Azaroak 25 - 2015

Jarrera ubelak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko aza. 22a, 12:00

Heriotza kopuruak neurtzen du, sarri, emakumeenganako indarkeriaren larritasuna; jipoi eta zaplaztekoak icebergaren punta baino ez dira, ordea, balore baztertzaileetan eraikitako gizarte batean.

Dantzalekuetan doan sartzea. Dantzalekuko parranda amaitu ondoren, etxera korrika itzuli behar izatea; taxiz, bestela. Autoa aparkatzen, mutil kuadrilla bat barre txikiz sumatzea, aldameneko espaloian. Astebururo errepikatzen diren kirol eztabaidetan, norbere hitza aintzat ez hartzea, inguruko mutilena ez bezala. Hondartzara joateko trena beranduago hartzea, depilatu gabe egoteagatik.

Ale txikiak dira, gaitz handi bat elikatzeko. Horrek ere hil egiten baitu, mikromatxismoak.

1. Badakizu zer den mikromatxismoa?

2. Irudiei begiratu ondoren, zer pentsarazten dizute?

3. Zure inguruan horrelakorik ikusten edo bizitzen al duzu?

 

IRATI ESTARBE Tolosa

16 urte, ikaslea



1. Bai, egunerokotasunean oharkabean gertatzen diren erasoak, garrantziarik ematen ez diogunak.

2. Asko dira uneoro jasaten diren erasoak. Oraindik ere gizarte atzerakoi batean bizi gara, aldatzeko urratsak ematen saiatu arren. Eta ez dugu ikusten keinu horiek ere indarkeria direla, onartuta daudelako.

3. Egia esan, horrelako dezente bizitzen ditugu gure inguruan. Adibidez, Gabonetan etxera iristen den jostailuen katalogoan, nabarmen bereizten dituzte neskak eta mutilak. Koloreez baliatzen dira, eta neskekin lotzen dituzten jostailuak, etxeko lanekin edo haurrak zaintzearekin zerikusia dutenak izaten dira. Bide beretik, iragarkietan edo aldizkarietan, emakumezko guztiek izugarrizko gorputza dute.

Horrez gain, askotan, kalean goazenean, gizonezkoen iruzkinak entzuten ditugu, gu atzetik begiratuz.

Horrelakoek ikaragarri ezerezten dituzte berdintasunaren aldeko urratsak. Erailketa dagoen kasuetan bakarrik gaitzesten dugu indarkeria, baina denok saiatu behar dugu ikusten, indarkeria mundu guztian egunero pairatzen dela.

IZARO PERURENA Tolosa

15 urte, ikaslea

 1. Ez, ez dakit zer den mikromatxismoa.

 2. Irudietan ikusten dut, azken finean, jarduera txarrenak edo  gogorrenak emakumeok egiten ditugula. Edozer dela ere, errazagoa dela bete beharrak emakumeei uztea. Era berean, mutilek neskei begiratzeko eskubidea dutela, eta gorputz perfektua ez izateak neska ona ez izatea dakarrela, izaerari edo nortasunari benetan begiratu gabe.

 3. Bai, nire inguruan ikusten ditut , eta batzuk bizitzen ditut, eta, egia esan, ez dira oso erosoak.

AITOR AZKOLAIN Ibarra

19 urte, ikaslea

1. Esango nuke mikromatxismoa ikusten ez den matxismoa dela.

2. Tamalez, egungo hainbat gertakariren ispilu dira irudiak. Etiketaz beteta bizi gara, txikitatik inposatu baitizkigute etiketa matxistak, adibidez, iragarkien bidez. Egoera garai batekoa ez den arren, gizarte matxista batean hezitakoak garela uste dut eta, oraindik ere, orduko arrastoak topa ditzakegu.

3. Bai. Askotan entzun izan dut «niri amak egiten dit ohea» edo «amak lisatzen dit arropa». Esan beharra daukat, ardura hori norberarena dela, eta ez gurasoena. Baina, horrez gain, ez dut inoiz entzun aita hitza esaldi horietan, ama hitza ordezkatuz. Era berean, mutil batek neska askorekin sexu harremanak izaten dituenean, arrakastatsua dela esaten da askotan. Aldiz, neska denean, hitz itsusiak besterik ez dira entzuten. Zergatik?

Onartu beharra dago gauzak asko aldatzen ari direla, onera, baina oraindik asko dago aldatzeko.

MIREN NAZABAL Tolosa

17 urte, ikaslea



 1. Hitza ez dut sekula entzun.

 2. Pentsarazten didate, XXI. mendean bizi garen arren, askotan jarrera atzerakoiak nabarmenak direla gure inguruan.

 3. Zoritxarrez, irudi horiek oso ohikoak dira gure eguneroko bizitzetan. Gainera, gehienetan, argazki horien kasuan bezala, jarrera horiek ohikotzat hartzen ditugu eta, beraz, garrantzia kentzen diegu, hori egin behar ez genukeen arren.

IKER ELUSTONDO

Berrobi

26 urte, ingeniaria

1. Pentsatzen dut zer izan daitekeen, baina ez dakit ziur.

2. Irudi askok lotsa sentiarazten didate, horrelako gauzak egunerokotasunean nola egin daitezkeen pentsatuz. Soldata desberdintasunak —ez dut inguruan ezagutzen, baina asko entzuten da—, publizitatea, txikitatik haurren jostailuak katalogoetan banatzeko modua, etxeko lanak,…

Jendeak kontrakoa esan edo pentsatu arren, gizartean oso errotutako gauzak dira. Egoera honek, sarri, gizonezko guztiak matxista direla esatea dakar, baina horrekin ere argi ibili behar da, pertsona bakoitza desberdina delako, eta gizonezko guztiak ez direlako matxistak.

3. Inguruan horrelakoak bizi eta ikusten ditut. Ziur aski, mutila naizenez, askotan ez naiz konturatuko, baina beste batzuetan bai.

NAIARA LOPETEGI Ibarra

31 urte, irakaslea



 1. Oharkabean, baina etengabe gertatzen diren ekintza, jokabide edo egoera suntsitzaileak. Barneratuta ditugu, eta salagarriak direnik ere ez gara konturatzen. Mikro-tik gutxi dute matxismo egoera horiek...

 2. Argazkietako egoerak guztik ohikoak dira. Zein barneratuta ditugun konturatzeak, egiteko zenbat dagoen ikusarazten dizu.

 3. Inolako zalantzarik gabe, egunerokotasunean bizitzen ditugu egoera horietako batzuk eta, gainera, momentuan ez gara erasotuak sentitzen. Matxismoa zeinen errotuta dagoen...

XABIN GOGORTZA Ibarra

34 urte, zaldi hezitzailea


1. Ez nekien horrela deitzen zitzaionik.

2. Gizartea ez dela esaten den bezainbeste aldatu, modu batean edo bestean sistema patriarkala mantentzen delako.

3. Bizi ez, baina ikusi bai, kaleko edozein lekutan.

NEREA DIAZ Tolosa

15 urte, ikaslea



 1. Ez.

 2. Irudi horiek guztiak lotsagarriak dira. Argi ikusten da emakumea nola baloratzen den. Emakumeari zer egin behar duen esaten zaio, horiek emakumeen eginbeharrak edo obligazioak direla adieraziz.

 Beste argazki batzuetan emakumea gutxiesten duten marrazki edo burlak agertzen dira, eta ez zait batere normala iruditzen. Horrez gain, argazki batzuetan emakumeek, beste norbait pozteko, fisikoki nolakoak izan behar duten ere zehazten da, eta baita zein jokabide hartu behar duten ere. Badirudi emakumeak berak aukeratzeko eskubiderik ez duela, eta tristea da, oraindik, horrelakoak ikustea.

3. Irudi horiek ezagunak zaizkit, esparru guztietan gertatzen direlako horrelako egoera edo ekintzak: sare sozialetan, kalean, ikastolan, toki publikoetan,...

MIREN IZAGIRRE Tolosa

17 urte, ikaslea

1. Kontzeptua nire inguruan ez dut askotan entzun, baina, bai, ezagutzen dut.

2. Asko eta asko egunerokotasunean bizi ditugunak dira, noski. Baina, uste dut behar baino arreta gutxiago jartzen diegula horrelakoei, «normalak» iruditzen zaizkigulako.

Beste batzuek sumindu egiten naute, eta egunerokotasunean horrelako bat aurkituz gero, amorrua sentitzen dut: aparkalekukoa edo outlet-ekoa, adibidez. Egia esan, ez dugu oso urrutira joan behar pentsamendu horiekin topo egiteko, eta hori da okerrena.

3. Matxismoa entzuten dugunean, burura etortzen zaigun lehenengo gauza emakumezkoak iraintzen edo kolpatzen ari den gizonezkoa da. Baina ez gara konturatzen, badirela emakumea guztiz zapaltzen den beste mila bide, hain «bortitzak» ez direnak. Hain zuzen, hori da arazorik handiena: gertatzen den guztia ez ikustea, edo ikusi nahi eza. Begiak zabaldu behar ditugu, irudi horiek berriro ez ikusteko eta, ahal den neurrian, berriro horrelako inkestak egin behar ez izateko.

ISMAEL LETE Tolosa

25 urte, irakaslea



 1. Ohituretan oinarritzen diren profilekin du erlazioa, konturatu gabe, aplikatzen jarraitzen baitugu.

 2. Oro har ez ditut erasotzat ikusten. Haurren zaintza emakumeekin lotzen da, eta ez du zertan hala izan behar. Bestetik, emakumeak gidari txarrak direla edo gehiegi hitz egiten dutela esatea, ez zait matxista iruditzen; elkarbizitzaren umore puntuak dira. Gizonezkoez ere esaten da bi gauza ezin dituztela batera egin.

 Azkenik, emakume «perfektuaren» irudia daukagu. Pertsona bakoitza den bezala onartu behar dugu. Baina, bai gizonek, bai emakumeek, gustukoago ditugu baldintza fisiko zehatzetako pertsonak. Horregatik, gizonei zuzendutako iragarkietan, emakume argal eta gorputz ederrekoak agertzen dira. Emakumeei zuzendutakoetan, berriz, gizon indartsu eta gihartsuak.

3. Bai, batez ere, estereotipoak biltzen dituzten txisteak. Gizon-emakumeen arteko harremana estutzeko balio dute, beraz, espero dut, horrelakoak ikusten jarraitzea, betiere, errespetuaren mugetan.

LURGI ZALAKAIN Villabona

28 urte, zerbitzaria



1. Ez dakit ziur zer den, baina, izan daiteke ikusten ez den matxismoa? Egunerokotasunean onartuta dagoena eta, agian, matxismoa ere iruditzen ez zaiguna.

2. Egunero, edozein lekutan gertatzen diren egoerak ikusten ditut, jarrera horiek ohikoak baitira gizartearen gehiengoarentzat. Ez gara konturatzen zer nolako kaltea eragiten digun horrek; ez emakumeoi bakarrik, baita gizonezkoei ere, batzuei zein besteei ezartzen baitizkigute genero rolak. Eta, izateko askatasuna ukatzen digute, txiki-txikitatik, norbera dena izateari utziz, nortasuna galduz.

3. Bai. Egunerokotasunean oso ohikoak dira, eta asko dago egiteko, errespetuzko jendarte bat eraikitzen. Gauza horiek guztiak gure subkontzientetik ezabatu egin behar ditugu, ohitura eta jarrera berriak hartzeko. Baina, horretarako, lehenengo pausoa konturatzea da, bakoitzaren esku dago. Aldaketa ez du gizarteak bakarrik egingo, guk aldatu behar dugulako, eta datozen belaunaldiei zulo berean ez erortzen erakutsi.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!