Bizilagunei ateak zabaltzen

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 3a, 12:41

Sos Arrazakeria elkarteak laugarren urtez antolatu du Bizilagunak proiektua; bertako familiak eta atzerritik etorritakoak azaroaren 22an ospatuko den bazkari batean elkartzea du helburu

Ezagutzen al ditugu gure bizilagunen kultura, ohiturak, hizkuntza? Hain zuzen ere, azaroaren 22an ospatuko den Bizilagunak ekimenak galdera horiei erantzuna emateko gai izatea du helburu. Horretarako, mahai baten bueltan bilduko dira egun horretan bertako familiak edo norbanakoak eta atzerritik etorritako familiak elkarrekin bazkaltzeko. Bazkari horietan parte hartuko dute bertako familia batek, familia etorkin batek eta dinamizatzaile lanak egingo dituen pertsona batek.

Gaur aurkeztu dute ekimena Tolosan, nahiz eta eskualde guztira zabalduta dagoen ekimena den. Laugarren urtez antolatu du ekimena SOS Arrazakeriak elkarteak. Tarana Karim elkarteko kidea da, eta berak azaldu bezala ekimenaren helburua gure bizilagunen "interesak eta zalantzak" elkarbanatzea du helburu, guztia mahai baten inguruan. "Elkar ezagutzea" da asmoa, gertukoa den espazio batean.

Eskualdeko herritar guztiak dinamika honetan parte hartzera animatu nahi izan dituzte, izan bertakoak edo atzerritik etorritakoak, izan familiak edo norbanakoak; denak. Horretarako, Sos Arrazakeriak elkartera deitu (943 32 18 11) edo idatzi (sosracismobizilagunak@gmail.com) behar da. Web orrian ere badago inskripzioak egiteko aukera.

Iaz Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 230 bazkari antolatu zituen elkarteak, eta 400 familia inguruk parte hartu zuten. Urtero hazten doan ekimena da honakoa. Tolosaldean, eskualdeko sei herritan izan ziren bazkariak iaz, bost herrialdetako familien artean. Aurten jada hogei familiek eman dute izena jada, baina helburua gutxienez iazko kopurura iristea da; iaz 30 familiek parte hartu zuten bertan. Gainera, aurten oraingoz bertakoak diren familiek eman dute izena, hortaz, bereziki deia egin diete atzerritik etorritako familiei. Eta horietatik erdiak dira gutxi gora behera errepikatzen dutenak, eta erdiak berriak. Bazkariak eskualdeko herri handi nahiz txikiagoetan izango dira: Tolosa, Berastegi, Anoeta, Asteasu, Villabona...

Karimek azaldu bezala "pil-pilean" dago errefuxiatuen gaia, eta horregatik Euskal Herrian egiten diren bazkariak bereziak izango dira. Bere esanetan, ekimen honen bidez erakutsiko da "Euskal Herria ez dela mugak dituen herria, baizik eta jendea hartzen duen herria dela".

Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikariak gehitu du, dinamizatzailea proiektu honetan garrantzia berezia duen figura dela, "familien arteko lotura" egiten duelako, eta datorren astean formazio saio bat egingo da Tolosan, dinamizatzaile izan nahi duten guztiekin. Hortaz, ekimenean bakarka parte hartu nahi dutenentzat aukera bikaina izan daiteke.

Gainera, Moralesek aipatu duten ekimenean parte hartzen duten pertsonentzat honakoa "oso ekimen polita" eta "aberasgarria" dela. Halaber, parte hartzaileen artean "harremanak" sortzen dira, eta bazkariaren ondoren ere bazkariak antolatzen jarraitzen dute, sareak osatzen dituzte edo elkarri mesedeak egiten dizkiete.

Gauzak honela, "elkarbizitza" sortzeko eta "gizarte kohesioa" hobetzeko oso baliagarria da ekimena.

Amaiera ekitaldia

Abenduaren 5ean, 17:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian ekimenari amaiera emateko asmoz, proiektuan parte hartu duten bizilagun guztiak elkartuko dira.

Proiektuan parte hartu ez arren, antzokira joateko gonbitea luzatu die Moralesek interesa izan dezaketen herritar guztiei.

Esperientziak lehen pertsonan

Gaur aurreko urteetan ekimenean parte hartu duten bizilagunen esperientziak ezagutzeko aukera ere izan da. Gemma, Cristian eta Daia izan dira mahaiaren bueltan, eta hirurek probatutako esperientzia errepikatu dutela adierazi dute, beraz, esperientzia positiboa izan dela argi dute.

Gemmak adierazi duenez "urtero" parte hartu izan du ekimenean eta "oso pozik" dago bertan bizitakoarekin. Kulturak ezberdinak elkarbanatzea "oso interesgarria" iruditzen zaio.

Cristianek eta bere familiak proiektua sortu zenetik parte hartu du bertan, eta saharar familia batekin "harreman oso ona" sortu dela dio, ekimenaren bitartez.

Daia nepaldarra da, eta hemen hiru urte daramatza. Iaz parte hartu zuen lehen aldiz ekimenean, eta hasieran "beldurra" zuela azaldu du, izan ere, euskaldunak "itxi samarrak" garenaren aurreiritzia zuen, baina esperientzia "oso atsegina" izan zela dio. "Ezustekoa" hartu zuela, sortu zen harremanarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!