Zabaldu, itxi, eman… ikasi

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 4a, 08:00

Euskara Plus egitasmoan parte hartzen ari direnak euskararen oinarrizko ezagutza jasotzen ari dira, lan munduari begirako oinarrizko prestakuntza izatearekin batera

Hogei ordurekin asko jasotzen dugu; urtebete izanez gero, euskararen %80 edo %90 hartuko genuke”. Mohammed El-Ghzauiren hitzak dira; Euskara Plus egitasmoko ikastaro bateko parte hartzailea, hain justu. Ikastaro horren azken-aurreko saioa bukatu berria da. Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuan 20 orduko ikastaroa egin dute, industria arlokoa, euskara ikastearekin batera hainbat makinaren elementu eta funtzionamenduak ikasiz.

Banaiz Bagara elkarteak bultzatutako egitasmoa da Euskara Plus. Elkarteko prestakuntza arduradun eta industria arloko ikastaroko irakasle David Fernandezek dioenez, ikuspegi komunikatiboa lantzen dute ikastaroan: “Ez da berdina hartu hitza errepikatzea arbelaren edo liburu baten aurrean, edo norbaiti bere aurrean dagoen erreminta har dezala esatea”. Modu horretan hizkuntza askoz hobeto barneratzen dela dio: “Ez da egoera abstraktu batean ikastea: egoera erreal bat da. Ez da idatzizkoa, baizik ahozkoa, bere aurrean gertatzen ari dena. Hori da gakoa”.

Ikastaroaren azken-aurreko saioan, besteak beste, motor pneumatiko bat muntatzen ari dira ikasleak, bi taldetan banatuta. Esfortzu handiz, lan hori egitea berria baita haientzat, elkarri aginduak ematen saiatzen eta aritzen dira euskaraz. “Helburu bikoitza da”, azaldu du Fernandezek. “Batetik, lan hori egitea, laneko konpetentziak hartzea; bestetik, hizkuntza erabiltzea”.

Hurrengo ariketa erreminten gelara joatea da, eta aurreko saio batean egin dutena errepasatzea. Binaka elkartzen dira, eta batak besteari agindu errazak ematen dizkio: “Zabaldu kaxoia… Hartu allen giltza… Garbitu allen giltza… Sartu allen giltza… Itxi kaxoia…”. Ondoren, tornura doaz, eta makinaren oinarrizko erabilera errepasatzen dute.

Ulermen intuitiboa

“Erraza da pentsatzea nola ikasiko ote duten horrela euskara, egin beharreko lan horri buruz ez badakite ezer eta euskaraz ere ez badakite ezer. Gaztelaniaz justu-justu dakite…”, esan du Fernandezek. “Baina kontua da egiten eta gauzak sortzen ikasten dugula. Tornuan bagaude eta batak besteari esaten badio pieza sartzeko platerean, eta plateraren aurrean bagaude eta pieza aurrean badago, ulermen intuitiboa erabiltzen dugu. Behin eginda, barneratu egiten dugu eduki hori. Liburu batekin hori abstraktuagoa da. Erabilera errealak barneratzeko aukera gehiago ematen du”.

“Oso ondo dago ikastaroa; asko ikasten ari gara”, esan du ikasleetako batek, Yusef Raimik. El-Ghzauik gaineratu du: “Etxean gaudenean, euskaraz hitzak ateratzen zaizkit. Orain, gutxienez, badakigu zer esan nahi duen euskarak eta euskal kulturak. Lehen ez genekien ezer. Gauza asko jaso ditugu”. Izan ere, ikastaroaren hasieran kontzientziazio saioa egiten dute euskarari buruz, haren egoera eta historia jakiteko, eta baita hizkuntza jokabideei buruz hausnartu ere. “Horrekin garrantzia ematen zaio euskara ikasteari gure testuinguruan, bai lanerako eta bai arlo pertsonalean”, dio Fernandezek.

Lan mundua euskaldundu nahi bada, etorkinak aintzat hartu behar direla esan du Banaiz Bagarako elkarteko kideak: “Hori da enpresei zabaldu nahi diegun mezua, etorkinei ere aukera eman behar zaiela lan mundu euskaldunean integratzeko, horrela euskara ikasten jarraitu dezaten. Bestela oso zaila da”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!