Espainiako txapelketa du helburu Hike Mushing Taldeak

Asier Imaz 2015eko azaroaren 27a

Espainiako Mushing Txapelketak jokatuko dira asteburuan Cobarrubiasen, Burgosen. Hike Mushing Taldeko eskualdeko ordezkariak bertan izango dira.

Sprint distantziako txapelketa izango da, hau da, 10 kilometrotik beherako probetan lehiatuko dira; modalitate guztietan. Eneko Agirre zizurkildarrak honela izendatu ditu modalitate horiek Ataria Irratia-n: «Txakur krosa, joring, patinetea eta trizikloa lau, sei edo zortzi txakurrekin».

Zizurkildarrak bi modalitaten parte hartuko du. Patinetean iaz hirugarren helmugaratzea lortu zuen, eta aurten ere podiumean egon nahi du. Bizikletarekin ez da hain baikorra Agirre, distantzia luzeagoa izan balitz aukera gehiago izango zituelakoan dago.

Mattin Jauregi ikaztegietarra txakur krosean aterako da, Aitor Agirre taldekidearekin batera. Iaz bigarren eta hirugarren postua lortu zuten Hike Mushing Taldeko bi gazteek, juniorretan, eta aurten ere helburu berarekin joango dira: «Gutxienez postu horietan egotea gustatuko litzaiguke. Ez da erraza izango; aurten txakur gaztea daukat, eta ondo joaten bada, lehengo urteko postuaren inguruan ibiltzea nahiko nuke. Ahal duguna egingo dugu», dio ikaztegietarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!