Musika bidelagun izan dute Loatzoko ikasleek Katalunian

Ataria 2015eko abenduaren 1a

Iragan ostegunean abiatu eta igandea bitartera luzatu zen Loatzo Musika Eskolako 60 ikasle eta irakasleen bidaia Kataluniara. Izan ere, Villafranca del Penedeseko Maria Dolores Calvet musika eskolarekin duela bi urte sortutako elkartrukearen jarraipena da honakoa.

Egun beteak izan dituzte gaztetxoek autobusa Alegia eta Villabonatik abiatu zenetik, ostegunean. Horrela laburbildu zuen Ainhoa Elizondok, Loatzoko irakasleak: «Ostegunean bidaia egin eta iritsi ginenerako harrera bat prest zuten, euskaraz eta katalanez idatzitako pankarta batzuekin ongi etorria eman ziguten. Benetan harrera hunkigarria izan zen. Egun horretan castellers-en lokalean tailer bat eskaini ziguten, esplikatuz nola egiten dituzten, oso ohitura zabaldua baita Kataluniako zonalde horretan».

Jarraian, euren musika kontzertua jaso zuten eta ostiralean euskaldunen txanda izan zen: «Gure kantuak eta gure kulturari lotutako saioak eskaini genituen; arratsaldean, entseguak egin genituen, larunbatean eskainiko genuen kontzertuari begira», kontatu zuen Elizondok.

Kontuak kontu, elkartrukea oso positiboki baloratu dute Loatzotik: «Ikasleentzat horrelako ekimenak oso motibagarriak dira, bai ikasteko orduan, bai jende berria ezagutzeko eta baita euren artean ezagutzeko ere».

Oraingoan Loatzoko musikariak Herrialde Katalanetan izan badira ere, bisitan bueltan etorriko zaizkie katalanak 2016ko martxoan. Orduan, orain jasotako harrera beroa bueltatzeko moduan izango dira eskualdeko musikariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!