Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Finalerako zirrikitu bat zabaldu zaio Oihana Iguarani Tolosan

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 29a, 21:41

482 punturekin laugarren egin zuen amasarrak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoan. Unai Agirrek, maisuki eraman zuen saioa eta Ilunberako zuzeneko txartela eskuratu zuen Usabalen

"Pozik nentorren, ilusioarekin eta gainezka noa. Izugarrizko erantzuna jaso dugu publikotik. Honaino egindako ibilbidearekin aseta nago. Txapelketan izan dugun ibilbideari egindako opari bat izan da gaurkoa". Igandeko finalaurrekoa bukatu eta berehala, Oihana Iguaranek esandakoak dira. Garesti dago Ilunbeko finalean kantatzeko tokia, baina ez zaizkio aukera guztiak itxi. Datorren igandean Eibarko azken finalaurrekoak erabakiko du zortzikotea eta baliteke izenen artean, Oihana Iguaranena egotea. 

Goitik hasi zuen saioa Amasakoak. Iñaki Apalategirekin, hamarreko handian, haurdun dauden bi emakumeren paperetik kantatu zuen, inork tokirik uzten ez diela eta autobusean zutik doazela. Elkarrizketa polita osatu zuten eta bigarrengoan borobildu zuen lana Iguaranek: "Gainera hola begiratuta / nik´e galtzen det kontrola / nik bi txorkatil puztu hauetan / taupaka daukat odola / berai begira geratu arren / ez zaio bate ajola / zer aulki ona galdetu diot / hanka zapaltzen niola / sabel barruan dudan pisua / sentitu dezala hola".

Hiru punturi erantzun behar izaten diote bertsolariek finalaurreko saioetan eta zuzen bete zituen lanak Iguaranek: "Ez zitzaidan hasieran ideia brillanterik okurritu eta saiatu nintzen puntuak ahalik eta txukunen osatzen, hori ere kontuan hartzen baitute epaileek". Seiko motzean berriz beste printza bat utzi zuen Unai Agirrerekin batera kantatuta. Adineko bikotea ziren, Agirrek hil ondoren bere gorpua zientzia ikerketarako utzi nahi zuen eta Iguaranek lurperatzea nahiago. Lehenengo bertsoan, Iguaranek, nahastuta-edo, gorpua erretzea baino nahiago zuela lurperatzea kantatu zuen eta Agirrek esandakoa baliatuta, honela erantzun: "Zu bildurtia ustela / bizitzaren erregela / nik zientziari nahi diot / gorputza honela / ez erre esan bezela / antzeko da dena dela / lehendik erre dan / gorputz eder hau / azter dezatela". Bigarrengoan, Iguaranek: "Esan bildurti naizela / baino nahio det horrela / kutxa batean gorpu zahartu bat  / zure andre txepela / zientziara zoazela / eta pentsatu det bela / aguante eredu izan daiteke / zuk dezun gibela".

Zortziko txikian, Nerea Elustondorekin kantatu ondoren, lanak kartzelakoarekin borobildu zituen amasakoak. Sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik gaia zuten bertsolariek kanturako eta amari eskaini nahi izan zizkion bertsoak: "nik uste euskaldunon ezgaitasun emozional hori erakutsi dugula kartzelan gehientsuenok eta normalean esaten ez ditugunak kantatzeko baliatu dugu gaia".

Maila handiko finalaurrekoa

Bakarkako ariketan amari kantatu zioten Iguaranek ezik, Beñat Gaztelumendik eta Beñat Lizasok. Añorgakoak bigarren egin zuen Tolosako finalaurrekoan eta 501 punturekin ziurtatuta du tokia abenduaren 19ko finalean. Zuzen aritu zen ariketa guztietan, akaso, espero zena baina apalago. Kartzelako ariketan jo zuen goia Tolosara gerturatu ez zen amari kantatuz.

Kartzelako ariketa puntuatuena Iñaki Apalategik egindakoa izan zen, modaren esklabo den emakume bati kantatuta. Harrigarri osatu zuen bigarren bertsoa, goitik behera, aberats errimetan, esanahiez beteta: "Beti izan da hain modernoa / hain fashion, cool, guay, hain ina / astean zehar spinninga / eta larunbatez kokaina. / Baina bizitza ez da filma, / ai gure fashion biktima! / Astero astero aberasten du /  Herreratar Carolina / han utzi ordez propina / pozik zenuke arima, / bertako apal batean / balego salgai autoestima". 493,5 punturekin, beasaindarrak ere tokia izango du, ziurrena, Ilunbeko finalean.

Besteen gainetik nagusitu zen, Unai Agirre Tolosako finalaurrekoan. Umorean asmatu zuen, "pare parean tokatu zaizkit gaiak eta jendeak erantzun du", aipatu zuen hernaniarrak saioaren bukaeran. Puntu erantzunak ariketa estua izan arren, bikain aritu zen, adibidez hirugarrenean. Iker Iriartek bota zion, Zenbat geldituko da / oparirik gabe: "munduan nola dago / jendea hain grabe. / Beste batzuk gehitxo / ez da nobedade / partituko bagendu / guztientzat hobe". Hirugarren Gipuzkoako finala izango du Agirrek.

Eibarren azken finalaurrekoa

Datorren igandean erabakiko da zein zortzi lagunek osatuko duten 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala. Eibarren jokatuko da azken finalaurrekoa. Iguaranen hitzetan, "Euskal Herrikoan nago eta hori zen helburua. Ea Eibarren zer gertatzen den. Espero dut saio on bat izatea, finalera sartzen banaiz ez dadila izan besteek saio txar bat egin dutelako. Artola animatzera joango gara".

Izan ere, Mikel Artola alegiarra izango da eskualdeko ordezkaria azken finalaurrekoan. Berekin batera, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga eta Jon Maia arituko dira. Abenduaren 6an izango da, 17:30ean hasita, Eibarko Astelenan.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!