Elkar ezagutzen

Agurtzane Uzin 2015ko abe. 3a, 11:03

Bizilagunak egitasmoaren 13 bazkari egin ziren Tolosaldean. Agurtzane Uzinek bere etxean egindakoa kontatu du. Artikuluaren bukaeran, bazkarien argazkiak ikusgai.

Ez gara Larramendi auzoan bizi, baina bertako jaiak zirela eta bertatik bueltatxo bat ematea pentsatu genuen. Umeentzat hainbat ekintza zeuden, henarekin eskua margotzeko tailerra, buruan trentzatxoak egiteko beste tailer bat edo eta izena arabiarrez idazteko aukera, besteak beste.

Ba hantxe genbiltzala, SOS Arrazakeria taldeko neska bat gerturatu zitzaigun «Bizilagunak» egitasmoaren berri ematera eta ea parte hartu nahi genuen galdetzera. Egitasmo hau orain dela lau urte sortu zen eta bere helburua, herrialde ezberdinetako familiak etxe giroan elkartzea da, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzeko. Egia esan, aurreko urteetan programa honetan parte hartutako familiak ezagutzen genituen eta denek esaten ziguten merezi zuela, esperientzi berri bat bizi eta famili guztiarentzat oso aberasgarria zela.

Momentu horretan auzoko jai giroan murgilduta genbiltzala eta, esan genion pentsatuko genuela eta erantzungo geniola.

Ba egun batzuetan pentsatzen egon ondoren eta gure seme-alabekin hitz egin ondoren, parte hartzea erabaki genuen. Eta beraz, harremanetan jarri ginen egitasmo hau aurrera eramaten dutenekin. Azaroaren 22an izango zen bazkaria eta gure etxeko ateak irekitzea erabaki genuen beste familia bati harrera egiteko.

Bazkari aurreko egunetan, neska bat gurekin harremanetan jarri zen egun horretako zenbait xehetasun emateko, adibidez, alkoholik eta haragirik ez jartzeko, eta senar-emazteak eta hiru alabek osaturiko familia bat zela. Hori dela eta, ondorioztatu genuen, musulmanak izango zirela. Aipaturiko neska hau bitartekaria zen, eta bere lana, bi familien arteko nolabaiteko zubilana egitea da, alegia, aurkezpenak egitea, bazkaria bideratzea...

Ba jadanik erabakia hartua genuela, egun horren zain egotea besterik ez genuen. Umeak irrikatan zeuden, ia egunero galdetzen ziguten ea familia hori noiz etorri behar zen gure etxera. Luze egin zitzaien, baiezkoa eman genuenetik elkartzeko eguna iritsi bitartean.

Azaroak 22, igandea. Iritsi zen eguna. Goizean goiz jeiki ziren umeak, urduritasun eta ilusioz. Etxea antolatzen lagundu ziguten: mahaia jarri, janaria prestatu, jolasteko txokoa txukundu... Eguerdiko 13.45 aldera Triangulon elkartu ginen, euria gogotik ari zuen. Eta a ze sorpresa, umeek elkar ezagutzen zuten, ikastetxe berean ikasteaz gain, adin berekoak baitira. Eta gainera, gure txikiena eta beraien alabetako bat elkarrekin daude gelan!!

Etxera igo ginen eta, kanpoan zegoen eguralditik ihesi, goxo-goxo jarri ginen. Mahai inguruan eseri eta hizketan hasi ginen bazkaltzen genuen bitartean. Umeek ez zuten ia ezer bazkaldu, poz-pozik txoratzen zeuden, ilusioz, elkarrekin jolastu eta jolastu egon ziren. Eta gu bitartean, elkarri galdetu eta galdetu, beraien berri jakin nahian. Egia esan, bitartekariak ez zuen lan handirik izan, oso familia irekia eta jatorra zen eta.

Familia honek hasieratik hartu du parte proiektu honetan, beraz, hau laugarren urtea da beraientzat. Orain arte, beraien etxera gonbidatzen zituzten familiak, baina aurten gure etxera etortzea erabaki dute. Beraientzat oso esperientzia baikorrak izan dira, bertako jendea eta ohiturak ezagutzeko aukera paregabea baita.

Gure aldetik esan behar dut, oso gustura egon ginela beraien kultura eta ohiturak ezagutzeaz gain, Tolosara nola iritsi zireneko ibilbidea kontatu baitziguten. Azaldu zigutenez, beraien herrialdea utzi eta hona etortzea ez da batere erraza izan, bidea oso gogorra izan da eta oztopoak ere asko izan dituzte. Baina orain hemen, Tolosan, oso gustura daude, oso irekiak eta eskuzabalak omen gara euskaldunak eta hemen gelditzeko intentzioa dute.

Beraien egoera ikusirik, horrelako programek aukera ematen dute herrialde berri batera iritsi den «kanpotarra» integratzeko eta bertako sentitzeko.

13 bazkari

Bizilagunak egitasmoan Tolosaldean 13 bazkari ospatu ziren. Bertakoez gain, zazpi herrialdeetako familiek parte hartu zuten: Maroko (5), Nigeria (3), Venezuela, Nepal, Ghana, Afganistan eta Brasil. Gipuzkoako ekitaldi nagusia larunbatean ospatuko dute, Victoria Eugenian, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!