Ari du bertsoa Tolosaldean (III): Adin-adin, bertsotan gaztetuz

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 29a, 13:00

Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek ez zituzten Iurreamendi egoitzako egoiliarrak gehiegi xaxatu behar izan kantuan has zitezen. Goiko bertso hau, goitik behera kantatu zuen amona batek azaroaren 17ko bertso saioan.

 

Zarauzko herriko apaizak

semetxo bat badu,

osaba deitzen du

berak hala nahi du.

Beste zenbait bezala

banengoke libre,

zurekin ezkontzea

dudarik ez nuke.


Aurten Adin-adin programari amaiera Tolosan eman diote. Marta Agirrezabala, Lanku bertso zerbitzuak-eko arduradunak eman ditu egitasmo honen inguruko xehetasunak: «Iaz proiektu bat aurkeztu genuen, bertsolaritza esparru berrietara zabaldu nahian. Zaharren egoitzetako egoiliarrei bertsoa mesedegarri izan zitekeela iruditu zitzaigun, alde ludikotik zein terapeutikotik». Gipuzkoako Foru Aldundikoko Gizarte Zerbitzuek ontzat eman zuten asmoa eta iaz proiektu pilotu batekin abiatu ziren. Lau egoitzetan egin ziren saioak: Azpeitia, Arrasate, Bergara eta Tolosan.

Iaz Adin-adin programan parte hartu zuen Amaia Agirrek, «aurreko urtean Millan Telleriarekin etorri nintzen eta bazeuden isildu gabe aritzen ziren egoiliarrak». Aurretik ere aritua zen billabonatarra bertsotan Iurreamendin: «Duela urte dezente, urtero etortzen ginen Tolosako bertso eskolan ibiltzen ginen laukotea. Ibarran parrandatxoa egin eta gero meza ondorenean etortzen ginen kantura. Orduan erdaldunak, euskaldunak, ondo zeudenak eta hain ondo ez zeudenak etortzen ziren eta ez zen saio hain atsegina izaten».

Orain, Adin-adin programarekin bi baldintza eskatzen dituzte bertso saioan parte hartzeko: kognitiboki ondo egotea eta euskaraz jakitea. Mertxe Lakuntza Iurreamendiko gizarte laguntzaileak nabarmendu duenez, «egoiliarrek atentzioa mantentzen dute ordubete osoan eta umorea ere eskertzen dute. Depresioei aurre egiteko beharrezkoa dute». Orain arteko balorazioetan ere hori nabarmendu dute parte hartzaileek. Hala ere, Agirrezabalak azaldu duenez kognitiboki ondo egon ez arren, mesede handia egiten die adinekoei bertsoak entzuteak: «Ikusi dugu pertsonei emozioetara iristen zaiela bertsoa. Jendea negarrez ikusi dugu eta egoitzetako psikologikoek balorazio oso positiboa egin dute».

Iurreamendin azaroa erdialdean egin zuten bertso saioan 22 egoiliarrek eta zortzi senitartekok hartu zuten parte. Agirrek dioenez, «harrigarria da nola geldi-geldi egoten diren ordubetez. Esker oneko publikoa da hau. Hamar urte bitarteko umeekin gertatzen den bezala, beste edozeinek baino gehiago eskertzen dute gure jarduna».

Metodologia berdina erabili izan dute bertsolariak aukeratzerako orduan: zaharragoa bat eta gazteagoa bestea. Anjel Mari Peñagarikanok azaldu du: «Urteetan ere gora noa ni eta hemengo egoiliarren seme-alabak nire adinekoak dira. Ez da harritzekoa nire ezagunak izatea». Entzuleek ere estimatzen dute garai batean plazan ezagutu zuten hura bertatik bertara entzutea.

Egoiliarrek ez dute, hala ere, entzun bakarrik egiten: «Egia da eserita, mahaiaren beste aldean daudela, hartzaile bezala jartzen direla emaile baino gehiago. Sortzaileak gu gara eta kosta egiten da arrankatzea. Hemen zortea dugu, buruz kantu asko dakizkien emakume bat dagoelako eta horri eskerrak bizi joaten da saioa», dio Agirrek. Berdina baieztatu du Peñagarikanok, «bagenekien bultza egin behar geniela, gainerakoan oso hotz geratzen da saioa. Zirikatu, kantarazi eta gaia jartzeko esan... Horrela aritzen gara».

Aitorren hizkuntz zaharra, Artillero dale fuego, Txoria-txori, Gernikako arbola... abestu zituzten elkarrekin bertsolariek eta egoiliarrek azaroaren 17an. Lakuntzak saioaren bukaeran jendearen parte hartzea nabarmendu zuen, «iazko esperientziaren ondoren, berehala errepikatzeko prest agertu ginen. Jendea asko inplikatzen da, bai egoiliarrak eta bai familiarrak ere».

Aurten 11 saio egin dituzte Gipuzkoako beste hainbeste egoitzetan. Agirrezabalak esan duenez, «asko eman dezakeen proiektua da». Gehiago zabaltzea komeni dela uste dute Lankutik. «Uste dugu Gipuzkoan ez ezik, Nafarroa eta Bizkaiko zona euskaldunetan ere interesgarria izango litzatekeela adinekoen egoitzetan bertsoari tokia egitea».

ADIN-ADIN PROGRAMA

Sustatzaileak: Lanku Bertso Zerbitzuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen saila.

Egoitzak: Errenteriako Jesusen Bihotza, Azkoitiko San Jose, Oiartzungo Petra Lekuona, Lazkaoko Txindoki, Beasaingo Arangoiti, Arrasateko Iturbide, Bergarako Mizpirualde, Azpeitiko San Martin, Donostiako Zorroaga eta Tolosako Iurreamendi.

Bertsolariak: Alaia Martin, Sebastian Lizaso, Eneritz Artetxe, Anjel Larrañaga, Esteban Martiarena, Jon Martin, Gema Urteaga, Iñaki Murua, Jose Luis Gorrotxategi, Maider Arregi, Beñat Lizaso, Ane Labaka, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Anjel Mari Peñagarikano eta Amaia Agirre.

Tolosako saioko parte hartzaileak: azaroaren 17an Iurreamendi egoitzan burutako saioan 22 egoiliarrek hartu zuten parte eta sei senitartekok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!