Xabier Zabala: «Atleta guztien emozioak jasotzen ditugu»

Asier Imaz 2015ko aza. 5a, 10:25

Behobia-Donostia lasterketako 'Boluntario Star' saria eman zioten iaz Xabier Zabala Zeberiori. Duela bi urte, lasterketari ekarpen bat egin zion asmakizun berezi batekin.

Mendia maite du Xabier Zabala Zeberiok (Tolosa, 1965). Baina kirola egiteaz gain, boluntario lanetan ibiltzea ere tokatzen zaio. Behobia-Donostia lasterketan 10 urte baino gehiago daramatza lan horretan. Tolosan jaio eta Villabonan bizitu zen. Ondoren, bikote bizitza Hondarribian egiten hasi zen, 1997an.

'Boluntario Star' saria jaso zenuen iaz Behobia-Donostian?
(Barreak) Fortuna Elkarteak urtero boluntario bati sari hori ematen dio; aitorpen gisa. Benetan, ordea, horrek esan nahi du beste fase batera pasatzen zarela: gatibutzara. Tranpa bat da. Ohore guztiak ematen dizkizute, gero grina gehiagorekin lan egiteko. Ez, broma bat izan da.

Agian ez da broma?
(Barreak). Egia esan kirola asko gustatzen zait, eta hainbat ekintzetan parte hartzen dut. Fortunarekin mendi martxak eta abar egiten ditugu, eta azken 15 urteak batera eta bestera joanaz pasa ditugu. Behobia-Donostiaren ondoren ospakizun moduko bat izaten da, antolatzaile eta boluntarioekin. Urtero-urtero boluntario bati ematen diote saria, eta iaz, niri tokatu zitzaidan. Polita da.

30.000 parte hartzaile. 1.300 boluntario. Lasterketa berezia da.
Parte hartzea da duen gauzarik onena. Denek bere lasterketa bezala sentitzen dute. Kirolaren mugak gainditzen dituen lasterketa bat da, plano emozional batera jauzi egiten duena. Denak dira jabe, eta arrakasta hor dagoela esango nuke; sentimendu hori orokorra baita.

Eta sentimendu hori zabaltzen ibiltzen zarete boluntarioak.
Gure ikuspuntua ondorengoa da: aurrena, lana ahalik eta ondoen egitea. Eta ondoren, informazioa biltzea, hurrengo bileran, jaso ditugun iritziak eta ekarpenak mahai gainean jartzeko. Egiten dugun hori luxu bat da guretzat, atleta guztien emozioak jasotzen baititugu. Eta hori deskriba ezina da. Adrenalina topera dutela iristen dira parte hartzaileak, eta hori zuri transmititzen eta kontatzen dizute. Luxua bat da.

2002 inguruan hasi zinen boluntario lanetan Behobia-Donostian. Anekdotaren bat izango duzu.
Doping-aren aurkako probak egiteko lekuko giltzak galdu egin ziren behin. Udaletxera korrika joan beharrean izan ginen, lokal berri baten baimena eskatzeko. Eta hantxe egin genuen doping-aren aurkakoa. Irabazleen motxilekin ere gorabehera batzuk izan ditugu... baina beti agertzen dira azkenean.

Momentu txarren bat?
Ez. Umore onez hartzen dugu etortzen dena. Batzuetan prentsarekin zorrotzago jarri behar izan dugu, baina elkar ulertuz. Helmugan, irabazlearekin elkarrizketa segidan egin nahi izaten dute, baina horretarako gune egokitua daukagu. Hurbilegi jartzen dira batzuetan, baina hor gelditzen badira, pilaketak sortzeko arriskua izaten da. Normalean kasu egiten digute.

Eta duela bi urte, arazo hori konpontzeko asmakizun batekin azaldu zinen.
(Barreak) Fortunan rokodromoa daukagu, eta soka zaharrak aldatu egiten dira. Soka horiei berrerabilpena ematen hasi ginen lasterketan. Xabi Perez speakerra egoten den lekutik helmugara soka horietako bat jarri nuen. Inork ez zuen pasa.

Iganderako prest al daukazu soka?
Aste honetan presa sartzen zaigu, eta igandean zer eman, paper batean apuntatzen aritu nintzen joan den gauean. Zerrendan lehena soka zen.

Behobian bakarrik ez, beste hainbat probetan ere boluntario bezala egoten zara.
Donostia Hondarribia Mendi Trailean ere egoten gara. Orduan familia osoa izaten gara, seme-alabek ere ikas dezaten atzeko lan hau zer den.

Danenako kamiseta jantzi, eta ez al zara lasterketara animatzen?
(Barreak) Krosean hasi nintzen, eta Donostiako Maratoian parte hartu nuen garai hartan. Eta lesionatu egin nintzen. Gazteegia nintzen froga hori egiteko; esperientzia falta. Garin anaiekin eta beste hainbatekin ibiltzen ginen Danenan entrenatzen. Nik beti azkena bukatzen nuen, baina nire neurrian gustura ibiltzen behintzat ikasi nuen.

Amaitzeko. Nola da posible zeberiotar bat izan, eta musikarekin loturarik ez izatea?
Ardi beltzen batek beti egon beharra dauka. Bere garaian, Ruiz Bona Tolosako Bandako zuzendariak horrela esan zigun anaia eta biori: «Esan zuen amari dirua gastatzen ez jarraitzeko. Belarria edukatu egiten da, baina zuek araua puskatzen duzuen salbuespena zarete». Ez gara musikan heziak izan, baina horrek ez du esan nahi musika gustatzen ez zaigunik, eta lehengusuak jarraitzen ez ditugunik: Xabi, Juantxo, Migel...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!