Barakaldoko langabetu euskaldun berriaren abestia hamaika aldiz entzungo zuten Euskal Herriko auto nahiz paretek. Euskara ikasteko hautuaz, pausoa eman eta bide horretan ikasleari bururaturiko ateraldiez osaturikoa, abesti ezagun bilakatu da. Eta, umore kontuetan, normalean, horrela izan ohi da: zerbaitek grazia egiten du, benetan hala delako.
Abenduaren 3ak milaka izan dira, eta izaten jarraituko dute, baina 2015. urteko Euskararen Nazioarteko Eguna pausoa eman eta euskarara jauzi egitea erabaki duten herritar horiek omentzeko baliatuko du Euskal Herriak, euskararen herriak. Horrela, udal, foru aldundi nahiz jaurlaritzak hala adostuta, gorazarre bateratua eskainiko diete, askorentzat ama hizkuntza den hori bereganatu nahi izan dutenei, eta horretan ari direnei.
Tolosaldean ere, asmo horri begira prestatu dituzte ostegunaren inguruko hainbat hitzordu. Tolosako Udalak, esaterako, aho batez onartu zuen euskaldun berriak omentzeko adierazpen instituzionala eta, besteak beste, herriko kale, plaza edo parkeren bati Euskaldun Berri izena jartzeko konpromisoa hartu zuten, euskararen irakaskuntza doakoa izateko asmoa nabarmentzearekin batera.
Bere aldetik, Galtzaundi Euskara Taldeak ere hiztun horiei begirako saioa antolatu du ostegun iluntzerako, Karmelo Ayestaren eskutik. Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egilea da bera, eta euskaldun berriei zuzenduriko saioa izango da.
Euskararen jabe egiteko saiakera horretan aritu edo ari direnei begirunez txalo egitearekin batera, ordea, aurtengo euskararen egunak ez du kantuen, dantzen nahiz jakien faltarik izango eskualdean.
Zizurkilen, hitzarmena ere bai
Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxeak euskararen astea antolatu du eta, astelehenean bertan ekin zieten jarduerei. Horrela, Zizurkilgo Udalarekin sinatu berri duten hitzarmena izan zen eguneko hitzordu garrantzitsuenetako bat, eskolan.
Udalaren eta eskolaren arteko hitzarmenarekin, besteak beste, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu zuten bi erakundeek, eta ekitaldian parte hartu zuen Jose Mari Luengo Zizurkilgo alkateak: «Zizurkilgo Udalak asmo sendoa du herrian zehar euskararen erabilera bultzatzeko», azaldu zuen.
Dakitenek erakutsi eta ez dakitenek ikasi leloari jarraitzen diotenak izan daitezela gero eta gehiago, beraz, etzi nahiz urte osoan.
Hitzorduak eskualdean
Aduna
Abenduak 3, osteguna
19:00. Pintxolaguna egitasmoa, Txulobi elkartean eta Uztartzan. Pintxo bat janez, euskaraz hitz egiteko aukera izango da.
Alegia
Abenduaren 2a, bihar
19:00. Hitzaldia Andoni Egañaren eskutik, euskararen inguruan, kultur etxean. Ondoren, luntxa.
Altzo
Abenduaren 3a, osteguna
20:30. Ohiko osoko bilkuran, Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartuko dute. Abenduaren 4a, ostirala
17:00. Mosaikoa plazan. Ondoren, kantaldia herriko musikarien laguntzaz.
19:00. Bertso-triki poteoa Otsabiope gaztetxeak antolatuta.
Anoeta
Abenduaren 3a, osteguna
21:00. Kapulana bat zintzilik Miren Amurizaren bertso jarrien saioa, Mikelasagasti auditorioan.
* Azken eguna izango da, 16:30etik 19:30era, Miren Amurizaren saioarekin loturiko Batu taupadara! erakusketa ikusteko. Anoetako liburutegi berrian izango da ikusgai.
Berastegi
Abenduaren 3a, osteguna
15:00. Eskolako haurrak frontoian elkartuko dira, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ekitaldia herritarrei irekia izango da.
16:30. Altxorraren bila eta jolasak umeentzat.
18:00. Kultur lehiaketa udaletxean gazte zein helduentzat.
Ibarra
Abenduaren 4a, ostirala
19:00. Galtzakomik komiki lehiaketako sari banaketa, kultur etxean.
Irura
Abenduaren 3a, osteguna
15:00. Ikastolako haurrak plazan elkartuko dira, eta abestiak nahiz bertsoak kantatuko dituzte; euskararen manifestua ere irakurriko dute. Ondoren, gaztaina jatea izango da, udalak antolatuta; eguraldi txarra egiten badu frontoian izango da. Bertan, udaleko ordezkari batek udalak onarturiko adierazpen instituzionala irakurriko du, euskaldun berriak goraipatuz.
Ikaztegieta
Abenduak 3, osteguna
14:30. Eskolako umeek ginkana egingo dute plazan, eta Behin betiko abestuko dute. Ondoren, udalaren eskutik txokolate jatea izango da.
18:00. Baraka taldearen eskutik, Zoritxarreko babutxak antzezlana ikusgai izango da, haur eta familientzat, liburutegian.
Abenduak 4, ostirala
18:00. Beltzean mintzo dokumentala ikusgai izango da, udaletxe azpiko aretoan.
Lizartza
Abenduaren 1a, gaur
19:00. Uemak arnasgune euskaldunei buruzko formazio tailerra emango du, kulturgunean.
Abenduak 3, osteguna
Goizean. Haur Eskolan postal lehiaketa egingo dute. Argazkiak jarriko dituzte, eta herritarrentzat atea zabalik egongo da.
16:30. Haurrentzako txokolate jatea eta jokoak izango dira plazan, musikarekin giroturik. Guztia euskara ikasten ari diren ikasleek lagunduta izango da.
Abenduak 4, ostirala
19:00. Amonaren belarriak entzundako kontu txiki eta handiak izeneko ipuin kontaketa Kontukantoiren eskutik, udaletxeko aretoan.
Tolosa
Abenduak 3, osteguna
Goizean. Gatzaundik antolatuta, Hirukide, Laskorain, Orixe eta Uzturpe ikastetxeetako gazteek euskaratik eta euskaraz egindako graffitiak egingo dituzte Tolosako eta Ibarrako semaforo kaxetan.
18:00. Karmelo Ayesta Goza daiteke gehiago: euskaldun baten hizkuntza-bidaia liburuaren egileak hitzaldia eskainiko du, kultur etxean, Galtzaundik antolatuta.
Euskaldun berriei eta euren euskara hobetzen ari direnei zuzenduriko saioa izango da.