AHT bidez Nafarroa eta EAE lotzeko proiektuen berri ez dute jaso udalek

Ataria 2015ko aza. 17a, 16:06

AHTaren Euskal Y-aren obrak Tolosan.

Proposatzen diren lau ibilbideetako bat Amezketa, Orendain, Ikaztegieta, Altzo, Alegia eta Tolosako lurretatik pasako litzateke, baina herri horietako udalek ez dute Espainiako Gobernuaren informaziorik jaso.

Espainiako Gobernuak Iruñea eta Euskal Y-a abiadura handiko trenaren bidez lotzeko asmoa du, eta horretarako lau ibilbide proposatu ditu. Bide batek lotura zuzena du eskualdearekin, Tolosan amaituko bailitzateke. Proiektuen inguruko informazioa helarazi dute hainbat udalerri eta erakundeei, tartean Nafarroako Sakana bailarakoei, baina Tolosaldetik igaroko litzatekeen korridoreak eragiten dien udalek ez dute ezer jaso.

Eskualdetik igaroko litzatekeen F korridorea Zuastin hasiko litzateke eta Tolosan izango luke lotunea egungo Euskal Y-arekin. Aralarko mendigunea zulatu beharko litzateke, eta tunel batek alderik alde zeharkatuko luke Betelu hegoalderaino. Ondoren, Araitz, Amezketa, Orendain, Ikaztegieta, Altzo, Alegia eta Tolosako lurretatik pasatuko litzateke, tunel nahiz biaduktu bidez. Eskualdeko herri horietako udalekin jarri da harremanetan TOLOSALDEKO ATARIA eta guztiek azaldu dute ez dutela txostenik jaso.

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak proiektuaren inguruko 30 eguneko kontsulta epea iragarri zuen urriaren amaieran, eta Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako 30 bat udalek jaso zuten gutun bat, proiektuen inguruan iritzia eman zezaten. Esan bezala, eskualdeko udalerriek ez dute jaso gutunik.
Gutunarekin batera igorritako dokumentazioan ageri ziren lau ibilbideak. Aipatutakoaz gain, Beasain, Ezkio-Itsaso eta Gasteiz dira proposatutako beste helmugak. Guztien abiapuntua, berriz, bera da: Zuasti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!