"Amenazuka orain / horrenbeste mezu / ba zure azukrea / gorde dezakezu / tira ez zaitez jarri / orain horren kexu / libre daukazu behera / jaitsi nahi badezu". Horrela kantatu zion igandean, 8ko txikian, Unai Mendizabalek Mikel Artolari. 480 punturekin berdinduta bukatu zuten saioa, eta tamalez, behera jaitsi dena zizurkildarra da. Puntuazio berdinarekin, alegiarrak egingo du gora, finalaurrekoetara.
Bertsozale Elkarteak ezarrita dituen epai irizpideen arabera, berdinketa kasuetan, epaimahaikoen fase osoko banan-banako sailkapenak egiten dira, eta epaile bakoitzaren sailkapenaren araberako sailkapen-puntu kopurua ematen zaio bertsolari bakoitzari; ondoren, epaimahaikoen sailkapen-puntuen batuketa egin eta koefiziente txikiena duenaren alde erabakitzen da. Berdinketa badago, epailerik gehienek aurretik daukaten bertsolaria pasatuko da aurrera eta kasu honetan ere berdinduta badaude bi bertsolari, kartzelako bakarkako lanean puntu gehien jaso duenaren alde erabakitzen da.
Hain zuzen, igandeko saioan, bereziki luzitu zen Mikel Artola kartzelako ariketan. Ahalegina egiten duzun arren, sekula ez dago konforme egiten duzunarekin gaiari erantzuteko, anaia pilotariaren larruan sartu zen Artola eta anaiaren ahotik bere buruari egin zion erreferentzia, "baino nola aterako det / holako adorea / pentsatzen badu naizela / Olaizola baino hobea". Lanak hirugarrenarekin borobildu zituen alegiarrak: "ur piska bat ematen dit / eta okertu ezpaina / benga atera indarra / bistan du lepoko zaina / `azpigarago jo behar dek / motel ahaztu zak gaina / ta gero izango dek esperotako ordaina´ / baina gaizki neurtzen du / gu bi anaion tamaina / hobe bertsotan egingo balu / nik pelotan aina".
Igandean, Eskoriatzan, Artola eta Mendizabalen aurretik geratu zen Oihana Iguaran, 484 puntu eskuratuta. Bera ere, final erdietan izango da. Lan erregularra egin zuen amasakoak eta okerrik egin gabe osatu zituen lanak. Seiko motzean, ez zitzaion defendatzeko posturarik erosoena egokitu, baina topatu zuen bidea bertsoaldi txukuna egiteko. Bakarkako ariketan berriz, bertsolari gisa zorrotz juzgatzen duen aitonari kantatu zion Iguaranek.
Iguaranek eta Mendizalek elkarrekin osatu zuten, ordea, arratsaldeko bertsoaldirik txalotuena. Hamarreko txikian, rola emanda kantatu zuten biek, Unaik anestesistaren paperetik eta Oihanak gaixoarenetik. "Orratz hori sartzeko a ze zalaparta / ondo neurtu litroka doana tantaka / sobran ez zait inporta, ez dadila falta", bota zuen Iguaranek lehenengoan eta horrela erantzun Mendizabalek: "buila eta kejatzea / duzu zuk gustoko/ tira lasaitu zaite / etzan eta punto / hau sartzian ez zera / gehio kejatuko". Hirugarrenean ere erremate polita eman zion zizurkildarrak: "lehen zinan balientia / ausardian jabe / eta esperientzi gogorren / egarriz bazaude / probatu dezakegu / anestesiaik gabe".
23 urte ditu Unai Mendizabalek eta lehen txapelketa izan du aurtengoa. Aurreneko aldiz izena eman dutenen artean zizurkildarra iritsi da urrutien. Puntuetan Artolarekin berdinduta, zoriak nahi izan ez duelako ez da sartu finalaurrekoetara. Igandean Eskoriatzan erakutsi zuen ofiziotan beste edozein bezainbeste dela. Hamarreko txikian bezala, zortziko txikian ere gain artu zien gainerakoei. Bere bertsoak dira ariketa horretan puntuatuenak.
Duten ofizioa erakutsi zuten Unai Agirrek eta Beñat Lizasok azken final laurdenean. Erregular aritu ziren, errez bertsotan. Agirrek, kartzelan egin zuen lanik osatuena, propio txapelketan plazaratutako doinu berrian. 497,5 punturekin bera izan zen saioko irabazlea eta bigarren egin zuen Lizasok 485,5rekin. Eskoriatzan asmatu ez zuen bertsolaria, Manu Goiogana izan zen. Nahiz eta Elgoibarko final zortzirena irabaztetik zetorren, ez zuen bere eguna izan igandekoa. 450 puntu eman zizkion epaimahaiak.
Eskualdeko hiru finalaurrekotan
Beñat Iguaranek, Oihana Iguaranek eta Mikel Artolak lehen aldiz kantatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final erdietan. Hiruak ibiltzen dira Harituz Bertsozale Taldean eta igandeko saioaren bukaerako agurretan talde lan hori nabarmendu zuten, Iguaranek, Artolak eta Mendizabalek. Oihanak, adibidez: "plazer bat hemen zuekin aria / Harituzen babesean egin naiz bertsolaria / saioa nik josi arren zuena baita haria".
Mendizabalekin batera, txapelketatik kanpora geratu den eskualdeko beste bertsolaria Jexux Mari Irazu izan da. 1995. urtetik ibili da Gipuzkoako txapelketan eta beti iritsi da finalera. Kanpotik ikusi beharko du aurtengoa.
Hiru finalaurreko izango dira aurtengo txapelketan eta saio banatan kantatuko dute eskualdeko hiru ordezkariek. Beñat Iguaranek, Zarautzen azaroaren 22an, Jon Martin, Alaia Martin, Agin Laburu, Ander Lizarralde eta Unai Gaztelumendirekin batera. Oihana Iguaranek, Tolosan azaroaren 29an, Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Iñaki Apalategi, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondorekin. Eta Mikel Artolak, Eibarren abenduaren 6an, Jon Maia, Nahikari Gabilondo, Iñaki Gurrutxaga, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Felix Zubiarekin.
18 bertsolari dira guztira, eta hiru finalaurrekoetatik zortzik bakarrik lortuko dute abenduaren 19an Donostiako Ilunben jokatuko den finalean kantatzeko txartela.