Tolosaldea Saretzen plataformak eskualdeko lau proiektu estrategiko lagunduko ditu

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 11a, 18:56
Tolosaldea Saretzeneko ordezkariak eta aukeratutako lau proiektuen sortzaileak.

Tolosaldea Saretzen, eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataformak apirilean jarri zuen martxan Proiektu Estrategikoetarako Deialdia. Tolosaldea Goi Mailako LH Institutua eta Inmakulada Ikastetxea, Egoitz Zalakain ekintzailea, Peñascal kooperatiba eta Don Bosco Paper Eskola Indartzeko Elkartea dira aukeratutako proiektu horien sortzaileak.

Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak azaldu duenez, "pozgarria" da Tolosaldea Saretzenek bultzatutako deialdiaren fruituak ikustea. "Eskualde honetarako interesgarriak izan zitezkeen proiektuak maiz egoten baziren ere, gero ez ziren baliabideak izaten horiek aurrera eramateko. Horregatik erabaki zen Tolosaldeko herriek sortutako funtsa baten bitartez proiektu horiek laguntzea", azaldu du Peonek. "Behar bat asetzeko Tolosaldeak apustua egiten du", gaineratu du Peonek. "Krisi garaia denean, udalek apustu bat egiten dute diru bat jarriz eskualdean dauden proiektu hauek bultzatzeko".

Lehiaketak eskualdearen garapenerako estrategikoak izan zitezkeen proiektuak sustatzea zuen helburu, "denen artean etorkizuneko Tolosaldea marrazten hasteko". Horrela, Tolosaldea Saretzeneko batzarrak nahiz Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak hala erabakita, lau proiektuak saritu dira. 

Tolosaldea Goi Mailako LH Institutua eta Inmakulada Ikastetxearen proiektua etekin handiko taldeak kudeatzea eta lantzea izan da. Joxe Mari Elola Tolosaldea GMLH Institutuko zuzendariak azaldu duenez, "urte batzuk daramatzagu lanbide heziketan berrikuntza metodologikoak ezartzen. Lanbide heziketa aldatu behar dugula ekartzen du horrek, eta alor teknikoa lantzeaz gain, beste gaitasun batzuk landu nahi ditu: komunikazioa, lidergoa, ekintzailetasuna, sormena, talde lana... Hori da gaur egungo enpresak eskatzen duena". Prozesu horrek espazioak eraldatzea ekartzen duela esan du Elolak.

Bere aldetik, Inmakulada ikastetxeko Ana Monge zuzendariak esan duenez, "metodologi berri honen ezaugarri nagusiena da ikas-irakaskuntzako dinamikak erabat aldatzen dituela. Horrek ekartzen du ez dela bakarrik gelak aldatzea, baita ikastetxeko beste espazioak ere". Horrela, datozen urteetan espazioen birmoldaketa egingo dituzte.

Egoitz Zalakainek Tolosaldean arraun teknifikazioaren erreferente proiektuaren berri eman du: "Arrauneko olinpiar modalitatera eta Euskal Herrian egiten den traineru modalitatera zuzenduta dago. Beraz, mundu osora begira egindakoa da". Proiektuaren lehen zatia sensorizatzeko sistema bat jartzea da arraunean eta txalupan, horrela arraunlarien esfortzua monitorizatzeko eta bestalde analisi tekniko bat egiteko. Bigarren zatia da sistema hori garatu ondoren enpresa bat sortzea sistema hori produzitzeko eta hirugarren zatia da Tolosaldeko arraun munduaren mesedetan erabiltzea. Egun prototipo batzuk dituzte eta testak egiten ari dira, tartean Espainiako arraun selekzioarekin.

Peñascal kooperatibak etxeak birgaitzeko insertzio enpresa bat jartzea du helburu. Enpresak bi beharrei erantzungo lieke, Guillermo Malkorra Peñascaleko kideak azaldu duenez: "Batetik ikusten delako erakundeak alokairuaren aldeko apustua egiten ari direla etxebizitzaren alorrean,  eta bestetik kolektibo bat dagoela, 45 edo 55 urte arteko langabetuena, krisiaren ondoren zailtasun handiak dituena lana bilatzeko. Bi errealitate horiek lotuz, insertzio enpresa bat sortu nahi dugu". Peñascalen asmoa da batetik erakundeekin harremanetan jartzea, eta bestetik prestakuntza abiatzea talde bat sortzeko eta horrela enpresa martxan jartzeko.

Don Bosco Paper Eskola Indartzeko Elkarteak, bere aldetik, entsegu laborategiaren homologazioa lortzeko proiektua abian jarri nahi du. Inaki Irazabalbeitia elkarteko kideak azaldu duenez, "gure asmoa da Paper Eskolaren jarduera indartzea, eta horien artean dago papergintzaren inguruko saio laborategia. Laborategi horretan hainbat bezeroentzako saioak egiten dira, baina eskatzen dute gero eta gehiago saio horiek ziurtagiria izatea. Eta, beraz, proiektuaren asmoa da laborategiak ziurtagiri horiek lortzea egiten dituen saio guztientzat".

Orotara hamaika proiektu aurkeztu ziren deialdira eta epaimahaiak ondorengo baldintza eta irizpideak hartu zituen hauetaketa egiteko garaian. Hala nola, Tolosaldean gauzatzeko moduko proiektua izatea, eskualde ikuspuntua indartzea, bertako ingurune fisikoa errespetatzea eta Tolosaldeko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea. Horrez gain, balioan jarri ziren ondorengo ezaugarriak: erreferentzialtasuna; sektore publiko eta probatuaren arteko uztarketa; bideragarria izatea ekonomikoki; kalitatezko enplegu potentziala sortzea eta berritzailea izatea.

Aipatutako lau proiektuak beraz, Tolosaldeko 28 udalek sortutako funtsaren bitartez diruz lagunduko dira. Funts hau Tolosaldea Saretzen plataformak kudeatzen du, Tolosaldea Garatzeneko Administrazio Kontseiluak behin betiko onarpena eman ostean. Nabarmentzekoa da gainera, jada Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak onartu duela  Proiektu Estrategikoetarako II Deialdia egitea ere. Izan ere, lehen deialdiaren balorazio oso positiboa egin dute Tolosaldea Saretzeneko partaideek: "Batetik, parte hartzea oso zabala izan delako, eta bestetik, aniztasuna egon delako. Horrek erakusten duelarik, Tolosaldea Saretzenen hasierako helburuetako bat bete dela eta baieztatu eskualdearen garapen estrategikoan arlo eta sektore ezberdinetako egitasmoek dutela lekua".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!