Ari du bertsoa Tolosaldean (I): Bertsolaritza Hezkuntza Arautuan

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 27a, 18:10

10-11 urterekin bertsoarekin lehen harremana izaten dute gure eskualdeko gaztetxoek ikastetxeetan. Gehien zaletzen direnek izena ematen dute bertso eskolan.

Bizkotxo eta guzti

al hator gaur motel?

Patio garairako

guretzako itzel,

jarriko dizkiagu

belarriak epel

Zorionak bihotzez

denon partez Markel!

Markelen urtemuga egunarekin gerturatu da Tolosaldeko Ataria, Laskorain ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren gelara. Saioaren bukaeran, Bixente Gorostidi irakasleak prestatu dio bertsoa eta denen artean kantatu diote. Irribarrez hartu du Markelek.

Gorostidik Gu ere bertsotan progamaren barruko saioak eskaintzen ditu Tolosako hiru ikastetxeetan. Lehen Hezkuntzak bosgarren eta seigarren mailan irakasten da bertsolaritza, gehienetan behintzat: «Eskolaren arabera, ikasturte batean, bitan edota hirutan lantzen dute. LH 4., 5. eta 6. mailetan ematen dute, adibidez, Tolosako Laskorainen eta Samaniegon. Hirukidek 5. eta 6. mailan. Eskola txikietan, urtebetez lantzen dute askotan mailak gela bakar batean biltzen baitira».

Tolosaldean hamabigarren ikasturtea du Gu ere bertsotan-ek. Gipuzkoan duela 14 urte abiatu zuten proiektua. Aurrena, Tolosako hiru ikastetxeak hasi ziren egitasmoarekin eta gero inguruko herriak animatu ziren, «gaur egun eskualdeko herri gehientsuenetan gabiltza. Aurten hasi dira, adibidez, Anoetan eta Iruran».

Irakasle bakoitzak 50 talde ibiltzen ditu eta beraz, 25 ordu ematen ditu astean. Bi astez behin joaten dira klasera: aste batean ikasgelan jarduten dira eta hurrengo asterako lan bat uzten diete egiteko. Eskualdean, Gorostidirekin batera, Unai Mendizabal eta Mikel Artola dabiltza hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasten.

Tolosaldetik kanpora, Amaia Agirrek eta Aitor Mendiluzek ere ematen dituzte eskolak. Gipuzkoan proiektu honekin Aitor Mendiluze eta Nerea Urra hasi ziren duela 14 urte. Gorostidik azaldu duenez, «Arrasaten hasi ziren, eskoletan ahozkotasuna lantzeko bertsolaritza tresna egokia zela pentsatuta. Nereak proiektua egin eta Aitorrek Bertsozale Elkartetik laguntza bideratu eta materiala prestatu zuen». Aurreneko bi-hiru ikasturteetan material horrekin ibili ziren: «Oinarrizkoa zen, bertso eskoletan erabiltzen denaren antzekoa. Hutsuneak betetzeko eta doinuak ikasteko ariketak ziren gehienbat. Material praktiko eta eraginkorra zen. Gaur egun erabiltzen duguna berdintsua da baina pedagogikoki landuagoa». Jolas moduan daude ariketak prestatuta, parte har dezaten eta kanta dezaten.

Gorostidik aipatzen duenez, «umeei gehien gustatzen zaiena kantatzea da, bertsoa osatzea eta berriz ere kantatzea; teoriarekin aspertu egiten dira». Hemen Tolosaldean arraroa da bertsolaririk inoiz ikusi ez duen ikasle bat topatzea, baina badira horrelakoak ere. «Kezka bagenuen hasieran, baina zortea izan dugu, inoiz ez gaituztelako irakasle bezala hartu. Kanpotik gatoz eta beste jarrera batekin begiratzen gaituzte. Bertsolaritza ez dute ikasgai bezala hartzen».

Ikasleek oinarrizko irakaspen batzuk jasotzen dituzte bertsolaritzaz. Txapelketako saio batera edo jaialdi batera gerturatuz gero bertsolariak zein neurritan eta zein doinutan aritzen diren ezagun dute gaztetxoek. «Ohiko entzule askoz baino gehiago jakiten dute bertsoaz».

Eta toki guztietan bezala, badira erraztasun handiagoa dutenak. Haiek bertso eskoletara bideratzen dituzte. «Askotan haiek etortzen zaizkigu galdezka eta Gu ere bertsotan programarekin zubi lan hori egiten dugu ikastetxe eta bertso eskolen artean», dio Gorostidik.

BERTSOLARITZA ESKUALDEKO IKASTETXEETAN

Ikastetxeak: Alegiako San Juan, Amezketako Zumadi, Altzoko Imaz Bertsolaria, Bidaniako Txinkorta, Zizurkilgo San Millan eta Otaño, Villabonako Fleming eta Zubimusu, Anoetako Herri Ikastola, Irurako ikastola, Asteasuko Pello Errota eskola, Ibarrako Uzturpe ikastola, Berastegiko Muñagorri eskola, Larraugo eskola eta Tolosako Laskorain, Hirukide eta Samaniego.

Ikas maila: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

Ikasle kopurua: 1.150.

Irakasleak: Tolosaldeko ikastetxeetan, Amaia Agirre, Unai Mendizabal eta Bixente Gorostidi. Tolosaldetik kanpoko ikastetxeetan, Aitor Mendizule eta Mikel Artola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!