"Irteeran soilik ikusten dugu Jokin"

Asier Imaz 2015ko abe. 3a, 11:14

Ibai Urbieta (Larraul, 1998) eta Jokin Alberdi (Zizurkil, 1998) Asteasun izango dira larunbatean, junior mailako ziklokros lasterketan. Atzo, Asteasuko zirkuituan ibili ziren, larunbaterako sentsazio onak aurkitu nahian.

Etxetik gertu korrituko duzue, proba berezia izango da, ezta?
Jokin Alberdi: Kuadrillakoak eta ingurukoak etorriko dira, beraz, korritu beharreko proba.
Ibai Urbieta: Saltsa gehiago izaten da horrelakoetan; hobeto.

Zer moduz egongo da ibilbidea?
J.A.: Euria egiten baldin badu bezperan lokatza atera daiteke, eta gogorragoa izango da. Lehorrean ere gogorra bada... baina ikusteko politagoa izaten da lokatzarekin.
I.U.: Aldapa ez zait gustatzen niri, nahikoa dago bestela ere. Lehorra nahiago dut nik.

Nola iritsi zarete probara?
J.A.: Asteburuan hiru lasterketa ditugu. Ea batetik bestera hobetzen joaten garen. Ziklo krosean gustura ibiltzen gara, eta ez dago kexatzerik.

Zein helbururekin irtengo zarete?
I.U.: Ahal duguna egingo dugu. Jokinen atzetik ibiliko gara, hau harrapatzea ezinezkoa baita. Irteeran bakarrik ikusten dugu, gero aurrera joaten da eta akabo.
J.A.: Azkenean bakoitza bere lasterketa egitera ateratzen da beti. Nik nirea egiten baldin badut, aurrean ibiltzea espero dut, eta horixe egitera joango naiz.

Nazio artean ibili zara Jokin. Han beste maila batean ibiltzen dira.
J.A.: Abenduko eta urtarrileko lasterketak prestatzen ibili naiz kanpoan, forma hobexeagoa hartzeko; erritmo gehixeago. Haiek urte osoan ibiltzen dira ziklo krosean, topera. Teknika aldetik ere hondarretan lan handia egiten dute. Guk ez daukagu horrenbesteko aukera, eta eurekin lehiatzen ibiltzen zarenean hori nabaritu egiten da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!