Eskualdeko lau herritar epaituak

Ataria 2015ko abe. 10a, 11:52

Iruretagoiena, Olano, Mujika eta Jimenezen absoluzioa eskatu dute defentsaren abokatuek

Asteazkenean eskualdeko lau herritarren aurkako epaiketa abiatu zen Auzitegi Nazionalean. 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako orduko gobernuburua hiltzen saiatzea leporatuta, Luis Iruretagoiena ‘Suni’, Peio Olano, Goio Jimenez eta Juan Mari Mujika Dorronsoro epaitzen hasi ziren. Fiskaltzak, denera, 285 urteko espetxe zigorra eskatu zuen.

Laurek ukatu zuten atentatu saioan parte hartu izana, eta Iruretagoienak ez beste guztiek ukatu zuten ETAko kide direla epaiketan. Luis Iruretagoienak aitortu zuen ETAko militante izan dela 1974tik, baina hilketa saio horretan parte hartzea «ezinezkoa» zela aipatu zuen 1983an ezker eskua galdu zuela azaldu baitzuen.

Gainera, Guardia Zibilaren aurrean eginiko inkulpazioak torturapean egin zituela adierazi du Olanok: «Oihukatzen eta buruan jotzen ninduten, eta flexioak egitera behartzen ninduten lurrera erortzen nintzen arte».

Epaiketa amaituta, fiskalak berretsi egin zituen hasierako zigor eskaerak: 72 urteko zigorra Iruretagoienarentzat, eta 71 urteko zigorra gainerakoentzat. Hala ere, bertan izan ziren zenbait herritarrek Tolosaldeko ATARIA-ri adierazi diotenez, fiskalak aitortu zuen ez zegoela auziperatuen aurkako proba «zehatzik», izan ere, aurkeztu zuten proba «bakarra» Olanok «torturapean egindako deklarazioak» azalerazi zituzten, eta asteazkenean Olanok ez zituen berretsi epailearen aurrean deklarazio horiek.

Defentsaren abokatuek absoluzioa eskatu zuten, eta epaiaren zain geratu dira auzipetuak.

Herritarren babesa

Eskualdetik eta Ataunetik berrogeita bat pertsona joan ziren autobusez Madrilera, auzipetuei babesa emateko asmoz. Eurek ere, auziperatuak «absolbituak» izateko esperantzarekin itzuli ziren etxera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!