Sukalde-bileren apologia bat

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 15a, 18:08
Irudian, Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal, hausnarketaren nondik norakoak azalduz.

Kike Amonarrizek eta Jasone Mendizabalek Berrikasi/Berrikusi dokumentua aurkeztu dute, Tolosan, euskalgintzaren etorkizuneko erronkez hausnartzeko; dikotomia politikoetatik alde egin beharraz ohartarazi dute, besteak beste.

Atzera begiratu, aurrera egiteko; horixe da Berrikasi eta Berrikusi dokumentuaren gogo nagusia. Duela lau urte Euskararen Topaguneak abiarazitako hausnarketa prozesu baten fruitua Tolosako kultur etxean aurkeztu zuten, atzo, eta Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal aritu ziren, datozen bizpahiru hamarkadatan euskarak eta euskaldunek arnasa lasai hartzeko eman beharreko pausoez. Dokumentua jendaurrean aurkeztearekin batera, gainera, hitzorduak bazuen bigarren helburu bat ere: etorkizuna eraikitze horretan, Galtzaundi Euskara Taldea bera indartzea.

Izan ere, hari-mutur horri tiraz osatu dute gogoeta mamitsua, Amonarrizek azaldu zuenez: "Topaguneak talde bat osatu nahi zuen, besteak beste, euskara taldeak birformulatzeko. Hausnarketa hau, beraz, behar bati erantzuteko sortu da". Topagunekoa ez baita kasualitatea: euskalgintzaren esparruko elkarte, erakunde eta foro askotara iritsi dira hausnarketa garaiak, eta "puntu erabakigarrian gaude".

"Zein da, baina, behar hori?", galdetuko diote beren buruari zenbaitek. Bada, euskarak egungoa baino –itxuraz– garai zailagoetan emandako aurrerapausoak ezerezean gera ez daitezen, normalizazio prozesua astintzea, hemen eta orain.

Horretarako, Berrikasi/Berrikusi dokumentuaren egileek ezinbestekotzat jo dute irteera puntua Frankismo garaiko euskararen susperraldian ezartzea: abertzaletasunaren bidetik gorpuztu zen, batez ere, euskal komunitatea. Badirudi, ordea, abertzaletasunak hezur-mamitutakoa, abertzaletasunak berak hustu zuela, 1980ko hamarkadan; abertzaletasunak edo abertzaletasun eredu desberdinen arteko talkak. 1995etik gaurdainoko bidean, berriz, gatazka politikoaren tentsioak, globalizazioak, internetek, migrazioek nahiz euskalgintzaren beraren desartikulazioak, impass egoera bat sortu dute hizkuntzaren berreskuratzean.

Zoru komun bat blindatzeaz

Euskararen berreskuratze prozesua eredutzat hartu izan da nazioartean, Jasone Mendizabalek azaldu zuenez. Argi horiek, ordea, beste hainbeste itzal dituzte, eta dokumentuko proposamenek balizko argi izpi izan nahi dute: "Oso egoera politiko interesgarrian gaude, eta zerbait desberdina eraikiz aurrera egiteko unea da".

Impass edo blokeo egoera horretan, lau arazo nagusi azpimarratu zituen Kike Amonarrizek, Tolosako kultur etxean. Batetik, lehia abertzalearen eragin nabarmenaz aritu zen eta, era berean, euskalgintzaren "arrakasta erlatiboa" izan zuen hizpide: "Arrakasta lortu da, baina ez esperotakoa, eta hizkuntza normalizazioak gehiago behar du". Bide horretan, euskara oraindik ere iritsi ez den sektoreetara gerturatzeko tresnen beharraz ohartarazi zuen: "Nola iritsiko gara oraindik iritsi ez garen jende horrengana? Euskara, orain arte, arnasguneetan bakarrik –eremu euskaldunenetan eta hezkuntzan, gero– izan da hizkuntza hegemoniko edo hizkuntza nagusi, baina oso espazio gutxi irabazi du. Gune hegemonikoak irabazi egin behar ditugu".

"Baina, zergatik guneak irabazi behar hori, gaur egun, Gipuzkoan, euskaraz ulertzen ez duen 14 urtetik beherako neska-mutilik ia ez bada?", pentsa lezake beste askok. Amonarrizek argi dauka: "Orain arte bezala jarraitzen badugu, orain arte bezala jarraituko dugu, beherantz alegia. Ezagutza zabaldu egingo da, hazi, baina euskara eremua galtzen joango da, pixkana, datuek erakusten duten moduan. Gure hizkuntzak folklore bilakatzeko arriskua du modu horretan, Irlandan gertatu den bezalaxe, eta kaixo eta agur batera mugatuko litzateke ziur aski".

Horrenbestez, zazpi harik ehundutako proposamena osatu dute, 1950ean ekindako hizkuntza normalizazioa erabat osatzeko. Nagusiki bestelako iritziak aparte uzteko deia egiten diete, bai politikariei, bai gizarte eragileei eta baita herritarri ere, gutxieneko adostasunak blindatzeko: "Ez dugu hain zail ikusten hori lortzea, posible da eta beharrezkoa da". Horrekin lotuta, epe luzeko hizkuntza politika ere aldarrikatu dute, "txandakatze politikoek edo zurrunbilo ekonomikoek ezin dutelako prozesua eten edo luzatu".

Autoritate soziolinguistiko baten beharraz ere ohartarazi dute gogoetan: "Euskaltzaindiak araugintzan duen onarpen soziala lukeena, baina soziolinguistikan".

Jende berria erakartzeko behar horri lotuta, berriz, euskalgintzak diskurtsoak eraberritzeko beharra duela uste du Berrikasi/Berrikusi hausnarketak eta, horrekin batera, gizarteko esparru guztiei gertuagokoak zaizkien diskurtsoak sortu beharra azpimarratu dute. 

Euskarak eremu berriak irabaziko baditu, hori, ezinbestean, arnasgune politikoekin izango da, gogoetaren arabera. Azkenaldian alderdi zenbaiten ordezkariak adostasunaren aldeko adierazpenak egiten ari direla azaldu zuen Amonarrizek, baina harago joan nahi dute: "Posible balitz, adostasun hori alderdi abertzaleen nahiz besteen artean lortu beharko litzateke".

Eta, pauso horiek guztiak biribildu eta prozesua piztuko lukeen txinparta sortzeko, motibazioa edo amets berriak beharko lituzke euskal komunitateak: "Batzen gaituena garrantzitsuagoa delako, banatzen gaituena baino".

Hiztun bat, iritzi bat?

Lau urteotan garatutako gogoeta horrek iritzi truke zein gogoetak piztu zituen bertaratuen artean. Besteak beste, Tolosako Udalaren eta Uemaren arteko afera hizpide izan zen, eta akordio hori etetea "oso larritzat" jo zuten zenbait herritarrek.

Horri lotuta, halaber, zalantzak ere azaleratu ziren, adostasun hori lortzeko jarraitu beharreko pausoez: "Herri bakoitzak bere aldetik ibili behar du, ala eskualde moduan lan egin behar da? Zergatik ez erabili Tolosaldeko baliabideak, talde bat sortu eta benetako plangintza bat proposatzeko? Adostasuna aurretik jarri behar da, ala gutxieneko helburuak zehaztu behar dira adostasuna baino lehen?,..."

Hausnarketa hasi besterik ez da egin, eta atzo kultur etxean entzun eta esandakoak ideia berrien bazka izatea da sustatzaileen gogo bakarra. Bien bitartean, Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika liburuko ideia bat baliatu zuen Kike Amonarrizek, orain arteko inertziak astintze bidean: "Bileren apologia egiten du berak, medioei begirako politika gaitzetsiz; prentsa oharrek ez dute sekula funtzionatu izan. Has dadila, beraz, sukaldeko lana".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!