Elduainen aldeko epaia, Urkijoren aurkakoa

Imanol Garcia Landa 2015ko abe. 1a, 20:21

Altzoko Udalaren Euskara Planaren dokumentua.

Altzoko Udalarekin lotutako auzia egun etenda dago, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak hala eskatuta.

Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, beste kontrako epai bat jaso du. Oraingo honetan, Elduaingo Udalari aktak euskara hutsean bidaltzeagatik jarritako auzi eskean. Epaitegiak, beraz, Elduaingo Udalaren alde egin du. Jose Angel Urkizu Elduaingo alkateak azaldu duenez, aktak euskaraz bidaltzen jarraituko dute.

Bestalde, Altzoko Udalaren aurkako auzi eskea etenda gelditu da, Urkijok hala eskatuta. Euskara Plana euskara hutsean bidaltzeagatik jarri zion Altzoko Udalari auzi eskea, eta prozedura epaitegien erabakien zain zegoen. Uematik azaldu dutenez, Urkijok epaitegiei eskatu die hainbat udalen aurka martxan jarri dituen auzi prozesuak etetea. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak Irurako Udalaren auzian Iruraren aldeko epaia eman zuen, eta antzeko beste prozesu batean zentzu berean beste epai bat emanez gero jurisprudentzia sortuko luke. Horrek martxan dauden prozesu guztiei eragingo lioke eta martxan dauden epai guztiak bide berdinetik erabakitzea, hau da, Urkijoren aurka.

Hala, Espainiako Gobernuaren ordezkariak Auzitegi Nagusiaren hurrengo epaiaren zain egon nahi du, auzi prozedurekin zer egin erabakitzeko, eta bitartean prozesu horiek etetea eskatu du.

Bere aldetik, Altzoko Udalak euskarari «eraso gehiagorik ez egiteko» eskatu du, eta Urkijori ondorengo mezua zuzendu dio: «'Bere' instituzioan behar den baliabideak jar ditzala hartu-emanak euskaraz ere artatzeko eta bereziki gonbidatzen dugu euskara ikastera». Horrez gain, udalak eskatzen du «auzi judizial hau behin betikoz etenda gelditzea, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen direnez. Ez du zentzurik horrelako salaketak egitea euskararekiko gorrotoan eta mespretxuan oinarrituta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!