12 metroko kamioia, sahararren itxaropen txiki

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 1a, 11:40

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, sendagai, material, janari eta oinarrizko produktuen bilketa egin du, beste urtebetez; Zizurkilgo Udalak ezohiko diru laguntza onartu du, sahararrei laguntzeko.

Saharar kanpalekuetara 12 metroko kamioia bidali dute, Tolosaldetik, herritarren nahiz eragileen laguntzari esker. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek agerraldia eskaini zuten atzo, Larramendi auzoko biltegitik, eta esker hitzak baino ez zituzten izan, lagundu dutenentzat nahiz jakiak eta produktuak eman dituztenentzat.

Elkarteko ordezkariak, bide beretik, Saharako arazoa "politikoa" dela nabarmendu zuen, eta sahararren egoeraz ohartarazi nahi izan zuen, jaki bilketaren harira: "Beren itsasertzean jaso zezaketen janaria latetan jasotzen dute. Izan ere, estatu batek inbaditu egin ditu eta, bertako lehengai eta etekinak erabiliz, negozioa egiten ari da Europar Batasunarekin. Maroko eta Espainiako flotak hango arraina arrantzatzen ari dira, Espainiara eraman, eta latetan sartzeko. Beraz, hemen elkartasunez janaria ekartzen dutenek lata horiek erosten dituzte, berriro hara bidaltzeko".

Bere aldetik, Olatz Peon Tolosako alkateak elkartearen lana goraipatu zuen, bai kanpaina horrengatik, bai urte osoko lanagatik ere: "Elkartasuna azaltzea ezinbestekoa da, bai hango sahararrei, baita hemen bizi direnei ere".

Horrenbestez, joan den urtarriletik martxora bitarte, uholdeen inguruko kanpainan parte hartzeagatik, eta urte osoan materiala eman izanagatik, Tolosaldea Sahararekin elkarteak honako eragileei eskerrak eman nahi izan zizkien: "Haizea elkartea, Goierriko Sahararen lagunak, Eibarko saharar elkartea, Lasarteko Sahara elkartea, Kirikiño aisialdi taldea, Tolosako Udala, Amasa-Villabonako Udala, Urnietako Udala, Limousin, Alki Anoeta eta, halaber, urte osoan barrena material hori guztia antolatzen biltegi honetan lanean aritu diren guztiei".

Zizurkilgo udalbatzak, ezohiko laguntza

Saharar kanpalekuetan euriteak izan dira nagusi, pasa den urrian, eta milaka herritar etxerik gabe geratu dira, elikagaiak nahiz materiala galduz. Hori horrela, Zizurkilgo udalak ezohiko ditu laguntza ematea erabaki du azaroko osoko bilkuran.

EH Bilduk honako proposamena egin zuen bilkuran: "Zizurkilek konpromiso sendoa du garapeneko laguntzekin. Euskal Fondoaren bidez, bereziki El Salvador-en bultzatzen ditugu proiektuak, Meanguera bertako herriarekin senidetuta baikaude 90eko hamarkadatik. Oraingoan ordea, iruditzen zaigu sahararrei keinu bat egiteko unea dela"

Horrenbestez, Zizurkilgo udalbatzak ezohiko 500 euroko diru laguntza onartu du. Bide beretik, saharar herriaren "burujabetza aldarrikatuz", herritar guztiei bando bidez jakinaraziko diete sahararren egungo egoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!