Enpresetan ere euskaraz bizitzeko ibilbide baten lehen pausoa, bihar

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko abenduaren 16a

Lan munduko eta euskalgintzako hainbat eragilek sustatutako egitasmoa Lehiberri zentroan aurkeztuko dute.

Proiektu izaera kendu eta errealitate izatera pasatu nahi dute, lan mundu euskalduna; bai, behintzat, Tolosaldean. Sindikatuak, lanbide heziketa institutuak, Tolosaldea Garatzen, Lehiberri, udaletako euskara zerbitzuak, ordezkari politikoak, euskalgintzako eragileak nahiz gizarte eragileak eskutik aritu dira, pauso hori emateko beharreko oihala ehuntzen, eta bihar izango da aurkezpena, 18:30ean, Lehiberrin.

Belaunaldi berriak euskaraz lan egiteko prestatu dira –edo horretan ari dira–, eta oinarri hori abiapuntu hartuta, euskaraz bizitzeko esparru bat gehiago astindu nahi dute: lan eta enpresa munduarena.

Dinamika berri horren nondik norakoak ezagutzeko deia egin diete interesa dutenei, hain zuzen abiapuntu eta helburuen nondik norakoak hizpide izango baitituzte, ekitaldi hasieran. Ondoren, Tolosaldea, hizkuntza eta lan mundua bideoa proiektatuko dute.

Kike Amonarrizek, berriz, euskararen inguruko datuak plazaratuko ditu, lehenengo, ondoren horien inguruko hausnarketa saio txiki bat egiteko.

Saioaren zati teorikoena amaitutakoan, euskaraz bizi diren enpresen adibideak ezagutzeko aukera ere izango da, eta horretarako bertaratuko dira, Lehiberriko auditoriora, Fagorreko Leire Okaranza eta Oreka ITko Iraitz Perez de Goldarazena.

Jarraian, Joseba Barandiaran ekonomialaria elkarrizketatuko dute, enpresa mundua eta euskara uztartuz.

Azkenik, lan eta enpresa mundura aldaketa eraman nahi duen egitasmoaren aurkezpena biribiltzeko, dinamikaren beraren egitura deskribatuko dute, lan egiteko moldeak aurkeztuz. Batetik, Tolosaldeko lan mundua euskalduntzeko mahai bat sortzea da helburua eta, bestetik, berriz, euskaraz lan egiteko hautua egin duten edo egingo duten enpresen sarea osatzea.

Horrela, beraz, egitasmoa aurkeztu bitarte, guztia prestatzeko lanean aritu diren langile ordezkarien azken mezuaren ondoren, bertaratu guztiek mokadutxo batekin biribilduko dute, eskualdeko etorkizuna aldatzeko lehen pausoa izan daitekeena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!