Prekarietatearen eta lan-miseriaren aurkako kanpaina abiatu du ELAk

Ataria 2015ko aza. 13a, 11:38

Kanpainaren berri eman du ELA sindikatuak Tolosako egoitzan.

ELA sindikatuak "informazio kanpaina ausart" bat egingo du datozen hilabeteotan, lan-miseria eta prekarietatea salatzeko. Horren bidez ikusgai jarri nahi du "botere politiko eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazi handien alde, lan prekarietatearen kontura".

Sindikatuak kartelak jarriko ditu industrialde eta kaleetako hormetan, eta milaka informazio-orri banatuko ditu, "ezarri nahi diguten pobretzearen ondorio ikaragarriak azaltzeko eta sindikatuak proposatzen dituen alternatibak aldarrikatzeko". Gaur bertan, Oria-Goierri eskualdeko 17 herritan kanpainaren kartelak jarriko dituzte sindikatuko militanteek, tartean Tolosan, Ibarran, Amasa-Villabona, eta Zizurkilen.

Hiru komunikazio ardatz izango ditu kanpainak. Batetik, miseria-soldatak hedatzea, enpresa-etekinak ugaltzea eta desberdintasunak areagotzeari buruzkoa. Bestetik, "sindikatuaren balioa, indibidualismoaren aurrean nortasun kolektiboa antolatzeko eta indartzeko tresna gisa"; ELAtik "klase elkartasuna, 'salba bedi ahal duena'-ren aurrean" bultzatu nahi dute. "Ez dago demokrazia izena merezi duen demokraziarik sindikalismo sendorik gabe", gaineratu dute. Hirugarren ardatza "borroka sindikalaren balioa" bultzatzea da, "etsipen sindikal, sozial eta politikoaren aurrean. Gatazka sozialik ez duen gizarte demokratiko bat diktaduraren antzekoa da".

Kanpainaren bidez, sindikatuak "gobernuen eta patronalaren hazkundeari buruzko propagandaren eragina" mugatu nahi du. Bestetik, gizartearen sostengua bilatzen du, soldata apalen aurkako eskakizunaren ingurura.

Soldata aberastasuna banatzeko "bide nagusia" dela dio ELAK. "Soldata jaitsiera da, ordea, gobernuek eta patronalak bilatu duten helburua, erreformen bidez lorturikoa". Bestalde, kanpainaren bidez botere publikoei galdegiten die, soldaten eta lan-baldintzen politikari buruz. "Sektore publikoak gizarte-eredua baldintzatzen du, enplegatzaile den aldetik erabaki jakin batzuk hartzen dituenean: negoziazio kolektiboa suntsitu du, enplegu asko kendu du, eta zerbitzuak kanpora ateratzeko politikaren aitzindari izan da", zehaztu du ELAK.

Kanpainaren bidez "patronalaren blokeoa" ere salatzen da, "negoziazio kolektiboa indargabetzeko blokeoa". ELAK "zilegitasuna" kendu nahi die patronalaren jarrerari eta "haren helburuak diren lan baldintzak okertzeari eta sindikalismoa ahultzeari gobernuetatik jasotzen duen sostenguari".

Prekarietatearen aurkako kanpainak 2016an ere iraungo duela esan du sindikatuak, eta gonbita egin du antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!