Ostiralean pozik iritsi ziren Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Munduko Txapelketatik Gael elkartekoak. Zorionak emateko pankarta batekin zain zituzten euren gertukoak Ikaztegietan, eta txalo artean jaso zituzten Lloret de Mar-etik (Herrialde Katalanak) ekarri zituzten kopekin iritsi zirenean. Txapelketatik bueltan ingurukoengandik jasotako babesa «eskertzekoa» dela dio Jon Leunda entrenatzaileak. Esperientzia hau denentzat da «polita».
2003an jaiotako hamar jokalarik parte hartu dute bertan, bederatzi eskualdekoak. Mikrofutsalean lehenengo eta bigarren postuak lortu dituzte –txapelketa honetan bitan banatuta jokatu baitute–, eta areto futbolean seigarren egin dute. Leundak txapelketaren balorazio «oso ona» egiten du. Mikrofutsalean lortutako emaitza «oso ona» dela dio, bi taldeetako «edonork» irabazi zezakeelako. Areto futbolean, berriz, talde gogorren aurka jokatu behar izan zuten: «Hiru multzoetan indartsuena gurea izango zen», baina emaitzak ez dira txarrak izan.
Partidaz partida aurrera
Txapelketari hasiera gogorra eman zioten 6-0 galdu baitzuten, Español Lloret taldearen aurka: «Areto Futboleko taldea Bartzelonak ematen du, eta nabaritzen zen». Gerora txapelketa talde horrek irabazi zuen. Hala ere, haurrek beren maila «ez zutela eman» uste du Leundak, eta «urduri» jokatu zutela. Atseden egun baten ondoren bigarren partida, Israelgo Jatt taldearen aurka jokatu zuten, eta orduan ere galdu zuten, baina atseden egunean beste multzoetako partidak ikustean taldekideak «besteen pare zeudela» konturatu ziren. Pentsamendu horrek partidan lagundu eta «hortik aurrera maila handia» eman zutela.
Mikrofutsalean, berriz, hasieratik garaipenarekin hasi zuten txapelketa. Modalitate honetan «abantaila txiki bat» dutela uste du Leundak, beraiek liga jokatzen baitute, beste talde askok ez bezala. Horregatik, maila «oso handia» dutela uste du, eta Lloreteko taldeak finalerdietan atzera egin ondoren, hiru taldek ligaxka jokatu zuten Pegasus errusiarren aurka eta Gael B eta A taldeak gelditu ziren lehen postuetan.
Ligaxkan euskal herritarrek bazekiten errusiarrek, teorian behintzat, eurek baino «gutxiago» jokatzen zutela. Hala ere, errusiarrek jokatutako partida onen ondorioz «sufrituta» bada ere irabazi zuten.
Txapelketaren helburua ez zen garaipena lortzea. Garrantzitsuena «talde batu» bat egitea zen eurentzat, eta horri guztiari emaitza onak gehituta «esperientzia oso ona» izan da. Umeek ere maila horretan joka dezaketela ikustea eurentzat «garrantzitsua» dela dio Leundak eta esperientzia beti «gogoan» izango dutela. Baita Gael elkartearentzat ere, herri txikietako ligarekin aurrera jarraitzeko «garrantzitsua» baita.
Aurrera begirako helburuak
Munduko Txapelketa amaitu arren, taldea ez da desegingo. Liga hasteaz gain, Gabonetan nazioarteko torneo bat antolatzeko «erronka» dute, Gipuzkoan. «Printzipioz» Ekuatore Gineako selekzioaren parte hartzea lotuta dute. Iaz munduko txapelketan izandako taldeak eta aurten joandakoek torneo bana jokatuko lukete. Helburua nazioarteko partidak jokatu ahal izatea da, eta horretarako ere diru laguntzak beharko dituztenez, Leundak txapeldunak izan diren bi talde horiei laguntzera «animatu» nahi du.