Eskualdeko gaztetxoak Munduko Txapelketan

Munduko Txapelketara begira daude eskualdeko gaztetxoak

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 12a, 10:56

Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Munduko Txapelketan parte hartuko dute eskualdeko bederatzi gaztetxok; larunbatean abiatuko dira Lloret de Mar-era, bertan jokatuko baita txapelketa

Jon Leunda entrenatzaileari elkarrizketa:


Abenduaren 14an abiatuko dira eskualdetik hamabi urteko hamar gaztetxo Areto Futboleko eta Mikrofutsaleko Munduko Txapelketara. Euskal Herria ordezkatuko dute Lloret de Mar-en (Herrialde Katalanak) jokatuko den txapelketan, mundu osoko taldeen aurka ariko dira.

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketan aritzen diren gazteek osatu dute taldea, eta iaz adin bera zuten gazteek ere izan zuten Munduko Txapelketara joateko aukera. Areto Futbolean hirugarren egin zuten orduan, eta Mikrofutsalean txapeldun eta hirugarren egin zuten. Joxe Maria Uriak, Gipuzkoa Areto Futbol elkarteko lehendakariak,  iaz taldeak «oso itxura polita» eman zuela, eta denak «oso pozik» gelditu zirela aipatu zuen txapelketara joango den taldearen aurkezpenean. Horregatik aurten ere «errepikatzea» pentsatu dutela azaldu zuen.

Jon Leunda da taldeko entrenatzailea eta hautatzailea, eta berak azaldu zuen aurten ere bi modalitateetan parte hartuko duela Euskal Herria taldeak; talde bat areto futbolean eta mikrofutsalean bi taldeetan banatuta ariko dira. Larunbatean abiatuko dira bertara eta igandean jada lehen partida jokatuko dute. Mikrofutsaleko egutegia oraindik ez dute ezagutzen, baina badakite Areto Futbolean hirugarren multzoan aritu beharko dutela, multzoburu bezala; talde berean Lloret de Mar-ekoak eta Israeldarrak izango dituzte. Beste multzoetan mundu osotik etorritako taldeak daude: errusiarrak, australiarrak...

Multzo bakoitzeko lehenengoak eta bigarrenak finalerdietan sartuko dira, eta Leundak uste du bertan sartzeko «aukera» badutela. Baina, helburua ez da iaz lortutako emaitzak «hobetzea». Gazteek «disfrutatzea eta eskarmentua hartzea» da helburu nagusia, «eta gero ikusiko dugu emaitzak nola joaten diren».

Hala ere, Mikrofutsalaren txapelketan emaitza onak lortzea espero du Leundak, izan ere, modalitate horretako liga egiten duten «bakarrak» dira Euskal Herria taldekoak. Baina, urtero taldeak aldatzen direnez, ezin dute iazkoarekin aldaketarik egin eta ez dakite zer nolako taldeak topatuko dituzten txapelketan.

«Talde lehiakorra»

Hamar jokalari izango ditu taldeak, eta horietatik bederatzi eskualdekoak dira. Leundaren esanetan kopuru «nahiko polita» da. Txapelketan zehar jokalari bakoitzak 8-10 partida inguru jokatu beharko dituela aurreikusten dute, hau da, partida «asko» dira, eta gazteei astea «nahikoa luzea» egiten zaiela dio Leundak.

Igandean, 12:00etan, Lloret de Mar-en aurka jokatuko lehen partida eskualdekoek Areto Futbolean, eta bigarrena asteartean Israelgoen aurka. Tartean, berriz, Mikrofutsaleko partidak jokatuko dituzte.
Egun horietan gazteek «presio asko» jasaten dutela dio Leundak, txapelketako muntaketa guztia ikusita: «Ezberdina da hemen jolastea, ezagutzen duzun jendearekin edo beste herrialdeetako jendearekin jolastea. Dena aldatzen da.»

Euskal Herria taldeak «meritu handi» duela azpimarratu nahi izan zuen Leundak. Izan ere, txapelketara joaten diren taldeak talde profesionaletako harrobikoak dira: «Beraiek egunero entrenatzen dira, txikitatik egin dute areto futbola eta jokalariak aukeratzeko aukera dute». Hemen ez dago horretarako aukerarik. Baina, txapelketara «joate hutsa meritu handia» da, eta gainera, «talde lehiakorra» dutela uste du entrenatzaile beizamarrak.

«Ondo pasatzea» gazteen helburu

Gazteei zer helbururekin doazen galdetuta, batez ere «ondo pasatzera» doazela diote, baina baita «minik hartu gabe ibiltzea» eta «ahal bada» irabaztea. Iker Murua abaltzisketarra kapitaina da, esperientzia ona izango dela uste du «zeren lagunekin goaz eta nire ustez ondo pasako dugu, eta lehiatzen ere ea zer moduz aritzen garen». Unai Altuna alegiarrak ere lagunekin «ondo» pasako duela uste du, horri Aimar Murua altzotarrak gehitzen dio «beste herrialdetako batzuen aurka jokatzea esperientzia ona» izango dela.
Aurreko egunak, Altunak eta Aimar Muruak «pixka bat urduri» igaro dituzte, baina biak txapelketarako «gogoz» daude.Iker Murua, berriz, momentuz «lasai» dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!