Izango dira gehiago, eta hobeak

Ataria 2015eko azaroaren 2a

Jokin Altuna eta Iñaki Artola lau t'erdiko txapelketatik at geratu dira. Alegiarrak 22-12 galdu du Aimar Olaizolaren aurka, eta honenbestez, goizuetarra da Bengoetxearekin batera aurrera egin duena.

Akabo Jokin Altuna eta Iñaki Artolaren oinazealdiak lau'terdiko txapelketan. Igandean galdu eta gero, Artolaren sorpresaren zain zen amezketarra, esperantzaz. Altunak aurrera egiteko, ordea, irabazi beharra zuen Alegiako pilotariak, baina Olaizolak ez du barkatu.

Olaizolak hasieratik aurre hartu arren, Artolak ez du etsi eta 3-0eko partziala berdintzea lortu du. Segidan goizuetarrak beste tanto bolada bat egin eta 10-5ekoa ipini du. Berriro ere gerturatzea lortu du Artolak, 11-8ra, baina une horretan puskatu du neurketa, 20-8. Alegiako gazteak beste lau tanto egiteko aukera izan du, 20-12.

Azken bi neurketen baino hobeto jokatu arren, ordea, ez da nahikoa izan, eta 22-12 galdu du Artolak. «Aurreko bi partidetan baino hobeto aritu naiz, baina ez da nahikoa izan», azaldu du Artolak, «Aimar oso ona da, onena distantzia honetan, eta tantoa egiteko lan asko egin behar da».

Fisikoki ere Olaizola fin aritu da, eta alde horretatik ere minik ezin izan dio egin Artolak. «Fisikoak ez du partidan esanahi handirik izan. Aimarrek ez du sekulako partida egin, aseguratzera joan da, eta nik oraindik maila honetan pilota asko galtzen ditut», esan du alegiarrak.

Honenbestez, Bengoetxea eta Olaizola berak egin dute aurrera, beste multzoko Martinez de Irujo eta Urrutikoetxearekin batera. Altunak eta Artolak lehen mailan jokatu duten lehen aldia izan da, baina izango dira gehiago eta hobeak, seguru.

Erik Jakak, berriz, promozio mailako finala jokatuko du Gorkaren aurka, Agirreren lesioa medio.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!