Tolosaldea, abiadura handiko trenaren bidegurutzean

Ataria 2015ko aza. 11a, 18:01

Eskualdeko balizko ibilbidearen planoetako bat ageri da Espainiako Gobernuaren txostenean

Espainiako Gobernuak Iruñea eta Euskal Y-a prestazio handiko trenaren bidez lotzeko asmoa du, eta horretarako lau ibilbide proposatu ditu. Bide batek lotura zuzena du eskualdearekin, Tolosan amaituko bailitzateke.

Hain zuzen, Zuastin hasiko litzateke ibilbide berria, eta Tolosan izango luke lotunea egungo Euskal Y-arekin. Aralarko mendigunea zulatu beharko litzateke, eta tunel batek alderik alde zeharkatuko luke Betelu hegoalderaino. Ondoren, Araitz, Amezketa, Altzo, Alegia eta Ikaztegietako lurretatik pasatuko litzateke, tunel nahiz biaduktu bidez.

Proiektuaren inguruko 30 eguneko kontsulta epea iragarri zuen urriaren amaieran Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak. Horretarako gutun bat helarazi zien Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako 30 bat udali, iritzia eman zezaten.

Gutunarekin batera igorritako dokumentazioan ageri ziren lau ibilbideak. Aipatutakoaz gain, Beasain, Ezkio-Itsaso eta Gasteiz dira proposatutako beste helmugak. Guztien abiapuntua, berriz, bera da: Zuasti.

Proiektua "gogor" salatu du AHT Geldituk

Tolosaldeko AHT Gelditu! plataformak "gogor" salatu du Espainiako Gobernuaren proiektua. TOLOSALDEKO ATARIAra igorritako ohar batean azaldu dute "izugarrizko xahuketa ekonomikoa eta balio handiko eremu naturalak suntsitzea" ekarriko lituzkeela: "Bat bera ere ez da 'zero alternatiba', hau da, trenbide bat bera ere ez eraikitzearena".

Halaber, azpimarratu dute martxan jarrita ere, "amaierarik ez" duen proiektua dela: "Energia xahuketa, mantenu koste amaigabeak eta uhin elektromagnetikoen kutsadura ekarriko lituzke, besteak beste".

AHT Gelditurena ez da egunotako salaketa bakarra izan. Argia.eus-ek jakinarazi duen moduan, Nafarroan AHTaren aurkako borrokan nabarmentzen ari den Sustrai Erakuntza fundazioak ere proiektuaren "diru xahuketa eta ingurumen inpaktu handia" salatu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!