Punta-puntako esku pilotariak Villabonan eta Amezketan

Asier Imaz 2015ko abe. 16a, 08:23

Ezagutzen ditugu dagoeneko Euskal Herriko Kluben II. Nazio Mailako Txapelketako final laurdenak jokatuko dituzten zortzi pilota elkarteen izenak.

Horien artean Tolosaldeko bi klub egongo dira: Amezketako Zazpi-Iturri eta Tolosako Aurrera Saiaz. Gipuzkoako hirugarren kluba iazko txapeldun ordea izango da, Usurbilgo Pagazpe. Nafarroatik hiru elkartek egin dute aurrera, Ultzamako Buruzgain; Huarte eta Irurtzunek. Arabako ordezkaritza Gasteizko Zaramagaren gain geratu da. Ezustekoa, lehen edizioko irabazle Adiskideren kaleratzearekin etorri da, Bizkaiako ordezkari bakarra, Markina bilakatuz.  

Final laurdenak, finalerdiak eta finala Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko dira.
Aipatu zortzi klub horietatik bostek iazko txapelketan parte hartu zuten. Ultzamako Buruzgain, Markina eta Irurtzunek, beraz, lehen parte hartzeari indartsu heldu diote. Azken horiek, gainera, zeresana emateko hautagaiak direla esan dute pilota adituek.

Elkarte guztiak talde onenarekin aurkeztu dira txapelketa honetan, finalerdietara iristeko helburuz. Hortik aurrerako sari ekonomikoek marka jarri baitute.

Azterketa sakonago bat egiten hasita, zortzi elkartetatik hiru bereiztu behar dira. Aipatu Irurtzun, Usurbilgo Pagazpe eta Ultzamako Buruzgain. Pilotari esanguratsuak dituzten elkarteak dira. Palmares ederreko aurrelariak dituzte kuadroan:  Garralda, Armendariz, Ongai, Santxo, Urbieta, Ezkurdia... Atzelarietan ere ez dira hankamotz gelditzen: Mariezkurrena, Gorrotxategi, Landiribar, Otxandorena... Bigarren edizio honetako txapelak janzteko hautagai nagusiak dira hiru klub horiek.

Baina gainerako elkarteak ere ez dira atzean geratzen. Tolosaldeko klub historikoak; Aurrera-Saiaz eta Zazpi-Iturri edizio honetara kide gutxiagorekin iritsi dira. Amezketako klubak tanto bakarrarengatik irabazi zion Andoaingo Gaztelekuri final zortzirenetan. Profesionaletara bere hiru pilotari hoberenak sartzearekin sufritzea tokatu zaio txapelketa honetan, eta hemendik aurrera ere aldapa gorako bidea izango du. Hala ere, pilotari zerrenda ona dauka:  Gorka Mendia, Peru Labaka, Egiguren, Zubiria, Aranguren, Erauskin... eta ziur zeresana emango dutela.

Eneko Labaka, Urretabizkaia, Telletxea eta Arratibel bezalako mailako pilotariek defendatuko dituzte Aurrera-Saiazeko klubaren koloreak. Edozein helburu eduki dezakeen talde handia da.

Ezin gara ahaztu Amurrio final zortzirenetan kanporatu zuen Hugarte klubaz. Izen handiko pilotariek osatzen dute taldea: Yoldi, Laso, Sarasa, Astiz, Pello Etxeberria, Martija, Lintzoain... Aurrez aipatutako klubak bezalako faboritoak edukiagatik aurrean, talde honek edozer eduki dezake helburutzat, dituen pilotariak luxu bat baitira.

Sailkatutako zortzi kluben zerrenda amaitzeko, Markina eta Zaramaga falta dira. Biak ere, euren lurraldeko ordezkari bakarrak. Markina, txapelketa honetako ezusteko handiena izan da. Pilota elkarte bezala aritzen denero, emaitza ezinobeak eskuratzen ditu. Talde handia osatzen dute Arrizabalaga, Urizar, Albizu, Zugadi, Castillo... bezalako pilotariek.  Azkenik, eta Arabako ordezkaritza bakar bezala, Zaramaga dugu. Hau ere klub handia,  Mikel Larrañaga, Albarado, Mikel Rafael, Agirre... bezalako izen handiko pilotariekin. Argi ibili beharko da elkarte honekin, urrutira iristeko osagai guztiak baititu.

Iritsiko da gero ere balantzeak egiteko momentua, baina antolakuntzatik azaldu dutenez, orain artean kiroltasuna eta txapelketaren garapen onerako ahalegina izan da jaso dutena. «Klubek fideltasunez bete dituzte euren konpromisoak eta horregatik, antolakuntza lanak asko erraztu zaizkigu», azaldu dute.
Azkenik, pilotazale oro gonbidatu dituzte Amezketan jokatuko diren partida guztietara gerturatzera, era honetara, klub eta pilotari parte hartzaile guztiak animatuz.  


Pebeten oroimenezkoa
Zein baino zein partida ederragoak espero dira asteburu honetan Villabonan jokatuko diren bigarren final-laurdeneko asteburuan. Antton Pebeten Oroimenezko Pilota Txapelketan, beraz, finalerdiak erabakita geratuko dira ostiraleko eta igandeko partidekin.

Lehen hiruak ostiralean jokatuko dira, 18:30ean hasiko den jaialdian. Zazpi-Iturri taldeko Zabala adunarrak eta Zubeldia amezketarrak Andoiango Osa eta Oberena taldeko Santamariaren aurka jokatuko dute. Santamaria ordezko bezala sartuko da. Amezketako bikotea faborito bezala ageri da, pasa den igandean Zizurkilgo txapelketa irabazi baitzuten.

Bigarren partidan, jubenil mailan, Huarte taldeko Pello Etxeberria eta oraindik adinez kadetea den Aginagako Arangurenek, Oberena taldeko Garcia-Cordonen aurka jokatuko dute. Partida orekatua espero da. Egungo Gipuzkoako Lehen Mailan binaka txapelduna den Aranguren ikusteko ikusmina sortu da.

Nagusien mailako hirugarren partida finala izan zitekeen. Larrañaga azpeitiarrak eta Zizurkilgo Erasunek Urretabizkaia ikaztegiarraren eta Murgiondo azpeitiarraren aurka jokatuko dute. Larrañaga, Arteagaren ordez ariko da. Lasartearrak Asegarcerekin urtarrila hasieran debuta duenez, ezingo da Pebeten oriomenezkoan aritu. Bere ordezkoa ez da nolanahiko aurrelaria. Txapel asko ditu jantziak Jurgi Larrañagak. DV torneoa, Gipuzkoakoak, Herriartekoak besteak beste. Erasunekin, egun den atzelari onenetakoarekin, bikote ederra osatuko dute. Urretabizkaia eta Murgiondo ere halaxe dira; punta puntako pilotariak biak. Urretabizkaiak kolpe izugarriarekin jarraitzen du eta Murgiondo jokoan eta beti bezain seguru dabil. Partida bikaina espero da.

Igandean, berriz, 10:30ean hasiko den jaialdian, kadeteetan Iriarte azpeitiarrak eta Markinako Ibarlozak Añorga taldeko Orbegozo eta Olidenen aurka jokatuko dute. Añorgakoak egungo Gipuzkoako txapeldunak dira Lehen Mailan. Iriarte aldiz eskuz banaka Gipuzkoako txapelduna da, eta ziur Ibarloza bizkaitarrarekin bikote ederra osatuko duela. Bete beteko partida izango da igandekoa.

Jubenil mailan, Usurbil taldeko Exposito eta Andoaingo Usandizagak Lazkaoko Zubizarreta eta Burlatako Ezkirozen aurka jokatuko dute. Indar eta klase izugarriko partida espero da. Exposito, Arangurenekin Gipuzkoako txapeldun geratu da aurten, eta Usandizaga txapeldun orde. Beraz, bikote ederra osatuko dute. Hala  ere, faboritoak beren aurkariak ageri dira; Zubizarreta bere mailan aurrelari onenetakoa baita, Gipuzkoako txapelketan nagusi mailan aritu da, eta DV finalean ariko da promesa mailan. Ezkirozekin, gailentzeko bikote zaila osatzen dute.

Nagusi mailan eta azken partidan, ostiraleko partidako komentario bera erantsi daiteke: finala izan zitekeen partida dela. Xabi Urbieta asteasuarrak eta Markina taldeko Urizarrek Elorrioko Azpiri eta Etxebarriko Kastilloren aurka jokatuko dute. Urbietak DV Credit Agricoleko finala jokatuko du eta afizionatu mailako aurrelari onenetakoa dugu, txapel asko irabazitakoa. Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri du. Bere atzelari Urizar, Ander Imazen ordez sartu da. Imazek Asegarcerekin debuta egingo du Villabonan jokatu beharreko egun berean. Urizar atzelari oso fina da, joko puntu oso onean dagoena eta promesetako txapel asko irabazi dituena. Maila handienekoekin oso ondo moldatu izan dena. Beren aurkariek esperientzia dute ardatz. Bikote beteranoena osatzen dute ziurrenik bizkaitarrek. Kastillok izugarrizko segurtasuna erakutsi zuen final zortzirenetan eta Azpirirekin bikote handia osatzen du. Partida irekia aurreikusten da.
Sarrera doakoa izango da eta oraingo honetan ere saski eder batzuen zozketak egingo dituzte.

Hitzorduak
Kluben Nazio mailakoa
Abenduak 19.  Aurrera-Saiaz/Irurtzun.
Abenduak 26. Markina/Zaramaga.
Abenduak 27. Zazpi-Iturri/Pagazpe.
Urtarrilak 3. Huarte/Buruzgain.

Pebeten oroimenezkoa, final laurdenak
Abenduak 18, ostirala, 18:30ean
• Kadeteak: Zabala-Zubeldia/Osa-Santamaria.
• Jubenilak: P. Etxeberria-Aranguren/Garcia-Cordon.
• Nagusiak: Larrañaga-Erasun/Urretabizkaia-Murgiondo.
Abenduak 20, igandea, 10:30ean
• Kadeteak: Iriarte-Ibarloza/Orbegozo-Oliden.
• Jubenilak: Exposito-Aizpuru/Zubizarreta-Ezkiroz.
• Nagusiak: Urbieta-Urizar/Azpiri-Kastillo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!