Uztailaren lehen egunetik aurrera posible da kontsumitzen den argindarra ordu horretan duen prezioaren arabera ordaintzea Espainiako Estatuan. Hau da, argindarrak orduero prezio desberdina du orain eta administrazioak finkatzen du hori. Horrela, orain arte martxan zegoen enkante sistemarekin amaitzea lortu da argindarraren salneurria finkatzeko. Erabiltzaileei orduko prezioa helaraziz, eskaria eskaintza gehien dagoen momentuetara egokitzeko efektua ere lortu nahi da berrikuntza horrekin.
Komertzializatzaileek eta banatzaileek urrira arteko hiru hilabeteko tartea izan dute fakturazio mekanismo berria martxan jartzeko. Ordukako salneurriaren arabera ordaintzeko, ordea, kontagailu adimenduna izatea beharrezkoa da. Kontagailu horrek argindar kontsumoa orduka sailkatzeko aukera ematen du eta horri esker, ordukako prezioaren arabera ordaintzen da fakturan. Konpainiak kontagailu zaharrak ordezkatzen hasiak dira eta kontagailu zaharrak oraindik ordezkatu ez dituzten etxeetan, lehengo moduan ordaintzen jarraituko dute aldatu bitartean.
Kontagailu adimenduna izateaz aparte, ordea, merkatu arautuan hamar kilowatt orduko potentzia edo gutxiago izan behar da kontratatuta ordukako prezioa kontuan duen faktura jasotzeko. Horretaz gain, kontratua erreferentziazko merkaturatzaile batekin eginda izan behar da. Inguruko etxe gehientsuenek eta komertzio edo bulego txikiek baldintza hauek betetzen dituzte kasu gehienetan eta ohikoenak dira gure artean.
Jendeak gaiarekiko duen ezjakintasuna baliatu nahian ere, merkatu libreko merkaturatzaileak eskaintzak egiten ari dira hilabeteroko argindarraren tarifa finkoak eskainiz. Horrelako kasuetan ere, gomendagarria da sinatzen den kontratuaren baldintzak ongi irakurtzea eta bereziki erreparatzea baldintza horiek epe jakin baten ondoren automatikoki aldatuko diren ala ez dioen kontratuak, ondorengo buruhausteak ekiditeko.
Ordukako fakturazio sisteman aldaketa nabaria bada ere, fakturaren azken prezioan aldaketa ez da begi bistakoa. Izan ere, fakturaren heren bat baino zertxobait gehiago da aldagarria eta kontsumitutakoaren arabera ordaintzen dena, %37 inguru. Fakturaren azken zenbakia osatzeko gainontzeko beste %63a kostu finkoek eta zergek betetzen dute.
Gauean argindar merkeena
Orduz ordukako prezio aldakorrean, prezio merkeenak 01:00etatik 06:00etara izaten dira gehienetan. Ordu tarte garestienak, aldiz, goizean eta iluntzean izan ohi dira, kontsumo gehien dagoenean, alegia. Hala ere, argindarraren prezioa merkeagoa izaten da normalean energia gehiago sortzen den egunetan. Adibidez, ekaitza izan ondoren edo egun haizetsuetan argindar gehiago sortu ohi denez, prezioa baxuagoa da gainerako egunetan baino. Argindar sarearen jabe Red Electricak ordu bakoitzeko prezioa hurrengo egunean argitaratzen du interneten eta edonork kontsulta dezake www. esios.ree.es webgunean.
Energia elektrikoaren efizientziari arreta berezia jartzen ari dira ikasturte honetan Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan eta bertako irakasle Rafa Albisuren esanetan, ordukako prezioan aldaketa txikia dago eguneko ordu tarte garestienaren eta merkeenaren artean. «Garbigailua 3:00etan edo 21:00etan jarri, ez dago ikaragarrizko ezberdintasunik» dio Albisuk.
El Periodico komunikabide kataluniarrak jasotakoaren arabera, Endesa konpainiak Zaragozako (Espainia) 250.000 etxebizitzetan egindako proba pilotu bat egin du. Bertan ikusi da, kontsumo ohiturak aldatu gabe, ordukako fakturazioarekin erabiltzaileen %60ak 10 zentimo aurreztu dituela hilabetean aurreko sistemarekin alderatuz gero. Soilik kontzientziadunenek lortuko lukete fakturaren %3 edo %4 gutxiago ordaintzea orain kontsumo ohiturak kontzienteki aldatuz gero.
Beste aldean, jende askok ez dakien arren, argindarra ordaintzeko beste tarifa bat ere kontratatu daiteke. «Garai batean Gaueko Tarifa existitzen zen. Orain Ordu Bereizketa deitzen zaio eta seguru aski, gehienoi, tarifa hau kontratatzea komeni zaigu. Etekina aterako genioke» uste du Rafa Albisuk. Tarifa horrekin ordukako prezioaren arabera ordaindu beharrean, eguneko argindarraren salneurria bi zatitan banatzen da. Neguan, 12:00etatik 22:00etara normalean baino dezente garestiagoa da argindarra. Egunaren beste zatian, ordea, prezioa nabarmen da merkeagoa.
Aurrezteko zenbait aholku
Efizientzia ekonomiko eta energetikoari begira, Ordu Bereizketa deiturikoa kontratatzea ondo aterako litzaigukeen aztertzea izan daiteke pausoetariko bat. Potentziarekin ere zerbait egin daiteke Albisuren ustetan, «askok behar duguna baina potentzia handiagoa dugu kontratatuta etxean». Potentzia kontrolatzeko etengailuak salto egiteko beldurra izaten du sarri jendeak kontratatutako potentzia jaitsiz gero. Albisuren esanetan, «etengailuak egunero salto egitea txarra izango litzateke baina urtean bi aldiz salto egitea? Hori seinale ona da, efizientea izaten ari zarela esan nahi du horrek».
Bestalde, eta askotan entzuten dugun elektrizitate-tresnak stand-bye moduan ez uzteaz aparte, beste aholku bat ematen du Albisuk etxeko-tresnei begira: gailuaren efizientzia energetikoa erregulatzen duen etiketan erreparatzea. «Askotan gertatzen da elektrizitate-tresnak ongi funtzionatzen dutela uste dugula aldi berean energia pila bat kontsumitzen ari direnean. Gerta daiteke bi urtetan errentagarria izatea efizientzia energetiko kaskarra duen hozkailua etiketa horretan balorazio ona duen berri batekin ordezkatzea, bien artean dagoen kontsumo energetiko aldearengatik bakarrik».
Etxebizitza batean argindarra kontsumitzeko beste bideetako bat argiteriarena da. Hemen ere, etxeko edo lekuetarako zein bonbilla ondo hautatzeak garrantzia handia du sosa batzuk aurrezteko. Argia gutxi pizten den lekuetan, korridoreetan esaterako, bonbilla halogenoak izan daitezke aproposak. Denbora luzez argia piztuta izaten den geletan, aldiz, kontsumo baxuko fluoreszenteak dira egokienak.
Gaur egun, ordea, LED teknologiaz baliatzen diren bonbillak dira egokienak errendimenduari eta aurrezteari begira. Hori bai, gainontzeko bonbillen aldean prezio altuagoa dute eta hasierako inbertsioa handiagoa da. Hala ere, errentagarriagoak dira fluoreszenteen eta halogenoen aldean epe luzera begiratuz gero.