Kike Amonarriz: «Tolosaldeak baldintza guztiak ditu hizkuntza normalizazioan aitzindari izateko»

Iñigo Terradillos 2015ko abe. 3a, 16:39

Atzo jaso zuen, Gipuzkoako Foru Aldundian, Antton Abbadia saria

Euskararen normalizazioan egindako lanagatik jaso du, Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961), Antton Abbadia saria. Alderdikeriak alde batera uztea euskararen aldeko pauso erabakigarria litzatekeela uste du.

Pozik jaso duzu saria, ezta?

Bai, noski. Horrelako albisteak ez dira egunero jasotzen, eta niretzat hunkigarria izan zen. Batek baino gehiagok esan dit oso gaztea naizela sari bat jasotzeko, kar, kar. Lanean ari gara, eta pentsatzen dut saritutakoa azken urteotako lana eta egungo lan ildo eta gogoak izan direla. Horrek, beraz, erantzukizuna eransten du, esan nahi baitu orain arte egin duzun horretan jarraitu behar duzula.

Zure lana goraipatu du sariak.

Bai. Baina nik egin ditudan ia lan guztiak lan taldean egin ditut, jende horri esker. Orduan, nahiz eta sari hori pertsona bati eman, jende asko saritu dutela sentitu dut. Lan talde bat ezinbestekoa da, norbere ilusio eta gogo horiek aurrera ateratzeko, eta lan talde profesionalak, motibatuak, militanteak eta euskaltzaleak izan ditut inguruan.

Euskararen normalizazioan, hizkuntzari bizitasuna eta umorea eman diozula nabarmendu zuen Antton Abbaddia sariketako epaiak.

Niretzat bizi-jarrera bat izan da. Euskaraz bizi naiz eta, gainera, pozik bizitzen saiatzen naiz. Beraz, ez dut imajinatzen euskararen inguruan modu tristean hitz egin dezakedanik. Hitz egin dezaket larrituta edo kezkatuta, baina ez triste. Niretzat euskara poz iturria da, erronka bat da, bizitza da. Gauza bat da errealitatea den bezala aztertzea eta kontatzea, eta oso bestelako gauza da errealitate horretan guk hartzen dugun jarrera. Esaterako, Tribuaren berbak programan ikusi dudan jenderik baikorrena ez da euskara osasuntsuen dagoen lekuetan izan, alderantziz baizik. Tribuaren berbak-ekin, gainera, jende askok nabarmentzen zuen saioaren  baikortasuna eta freskotasuna. Horrek asko poztu gintuen lantaldean, baina, bestalde, kezkatu ere bai, zera pentsatzen genuelako: «Hau hain nabarmena baldin bada, jende guztiak arreta horri jartzen badio, zein diskurtso eta mezu ari gara zabaltzen euskararen inguruan?». Uste dut, hor denok daukagula zer pentsatua eta zer hausnartua.


Euskararen bilakaerak hobera egin du Tolosaldean, baina, esan duzunaren harira, beharbada ez dugu gehiegi baloratzen?


Gure kultura politikoarekin zerikusia duela uste dut. Eztabaida giroan bizi izan gara, elkarri ezer ez aitortuz, eta oraindik horren arrasto nabarmenak ditugu, zoritxarrez; horrek asko mugatu gaitu. Datuei dagokienez, ikusten da belaunaldi bakoitzak mantendu egin duela hizkuntzarekiko atxikimendua, eta, adibidez, eta 1995ean haurren erabilera %60koa baldin bazen, gaur egun gazteena dela. Hori indargunetzat joko nuke. Baina, halaber, datuei begira, erabilera orokorrean ez dugu gehiegi aurreratu. Tolosaldeak baldintza guztiak ditu hizkuntza normalizazio prozesuan aitzindari izateko. Beraz, ardura politikoa dutenek, gizarte eragileek, elkarteek nahiz beste hainbatek, orain arteko inertzia batzuk ahaztu behar ditugu ezinbestean.
Horretarako, ezinbestekoa da akordio soziopolitiko zabalak izatea, orain arteko dikotomiak eta liskarrak gainditu eta euskararentzat fase historiko-sozial berri bat has dadin. Horretarako aukera guztiak ditugu, eta unea da adostasun horiek sakontzeko.

Anton Abbadia saria 2015 - Kike Amonarriz from Arteman on Vimeo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!