzalez hirugarren koskan. Andoni Saldias izan zen laugarrena, eta Asier Altuna zazpigarren helmugaratu zen. Aitor Odriozola (11); Jesus Mari Txapartegi (34) eta Jokin Amenabar (43) ere txalotzeko moduan ibili ziren.

Promesetan albistea Julen Azkueren debuta izan zen, 17 amaituz. Hiru postu atzerago iritsi zen Ander Etxeberria. Nagusietan, aldiz, 15. iritsi zena Ibai Alba izan zen.

Tolosa CF Atletismo taldeko gaztetxoak ere Gipuzkoako Txapelketan izan ziren, eta taldetik azaldu dutenez, bikain ibili ziren.


Aranda de Dueroko krosa
Abenduko lehen asteburuan Aranda de Dueron krosa ospatu zen, eta Gipuzkoako Federazioak hautatuta, Tolosa CF Atletismo taldeko hainbat korrikalari bertan izan ziren.

Infantil nesketan, Ainhoa Murua (Altzo) 31. iritsi zen. Lasterketa horretan 90 korrikalarik parte hartu zuten, eta 1.405 metroko ibilbidean. Mutiletan, Alain Odriozola (7.), Unax Odriozola (32.) eta Ander Martinez de Rituerto (35.) tolosarrak izan ziren, Aitor Elola (10.) zizurkildarrarekin batera. 2.225 metroko ibilbidea 80 atletek egin zuten.

Kadeteen mailan, Paula del Pozo alegiarrak seigarren amaitu zuen. Maddi Sanchez tolosarra hamabigarren izan zen, eta Libe Martinez de Rituerto tolosarra 25. Del Pozoren kasua aipatzekoa da, izan ere, lehenengo aldiz egin zuen korrika kategoria horretan, estatu mailan. DBH 2ko ikasleak Euskal Herrian infantiletan aritzen dira, eta ez ordea hemendik kanpo. Ondorioz, bere lasterketa bikaina azpimarratu nahi izan dute taldetik. 1.985 metroko lasterketa izan zen, eta hemen ere 80 atletek parte hartu zuten.

Jubeniletan, Maria Lasa irurarrak eta Izaro Perurena tolosarrak lasterketa 4. eta 17. amaitu zuten. Lasaren kasuan podiuma oso gertu izan zuen, hirugarrenak irurarrari segundo bakarreko aldea atera baitzion. Horri erdi gaixo zegoela eta irteera txarra egin zuela gehitzen baldin bazaizkio, argi dago atzetik aurrerako lasterketa bikaina egin zuela. Guztira 60 atleta jubenilek burutu zuten 3.360 metroko ibilbidea.  

Aranda de Dueron izan zirenekin batera, Aimar Oiarbide aipatu behar da. Hautaketan sartu zuen Gipuzkoako Federazioak, baina ezin izan zuen bertan egon. Tolosa CF Atletismo taldetik guztiak zoriondu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!