Bigarren egunez, papergintzak planto

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko azaroaren 28a

Papergintzako langileek sei eguneko grebaren bigarren eguna dute, eta elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloan; Hernaniko Zikuñaga paper fabrika "indarrez eta gezurra esanda" irekiarazi dutela salatu dute.

Gipuzkoako papergintzak planto egin du enpresari eta patronalaren aurrean, sei egunez. Ostiralean ekindako mobilizazioei, gaur jarraitu diete, eta Tolosaldeko langileak Trianguloa plazan elkartu dira, beren aldarriak pankarta bakarrean biltzeko.

Josu Olazabal langileak azaldu duenez, "oso balorazio positiboa" egin beharrean dira, oraingoz: "Paper fabrika guztiak itxita daude, bat izan ezik. Hernaniko Zikuñaga irekiarazi egin dute, bart, jabeek. Langileei deitu diete eta, gezurra esanez, gutxieneko zerbitzuak direla esanez, langileak behartu egin dituzte makina bat gaur goizean martxan jartzera". Gauzak horrela, sindikatu eta langileak salaketa jartzeko asmotan dira, lan inspekzioan. "Horrekin ez gaude oso gustura, eta beraiek ere badakite oso zikin jokatzen ari direla. Gainontzeko paper fabrika guztiak geldirik gaude, eta beraiek proposatzen dutena ez da gutxieneko zerbitzuei dagokiena. Areago, aurrez negoziatu gabe daukate hori".

Grebaren lehen egunean, Adegi patronalak legez kanpokotzat jo zuen mobilizazioa, baina langileek argi daukate beren posizioa: "Sindikatuok legez egiten ditugu grebak, eta baimenak legearen barruan eskatzen ditugu. Beste gauza bat da, Adegiri hori ez gustatzea, edo enpresariei greba honek graziarik ez egitea. Dena den, greba ez dugu beraien gustuko izateko egiten; enpresari honek guztiak eragin diezaion egiten dugu. Beraz, legezkoa da, bai ala bai, eta greba egiteko moduari buruz ez dago ezer zehaztuta, ez epaitegietan eta ez inon. Alde horretatik, beraz, lasai gaude".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!