Pilota joko zaharrak berrikasten

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 8a, 10:00

Bote luzea, pasaka, laxoa eta errebotea ez dira pilotan jolasteko modalitate ezagunenak, baina indar handia izan zuten, eta egun joko zuzen horiek ezagutu eta berreskuratzen dabiltza.

Pertsonen arteko jokoak edota lehiaketak noiz hasi ziren zehaztea zaila izan daiteke, baina aspaldikoak ziurtatu daiteke, jendea elkartu eta ondo pasatzeko nahia bezain zaharrak behintzat. Joko horien artean pilota bat erabiltzea ere aspaldikoa da, eta dirudienez antzinako Egipton eta Grezian ere jokatzen zuten pilotarekin.


Erromatarrek ere pilota jokoak erabiltzen zituzten eta dirudienez horiek zabaldu zituzten Europan zehar, baita Euskal Herrian ere. Pilota joko horiek joko zuzenak ziren, hau da, bi talde aurrez aurre jarri eta pilota batetik bestera pasatzen ibiltzea, tantoa egin arte. Euskal Herrian joko zuzeneko lau modalitate daude, eta gainbehera izan bazuten ere, egun pixkana berpizten ari dira. Lan horretan dihardu Oiartzungo Txost elkartea eta bertako kidea den Anton Mendizabalek azaldu duenez, egun joko zuzeneko modalitateetan 500 jokalari inguru aritzen dira.

«Aurrez aurre egiten den jokoa da, ez pareta baten aurka. Pareta ere izaten da batzuetan, baina ez da erabiltzen horren aurka jokatzeko, baizik errebotatzeko», definitu du Mendizabalek joko zuzena. «Pentsatzen da beti izan dela ezker pareta eta paretaren aurka aritzea, baina hori oso gauza berria da, XIX. mendearen bukaerakoa da hori, eta ordura arte zuzenean jokatzen zen».

Pareta aurkaren aritzea, edo plekan aritzea, eta joko zuzenean aritzearen arteko ezberdintasun handi bat leku aldaketarena da. «Aire libreko kantxak dira, eta ez dira bi eremuak berdin-berdinak», esan du Mendizabalek. «Gainera, bereizi egiten dira, eremu bakoitzak bere nortasuna izan dezan. Mendian, adibidez, alde batek aldapa gehiago izan dezake besteak baino. Eta plazan batak pareta izan dezake eta besteak ez, pilota bueltatzeko».

Beraz, eremu batek abantaila izango du, eta pilotari taldea saiatzen da eremu hori hartzen, eremu horretatik kintze gehiago lortu ditzakeelako. «Hor badago espazioaren borroka oso interesgarria, baina gure kulturak ahaztu egin duena. Orduan, bote luzeko edo erreboteko partida bat ikustean, batzuetan jendeak ez daki zertan ari diren. Baina hori ez da jokoaren errua, aberastasun kultural hori galdu egin dugula baizik. Beste zenbait herritan hori mantendu egiten da. Galdu egin dugu, baina pixkana berreskuratuko dugu».


Tantoak kontatzeko modua ere ezberdina da: jokoa egiteko, aurretik 15, 30, eta 40 kontatzen da. Tenisak gaur egun hortik jaso du bere kontatzeko modua. «Erromatarren garaitik dator hori», esan du Mendizabalek. «Horrek adierazten zuen erdiko marratik sakea ateratzeko neurria zenbat oinetara jartzen zen. 15 oinetara zen lehenengo arraia. Behin kintzea eginez gero, 30 oinetatik egiten zen, eta hurrengoa 40 oinetatik. Behin 40tik ateraz gero, jokoa egiten zen. Jokoa da tantoa, eta kintzeak tantoak lortzeko aurretik pasa behar diren barrerak». Jokoa lortzeko biko diferentzia izan behar da. Hori egun tenisean ere berdin egiten da. «Ados esaten diogu, eta esan nahi du a dos quinces dagoela jokoa egitetik. Hau da, berdinduta dagoela, eta bi kintze egin behar direla esaten da».

Normalean erreboteko partida 13 jokotara jokatzen da eta laxoan 11ra. Eta orain pasakan ere 11 jokotara egiten dute. «Bote luzearekin probak egiten ari gara», esan du Mendizabalek. «Azken finean ez da bakarrik bote luzean nola zen erakustea, gure asmoa da gaur egun bote luzean aritzea. Beraz, gaurko beharretara egokitu egin behar da. 13 jokotara oso luze egin daiteke. Jendea aspertu daiteke, hiru ordu iraun dezakeelako, eta gaurkotu egin beharra dago». Egun denborarekin proba egiten ari dira: ordu eta laurdeneko partida jokatzen dute, eta elizaren kanpaiak jotzen duenean bukatu egiten da partida, eta aurretik doanak irabazi egiten du.


Artzaintzarekin lotura estua du bote luzeak. «Ikusi besterik ez dago Aralarren zenbat pilota soro dauden. Oiartzunen hamar daude katalogatuta», azaldu du Mendizabalek. Artzainek zergatik jokatzen zuten joko zuzenera arrazoitzeko, batetik jokoaren sinpletasuna jasotzen du: «Eskua eta zerbait botatzea da behar den guztia. Joko asko izango ziren oso primitiboak. Bestetik arrakasta izatea ere taldean jokatzen zelako, eta lagunartean aritzeko ona, giro onean jokatzeko, eta gero testuinguru batean ulertu behar da. Ez zen bakarrik pilotan aritzea. Pilota soroak leku estrategikoetan jarrita zeuden, askotan bailara ezberdinak lotzen diren lepo batean jarriak. Hor ez zen bakarrik pilotan aritzea, baita azoka, dantza... Jaialdi moduko ekitaldien barruan jokatuko zen».


XIX. mendearen bukaera aldera sortzen joan ziren ezker paretako frontoiak. «Materialen aldaketak ekarri zuen jokoan aldaketa», azaldu du Txost elkarteko kideak. «Ordura arte ez zen posible pareta baten kontra jokatzea. Pilotak motelak ziren, bote gutxikoak. Aldaketa etorri zen pilotan kautxua sartu zenean; errebotea sortzen da eta tresnak ere bai. Ikusten dute pilota dezente ateratzen dela paretatik». Horrek segituan arrakasta izugarria izan zuen eta hasi ziren paretaren kontra jokatzen. «Bi moduak gaur egun arte paraleloki joan dira; batak ez du bestea kendu. Nahiz eta batzuk ez duten arrastorik joko zuzenei buruz, Iparraldean oso bizirik daude».

Nahiz eta paraleloan joan, plekak askoz garrantzi handiagoa hartu zuen profesionalizazioa dela eta. «Errebotean aritzen zirenak hasi ziren paretaren kontra jokatzen eta hortik Ameriketara egin zuten salto. Gero saskia aldatzen hasi zen, tripa handiagoa jarri eta zesta punta etorri zen. Profesionalizazio horrek ekarri zuen hainbat gazte horretara dedikatzea, eta gero etorri zen eskuz jokatzearen zabaltzea. Pleka ez da gurea bakarrik, baina Euskal Herrian oso indartsua da eta hori ez dute Europako beste lekuetan».

Oiartzundik hasi da Txost elkartea joko zuzeneko jokamoldeak berreskuratzen. Pasakarekin hasi dira eta txapelketa ere antolatu zuten iaz. Eskuzko pasaka ofiziala egin da, federazioak antolatzen du orain txapelketa eta aurten badaude pasaka txapeldunak, Nazabal-Zabala oiartzuarrak. «Aurten bote luzearekin ari gara indartsu», esan du Mendizabalek. «Aldundiarekin hitzarmena dugu eta erakustaldiak egiten ari gara. Hasieran harridura ekarri dezake, baina behin hori gainditu ondoren, normalizatzen joango da, eta gero herri bakoitzeko pilotazaleek bultzatu beharko dute». Hainbat herritan garai batean jokatzen zen joko zuzenen arrastoak daude. Horren lekuko da, esaterako, Abaltzisketako kultur etxearen paretan dagoen botarria, pilotak uzteko hiru zulorekin.

Mundu mailan konfederakuntza bat dago joko zuzena bultzatzen duena. Urtero egiten du bote luzeko Champions League bat. «Herrialde bakoitzean badaude berezitasunak, baina oso antzekoak dira. Konfederakuntza honek arau bateratu bat adostu du Europa guztirako, eta arautegi horren barruan jokatzen da kluben arteko Champions League hori», esan du Mendizabalek. «Urte hasieratik hasi gara lantzen euskal bote luzea eta Europatik genuen harremanak direla eta, gonbidatu gintuzten txapelketa horretan parte hartzera». Orain gutxi izan dira txapelketan horretan: «Behintzat erredikulua ez genuen egin. Joko batzuk irabazi genituen» .

Joko zuzenaren bidea Amezketan

Oiartzungo Txost elkartearen jarduna Joseba Irazustak eraman zuen Amezketara. Jokin Artola amezketarrak gogoan du Berria-n ateratako erreportaje baten inguruan kuriositatea sortu zitzaiola. «Gero Josebari komentatzea nahikoa izan zen, hortik aurrera mugitzen hasteko». «Oiartzungo torneoa zela eta, gazte mordoxka elkartu ginen eta bertan izena emateko esan zigun», azaldu du Ibai Amundarain herrikideak.

Oiartzungo Txost elkartearekin elkartu ziren jakiteko zertan ari ziren, eta segituan komentatu zieten joko zuzenetako batean, pasakan hain justu, antolatzen ari ziren txapelketan parte hartzeko. Amezketatik hiru bikote joan ziren, tartean Amundarain eta Artola bera. «Gustura aritu ginen, baina ez genuen lortu izan nahi genuen emaitzarik», esan du Amundarainek. Geroztik herrian antolatu dute pasakako erakustaldiren bat, eta sarea ere prestatu dute, joko horretarako pilota egokiagoak ere lortu dituzte, eta azkenekoa Ugarteko frontoiaren berritze lanak aprobetxatzea izan da. «Ikusi genuen neurri egokiak zituela, eta pasakako markak jarri dira eta sarea jartzeko lekua ere bai», esan du Amundarainek. «Esan daiteke pasakan aritzeko forma eman diogula Ugarteko frontoiari», zehaztu du Artolak.

Maite Tolosa eta Izarne Otamendi amezketarrak izan ziren aurreko urtean Oiartzunen antolatu zen pasaka txapelketaren irabazleak. «Josebak komentatu zigun ea animatuko ginen parte hartzera, eta horrela eman genuen izena», dio Otamendik. «Esperientzia oso polita izan zen, eta txapelketa irabazita, are gehiago». Aurretik inoiz ez zutela pasakari buruz ezer entzun azaldu du Otamendik: «Egun batean jarri zuten herrian probatzeko, gustatu, eta zuzenean Oiartzunera parte hartzera joatea izan zen». Pasakaren jokamoldea «dibertigarria da, jokatzeko modua asko gustatzen zait», esan du Otamendik.

Txapelketan emakumezko hiru talde aritu ziren eta finalera erraz pasa zirela du gogoan Otamendik. Gero finalean pixka bat kosta egin zitzaien txapela lortzea. «Aurretik joan ginen denbora guztian baina kosta egin zitzaigun irabaztea. Beste leku batean jokatu genuen, eta arraroago egin zitzaigun». Bai Otamendik eta bai Tolosak ere gustura jarraituko luke pasakan jokatzen, baina beste bikoterik ez dela azaltzen diote.

Bide horretatik, Artolak eta Amundarainek jendea animatu nahi dute jokamolde horretan aritzeko. «Ea herrian antolatzen dugun hiru t'erdiko txapelketaren ondoren, urte amaierari begira, pasakako txapelketa antolatzen dugun», diote. Beste zenbait herritan erakustaldiak eta hitzaldiak egin dituzte Txost elkartekoek, Alegian eta Ikaztegietan, esaterako, eta Amezketatik gonbitea egin diete inguruko herrietakoei pasakan jokatzera. «Saltsa pixka bat gehiago sortuko zuen horrek, eta bultzatzeko ere balioko luke», diote amezketarrek.

Bote luzean ere hasteko esaten diete Oiartzundik. «Salto handiagoa da, jokoa bera ere ikastea. Eta pentsatu dugu, behintzat Euskal Herrian bote luzean aritzen direnak Amezketara etortzea eta erakustaldia egitea». Aurtengo kultur astean egingo da erakustaldia, azaroaren 22an, igandea, 12:00etan, herriko plazan.

Leku berean ere jokatzen omen zen eta herriko zaharrenek ere gogoan dute botarria non jartzen zen. «Zantzu asko daude, eta geroztik ere herriko historia biltzen aritzen den Joxe Mari Oterminek, Oiartzundik emandako informazioarekin eta, ondorioztatu ahal izan du plazan bertan eta beste herriko lekuren batean, joko zuzenean aritzen zela», esan du Artolak. Aralarreko alturetan pilotaleku izenarekin leku asko daude, eta tartean Amezketatik gertuena Uakorriren ondoan dagoen Uniko pilotalekua da. «Ama Birjinaren harria deitzen zaion parean, Minatako Arritzaga bailaratik Igaratza bidean, amezketarrontzako nahiko paso ezaguna da eta hor ere beste pilotaleku baten izena badago. Herritik gertuago, Larrondoko pilotalekua dago, izen bereko dolmenaren ondoan, barruti moduko bat dena. Herriko askorentzat sorpresa izan da jabetzea hor bertan pilotaleku izena dugula», azaldu du Artolak. «Bedaio eta Altzoren artean, pilotaleku izena hartzen duen leku bat ere bada».

Pilota jokoari buruzko modalitate zaharrenak ezagutu, berreskuratu eta berrikasteko mugimendua abian da. Orain pilotariak falta dira, pilota mugitzen hasteko.

 

Joko zuzenak, banan-bana

Lau joko zuzen bizirik daude Euskal Herrian: bote luzea, pasaka, laxoa eta errebotea.

Bote luzea

Zaharrena da. Mendian jokatzen zena, pilota soroetan. Aralarren, esaterako, hainbat pilota soro badaude. Batez ere artzainek erabiltzen zuten, eta paretarik gabe jokatzen zen. Mendian aritzen ziren, eta negu partean herrira jaisterakoan, bertan ere aritzen ziren. Erromatarrek zabaldu zuten Europan, eta Euskal Herrian ere. Bote luzea ere jokatzen da beste herrialdeetan, modu ia berdinean. Tamalez, bote luzea ia galdu egin da hemen, baina Europako herri horietan bizirik mantentzen da, batez ere Belgikan eta Herbehereetan oso indarrean dago eta jokalari profesionalak ere badaude.

Laxoa

Bote luzean aritzea, baina tresna baten bitartez, eta mendian ez da jokatzen, herrian baizik. Plazak handiagoak dira, eta tresnaren bitartez pilota urrutiago botatzen da. Tresna horiek laxoak dira, eskularru modukoak. Herrian dauden paretak erabiltzen dira, elizarena edo etxe batena, ez sekula horren aurka jokatzeko, baizik pilota bueltatzeko. Laxoak egun bizirik dirau Baztan aldean.

Errebotea

Pilotan kautxua sartzen denean, hau askoz urrutiago bidali daiteke, eta orduan azaltzen da saskia joko zuzenean. Pilota urrutirago bidaltzen, plazak handitu egin behar dira, eta errebotea sortzen da. Besteak beste, egun Villabonan jokatzen da. Errebotea izan da joko zuzenetan azken erregea. XIX. mendean sortutakoa da, eta benetan indar izugarria izan zuen Gipuzkoan eta Iparraldean. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako ligak zeuden. Hau dena 1936ko gerraren aurretik izan zen. Herri batzuk talde famatua zuten, horien artean Ibarrak.

Pasaka

Beste hiru modalitateak plaza librean jokatzen dira. Baina badago laugarren modalitate bat, arkupean jokatzen dena, pasaka. Eguraldi txarra zegoenean eta kanpoan ezin zenean jokatu, kontsejupean aritzen ziren. Eskuz edo eskularruekin, baina sare bat jarrita bi aldeen artean, eta bi biren kontra edo hiru hiruren kontra, lekuaren arabera. Pasaka eskularruekin nahiko indartsu dago Iparraldean, Baztanen ere ibiltzen dira, baina eskuzkoa galdurik zegoen, ahaztuta bezala. Azkeneko herria eskuz pasakan aritu zena Arantza izango zen.

 

Villabona, erreboteari eutsiz

Tolosaldean joko zuzena gaur egun arte mantendu duen herri bat bada: Amasa-Villabona. Behar Zana elkarteak egin du eta egiten du lan hori. Imanol Arruti eta Karlos Sorondo Behar Zanako kideekin errepasatu dugu bere historia eta gaur egun duen egoera, eta zenbait urte eta garai nabarmendu dituzte.


1881 urtean jokatu zen lehenengo partida Villabonako Errebote plazan. Donostiaren kontra jokatu zuten, eta arratsaldean Ibarraren aurka. Aurretik plaza ez zen egokia errebotean jolasteko, ez baitzen behar bezain luzea. Herritarrek sinadurak bildu zituzten, udalari plazan zeuden bi etxe huts erosi eta botatzeko eskatuz. Egun dituen dimentsioak hartu zituen, 69 metro. Iparraldekoekin alderatuta txikiagoa da —hangoek 100 metro inguru dituzte—, baina nahikoa errebote partidak jokatzeko.

Errebotea dela eta, harreman berezia dute Hazparnerekin billabonatarrek. 1930. urtean pilota partida jokatu zuten Villabonan, eta harrezkero, gerrako urteak alde batera utzita, uztailaren 31n urtero etortzen dira Villabonara errebotean jokatzera.



1936ko gerraren aurretik errebotea leku askotan jokatzen zen. Tolosaldean, Tolosan, Ibarran eta Asteasun, esaterako, eta Gipuzkoan Beasain, Ordizia, Andoain, Usurbil, Orio, Donostia, Errenteria, Irun, Oiartzun eta Pasaian. Garai hartan ez zuten beti jokatzen herriak herrien kontra, herri ezberdinetako pilotariak elkartu eta taldeak ere osatzen ziren.

1936ko gerraren ondoren, Gipuzkoako herri ia guztietan galdu egin zen errebotea, eta Villabonan eta Zubietan bakarrik mantendu zen. Azken urteotan Oiartzunen ere taldea osatu da. «Ez dakigu zergatik zehazki, baina Villabonan eutsi egin zaio erreboteari. Beti izan da herramintarako joera handia herrian, eta joko garbian (paretaren aurka erreboteko saskiarekin) eta zesta puntan herritar asko ibili izan da», esan du Arrutik. «Villabonan 120 zesta puntalari profesional izan dira historian zehar», zehaztu du Sorondok. «Eskuz izan dira afizionatu onak, baina profesionalik ez da izan. Erremontean ere izan dira profesionalak».

Beste data garrantzitsu bat 1946 urtea izan zen, Behar Zana elkartea sortu baitzen. Gerra ondoren Villabonan herritarrak zatituta zeudela diote, eta erreboteak irauteko sortu zen elkartea, errebotezale guztiak elkartzeko asmoz. Hain justu, Errebote plazaren hormetako bat osatzen duen eraikinaren beheko solairuan egin zen elkartea.

Jokoaren aldetik garai onenak 1970. urte inguruan izan ziren. Egun Enrike Abril Txapelketa modura ezaguna dena —hasieran Torneo Internacional—, lau aldiz jarraian irabazi zuen Villabonak: 1968tik 1971ra. Aipatzekoa da 1976. urtean Behar Zanak bost talde izan zituela, eta partaide guztiak billabonatarrak zirela. Beraz, 25 pilotari baziren gutxienez errebotean aritzen zirenak.


Herriko plazak ez du beti Errebote izena izan. Orain urte batzuetako kontua da. Udalak ekimena abian jarri zuen plazari izena zehazteko, eta Behar Zana elkarteak Errebote izena jartzea proposatu zuen. Herritarrek bozkatu ondoren, izen hori jarri zitzaion.

80ko hamarkadatik aurrera errebotea beheraka joan da. Ez Villabonan bakarrik, beste lekuetan ere bai. Egun talde bakarra dute eta taldea osatzeko lanak izaten dituzte. Beldur puntu bat ere badute. «Ez dugu oinarri indartsurik, eta estrategia ezberdinak egiten ari gara errebotea sustatzeko», azaldu du Arrutik. «Ez da erraza, eta ez da izango, baina errebotea mantentzeko esperantza ez dugu galduko».

35 urtetik beherako jendea badago herrian saskiarekin jokatzen dakiena, baina baztertuta dute. «Bakoitzak bere egoerarengatik utzita du. Eta pentsatzen dugun gauzetako bat da horiei esatea jokatzera etortzeko», esan du Arrutik. «Erreboteari eustea da helburua. Behar Zanaren identitatea errebotea da, bere inguruan sortu zen elkartea. Nahiz eta zaila izan errebotea indartzea, ez dugu ahaztu behar errebotea dela Villabonan pilota munduan indar gehien izan duen modalitatea». Sorondok deialdia egin du inguruko herrietako pilotazaleei: «Interesa badute errebotean, Behar Zanara etorri daitezke eta probatu. Animatu daitezela». Eta Arrutik gaineratu du: «Ikustea oso polita da, baina jokatzea askoz politagoa da».



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!