Tolosaldeko EH Bilduk bat egin du larunbateko manifestazioarekin

Tolosaldeko Ataria 2015ko aza. 3a, 09:22

Koalizio abertzalearen ustez, "osasun sistema publiko, kalitatezko eta euskaldun bat izateko oztoporik handiena, Asuncion Klinika eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena da". Mobilizatzeko deia egin diete herritarrei

Eskualdeko EH Bilduko kideek agerraldia egin zuten atzo. Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresak eta Eusko Jaurlaritzak daukaten akordioaren inguruko balorazioa egin zuten: "lau urte dira hitzarmena sinatu zela eta balorazio oso negatiboa egin beharra daukagu. Iruditzen zaigu geroz eta txarragoa dela daukagun osasun artapena", esan zuen Eneko Maiozek EH Bilduko kideen ordezkari gisa.

Beste eskualdeen pareko osasun arreta eskatu zuten koalizio abertzaleko kideek: "Argi dugu zein den gure eredua, osasun sistema publiko, kalitatezko eta euskaldun bat. Gaur egun, horretarako oztoporik handiena Asuncion Klinika eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena da". Tolosaldeko herritarrek zer nolako osasun sistema nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela uste du EH Bilduk eta "ondorioz aldebakartasuneko erabakirik ez dugu onartuko", aipatu zuen Maiozek.

Tolosaldeko EH Bilduko ordezkarien ustez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da mobilizazioetara jotzea. Larunbat honetarako TOPAk eguerdiko 12:00etarako antolatu duen manifestazioan egongo dira EH Bilduko kideak. "Orain da momentua, merezi eta behar dugun osasun arreta baten alde egiteko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!