Papergintzako langileak lan baldintzak babesteko borrokan ari dira

Ataria 2015ko aza. 18a, 16:02

Hamar hilabeteko negoziazioen ondoren, ez dute akordiorik lortzen Adegirekin eta sektore osorako greba proposamena egin dute sindikatuek; lehen bozketa gaur izan dute Elduako Munskjö enpresan

Papergintza fabriketako langileak protestan ikusi ditugu azken egunetan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta kotxe karabanak izan dituzte azken egunetan Patronalaren egoera salatuz eta sektoreko hitzarmena ahalbidetuko lukeen jarrera aldaketa eskatuz. Gipuzkoako Papergintza dabil hitzarmena negoziatzen, eta aipatu Gipuzkoan dauden papergintzako bost enpresetatik hiru eskualdekoak direla: Amezketako Aralar, Elduako Munskjö eta Zizurkilgo Oria.

Hamar hilabete daramatzate negoziaketetan, eta aipatutako lau sindikatuek hitzarmenean bi puntu jaso beharrekoak direla uste dute. Bata: «Adegik planteatu dituen soldata igoerak baino handiagoak eta KPIari lotuak. KPIa negatiboa balitz, igoera duina bermatzen duten klausulekin». Bestea: «Blindajeak. Hitzarmen probintzialean adostutakoa blindatzeko eta Non-stop paktuetan adostutakoa blindatzeko».

Negoziaketetan parte hartzen ari dira eskualdeko Munskjö paper fabrikan lan egiten dute Josu Olazabal, ELAko ordezkaria, eta Aitor Lasa, LABeko ordezkaria. Hain zuzen ere, Olazabalek blindajeari dagokion puntua langileentzat «oso garrantzitsua» dela dio. Izan ere, salatzen du azken bi erreformekin enpresei «erraztasunak» ematen zaizkiela: «Enpresek aurreikusten badute etekinak edo produkzioa jaitsiko zaiela ahalmena dute orain, langileen estatutuko 44. artikuluari helduta, neurri horiek unilateralki hartzeko». Hau da, enpresa batzordearekin «adostasunik gabe» hartuko lukete erabaki hori.

Olazabalek defendatzen du euren helburua enpresaren bideragarritasuna eta lanpostua «mantentzea» dela, eta horretarako adostasun bat lortu behar izan denean «inoiz ez dela arazorik» izan. Baina, inondik inora onartuko ez dutena «inposaketa» dela diote.

Olazabalen esanetan, Zizurkileko Oria paper fabrikan jada gertatu da hori: «Enpresak erabakia hartu du eta langileekin negoziatu du gero. Baina, guk horri ez diogu negoziaketa deitzen, inposaketa da».
Hain zuzen ere, papergintzako hitzarmena berezia da: «Gehiengoen hitzarmena deritzaiona da, eta hitzarmen horrek ez du uzten enpresetan ez taularik ez eta kondiziorik negoziatzen. Non-stop plusa bakarrik uzten du enpresetan negoziatzen». Papergintzako enpresek Non-stop hori hitzarmenetan baino «altuago» dute, «urteetan negoziatu eta borrokatu» dutelako Olazabalen esanetan. Baina, esan bezala, lan erreformaren ondorioz enpresek Non-stop hori hitzarmenetako kopuruetara edo «baxuago» jaisteko beldurra dute sindikatuek. Hain zuzen ere, aurretik aipatutako Oria enpresan «hileko 500 euroko jaitsiera» pairatu dute azken urtean.

Grebarako proposamena

Negoziaketak luze doaz, eta sindikatuek salatu dutenez Patronalaren jarrera «gogorra» da. Aitor Lasak adierazi duenez, pasa den astean «hamaikagarren» bilera izan zuten, eta bere esanetan «egoera hasierako puntuan dago». Ekonomikoki proposamen «txiki» bat egin badiete ere, sindikatuek aipatutako puntuak «ez dituzte kontuan eduki», eta gainera, ez dute «asmorik» erakutsi kontuan izateko.

Esaterako, Adegik soldatetan «%0,5eko igoera» proposatzen zuen, eta sindikatuek «%2,3ko igoera» proposatzen zuten, Adegik enpresetan urteko aurreikuspen hori egiten zuelako. Lau sindikatuek euren proposamena «%2ra jaitsi» zuten, Adegi «hurbildu» zedin, baina Olazabalek adierazitakoaren arabera mugimendu honen aurrean, Adegik ez du mugimendurik egin. Eta Olazabalek salatzen duenez, blindajeen gaiari buruz «ez du hitz egin ere egin nahi». Sindikatuek, ordea, argi dute hori «marra gorri» bat dela: «Blindajerik gabe ez dugu hitzarmenik ikusten».

Gauzak horrela, protestei ekitea erabaki zuten sindikatuek. Duela bi aste pankartak jarri zituzten lantegietan, Adegiren bileretan langileen ordezkariek elkarretaratzeak egin zituzten, azken bi asteetan bost paper fabriketatik pasaz kotxe karabanak egin dituzte protesta eginez. Baina, egoera ez dela aldatzen ikusita «azken aukera» greba dela dio Lasak. Erabakia inoren «gustukoa» ez den arren, egoera honen aurrean «beste irtenbiderik» ez dagoela dio Olazabalek. Nahiz eta, helburu nagusia «beste aldearekin adostasun batera» heltzea den.

Horregatik, enpresetan langileekin egindako asanbladetan «patronalaren jarrera eraldatzeko» greba proposamena egingo dute: «Gure eskubideak defendatzen ari garelako, eta hitzarmenaren kondizioak ez baditugu blindatzen alperrik da KPIarekin adostasun batera heltzea Adegirekin, gero berak adostu dena bertan behera geratzeko». Deialdia sektore osorako da eta zortzi eguneko epean sei greba egun proposatzen dira. Lehena azaroaren 27an litzateke. Enpresa guztietan bozketa egin ondoren, zenbaketa orokorra egingo da, eta guztira lortutako emaitzaren arabera erabakiko da greba egin ala ez.
Atzo, asteazkena, Elduko Munskjö enpresan egin zuten bozketa, eta bertan langileek baiezkoa eman zioten grebari; baiezko 60 botorekin, ezezko 11rekin eta 3 zurirekin. Olazabalek adierazitakoaren arabera langile «dezentek» parte hartu zuten bozketan eta hortaz, «gustura» zeuden. Gaur, osteguna, Amezketako Aralar enpresaren txanda izango da, eta datorren astean Zizurkilgo Oriarena. Adegirekin, berriz, 26an dute bilera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!