'Elbie ta txintxarrie'

Jexux Murua 2015ko abe. 8a, 11:34

Hasi da bi-bitako Pilota Txapelketa Nagusia, eta hemen izango dugu puska batean. Pozik gaude eskualdeko pilotazaleok bertako bi pilotari gaztek, Iñaki Artolak eta Jokin Altunak, onenen tartean tokia hartu dutelako.

Asteburu honetan ikusiak ikusita, bakarren batek zalantzarik bazuen, ez dut uste pilotazalerik egongo denik gu haina poztu ez denik. Zaletasuna ernaltzen duen jokoa erakutsi digute, bakoitzak bere nortasuna eta pilota-joko estiloa azalean, asteburuan jokatu diren bi partida oso desberdinetan.

Donostiako Atano III.ean, txapelketari hasiera eman zion partidan, kontuan hartzeko bikotea dela erakutsi zuen David Merino errioxarrak eta gure amezketarrak osatzen dutenak: Merinok gatz-puntu onean dagoela erakutsi zuen, eta 'elbie' inork nahi eta espero ez duen tokian koxk egiteko prest beti. Hasierako lau tantoak saihestuta, pilotak gorabehera, erraz, errazegi esateko moduan menderatu zituzten Berasaluze eta Beroitz. Merinoren agintea ezin hobeto baliatu zuen Jokinek gisa guztietako hamabi tanto egiteko, ohituak gauzkanak eta halere askotan aho xabalik uzten gaituen horietakoak batzuk, berak ia hutsik egin gabe. Etorriko dira partida gogorragoak eta orduan neurtuko dugu noraino hel daitekeen bikote hau, baina ahal handia transmititzen du.

Bestelakoa izan zen Beotibarkoa, ez eskasagoagatik ordea. Bete-beteko partida, zaila, gogorra, emozioz betea, eta, ondorioz, bereziki ikusgarria izan zen hau ere. Bi bikote, bi estilo. Ezkurdia eta Barriolaren joko proposamena, hasieratik, eustekoa: eutsi, luzatu tantoa, huts eginarazi aurkariari; guk oparirik ez, arriska dezatela galdu arte! Iñaki eta Jon Ander Albisuk, berriz, haustekoa: eman, agindu, arriskatu besteen hutsaren zain egon gabe! Asmoak horrela, Barriola xaharra eta Iñaki gaztea izan ziren protagonistak. Ez zuen pilota bat bera galdu Barriolak, sei parean Iñakiren ezker sotamano luzea ezker-hormaren kontra bueltatu ezinik utzi zuena salbu, pilota arrimatu zuen behin eta berriz hormarekin bat egin arte, eta Ezkurdiak -ze defentsa!- bete ezin zituen zulo guztiak bete zituen. Nola egin zituen Iñakik hemezortzi tanto orduan? Bada jokaldi erabakigarrietan arriskua mugaraino eramanaz, bi bakarrik galduz. Batez ere, ezker-gantxo ikaragarriak jo zituen, bi txapetatik gertu eta tximista baino ere azkarragoak! Halaxe egin beharra zeuzkan Ezkurdiaren hanka luzeak moztekotan. Eta garrantzitsuena, erakutsi zuen nortasun heldua une zailenetan (8-17 / 15-21) bikotearen ardura eta zama hartzeko kikildu gabe. Esan nion bati: gaur 'Txintxarrie, ikiarrie!'

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!